Josu Peña: «AuzoEkin proiektua zertan den azaldu nahi diegu herritarrei, eta zahartzaroan bakardadeari aurre egiteko erronkaz hausnartzera gonbidatu»

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 19a

Hondarribiko Udalak urte hasieran abian jarritako AuzoEkin programaren baitan, norbanakoekin lehen esku-hartzeak eta Mendelu, Amute eta Arkolla auzoetan Kafe Tertuliak dinamizatzen hasi dira. Proiektua zertan den herritarrei aurkezteaz gain, Javier Yanguas gerontologoarekin “Zahartze berri baterantz, bakardadeari aurre egiteko erronkak” ekitaldia antolatu dute Itsas Etxean, azaroak 20an, 18:30ean.

Udaleko Gizarte Kohesiorako arloak AuzoEkin proiektu komunitarioa abian jartzeko sukaldeko lan handia egin du azken urtebetean. HARIAK (2022-2027) estrategiaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri Fundazioaren dirulaguntza eskuratu ondoren, hiru urteko proiektuari ekin zioten urtarrilean desiratu gabeko bakardadearen arazoari erantzuteko asmoz. Horretarako, «zaintza eredua eraldatu beharra» dagoela dio Josu Peñak, Gizarte Kohesiorako hautetsiak.

Alde horretatik, auzoz auzoko beharrei erantzun, eta herriko gune bakoitzak dituen indarguneak aprobetxatu ditu udalak lehen dinamikak martxan jartzeko, Mendelun, Arkollan eta Amuten. «Auzo elkarte dinamikoak eta auzo biziak dira, eta adineko pertsonen gizarteratzeko eta aktibatzeko leku aproposak zirela pentsatu genuen», azaldu digu Peñak. Kafe Tertuliak antolatzen hasi dira auzo hauetan dinamizatzaile batek lagunduta. Eta aurki Kasino Zaharrean Bingo saioak ere antolatu nahi dituzte, besteak beste. Hala ere, proiektuaren muina, boluntarioen Auzozain Sarea izango da. «Gizarte zerbitzuen begiak izango diren herritarrak eta profesionalak behar ditugu, okina, medikua edo aldameneko bizilaguna izan daiteke, bakarrik bizi den adineko pertsona horren egoeraz erne egongo dena, ikuspegi prebentibo batetik pertsonen beharrak erdigunean jarri, eta auzokideen artean antolatutako zaintza sarea ehunduko duten boluntarioak», dio hautetsiak. 

Aldi berean, behar handiena eta proiektua garatzen hasteko aukera gehien zeukaten auzoak zirelako hasi dira hor. Izan ere, lehen urratsa udalerriko egoeraren diagnostikoa egitea izan zen. Eta bertan Hondarribiak Gipuzkoako zahartze-tasa gainditzen duela ondorioztatzeaz gain, %27 inguru, zenbait auzotan adinekoen kopurua bereziki handia zela ohartu ziren. 

Zehazki, bakarrik bizi diren 60 urtetik gorako 1.073 lagun daude Hondarribian. Denen artean, Jaitzubia da 60 urtetik gorako biztanle-tasarik handiena duen Hondarribiko auzoa, bizilagunen %32,5arekin. Puntalea (%32), Gornutz (%31,3), Akartegi (%30,5), Portua (%30,3) eta Arkolla (%27,5) auzoak ere, herriaren batez bestekoaren gainetik aurkitzen dira. Eta auzo gazteenak Zimizarga (%12,9) eta Amute-Kosta (%18,3) diren bitartean, Mendelu (%25) eta Alde Zaharra (%20,8) dira besteak.

Zahartzaro mota berrien erronkaz hausnartzeko ekitaldia

Herritarrek osatutako komunitatea eta administrazioaren arteko elkarlana sustatzeko helburua du proiektuak. Eta bakardade egoerei aurre egiteko denek norabide berean lan egiteko asmoa. Hala ere, oraindik proiektua herriak bere egitea falta da, eta boluntarioen sarea osatzen jarraitzeko xedez, jardunaldi berezia antolatu dute azaroaren 20an Itsas Etxean. 

Udal ordezkariak argitu duenez, AuzoEkin proiektua zertan den herritarrei aurkeztu nahi diete, baina zahartze aktiboaren beharra eta bilatu gabeko bakardadeari aurre egiteko erronkaz hausnartu nahi dute. Horretarako, Javier Yanguas aditua gonbidatu dute. Gerontologoa da eta “El reto de la longevidad”  liburua aurkezteaz gain, gizartean ezkutuan geratzen den adineko pertsonen bakardadearen errealitatearen gakoak aztertuko ditu. Yanguas La Caixa Fundazioaren Adinekoen Programaren zuzendari zientifikoa da, eta Espainian zahartzearen eta bakardadearen ikerketan erreferentea. Hortaz gain, Felix Arrieta adituak parte hartuko du dinamizatzaile lanetan. 

Ekitaldiak sarrera librea du, baina aldez aurretik gonbidapena eskuratzea gomendatu du Hondarribiko Udalak. Arma Plazan edo online www.hondarribia.eus webgunean eskura daitezke.