Naiara Goikoetxea artista hondarribiarra Madalengain baserrikoa da sortzez, eta bere senideek egun Maddalen Arte Garaikidearen espazioan bertan ikatz-salmenta egin zuten urte luzetan. Hau dela eta, aurtengo azaroan eta abenduan bere '470 nm' proiektua bertan garatzeko egonaldi artistikoa, aukera paregabea ez ezik, barrenak hunkitzen dizkion «zirkulu berezia» ixten duela sentitzen du.
Udalak aurten lehenbiziko aldiz proposatutako
Hondarribia Sormen Hiria beka eskuratu zuen proiektu artistiko hau garatzeko
. '470 nanometro' da, itsas argiaren tonu urdin bereizgarriaren uhin-elektromagnetikoaren luzeera. Gure begiek argiaren arabera urdin kroma ezberdinetan deszifratu eta urdin ikusten dituztenak. Eta ideia horren olatuari itxekita, itsasoak eragiten dituen sentimenduak iradoki nahi dituela dio bere obra berriarekin. «Hondarribiak eta nik partikularki itsasoarekin dudan harremana oso berezia da», azaldu digu «argiaren arabera, egunaren arabera bizirik dago, gu bezala batzuetan bareago, beste batzuetan nahasia eta azkarra, aldatzen doa». Eta bere obraren ardatz nagusi diren formatu handiko hiru obra sortzen ari da egunotan, bere laborategi bilakatu duen Maddalen espazioan.
Hala ere, bere proiektuak kolore baten bueltan baino, «esperientzia sentsorial» bat irudikatzeko helburua du. Eta horretarako, margolanez gain, bideoak eta beste zenbait euskarri ere erabiltzen dituela argitu du artistak. Abenduaren 12an (19:00etan) aurkeztuko du egindako lanaren emaitza. Eta abenduaren amaiera bitartean, erakusketa zabalik egongo da (abenduaren 12-13 eta 19-20ko asteburuetan goizez eta arratsaldez), eta bera han egongo da behar azalpenak emateko.
Izan ere, bere proiektuaren piezek puzzle oso bat osatzen duten heinean, «apaingarri edo obra polit eta isolatu bat baino, kontakizun oso bat egiteko helburua du». Eta kontakizun horretan, itsasoarekin bere harremana ez ezik, kolorea, materia eta emozio intimoa eta kolektiboa uztartzen direla azpimarratzen du, berak marrazten dituen eszena ezberdinek oroitarazten diguten bezala «denok dugulako itsasoarekin gure harremana eta eskarmentua».
Egonaldi artistikoa ere, esperientzia polita suertatzen ari zaio. Ate zabalik egiten ari da egunero 9:00etatik 13:00etara. Eta tailerrean tamaina handiko koadro batean lanean dabilela hartu gaitu bisitan. «Normalean nire etxean, nire txokoan eta bakardadean egiten dut lan, baina gune honetan sorkuntza fasean aritzea oso aberasgarria izaten ari da, jendea sartzen da galdetzera eta lanean ikusten zaitu, berezia da», aitortu digu. Eta aldi berean, etxean normalean landu ezin dituen tamaina handiko mihiseak marrazteko aukera ere eman dio.
Maddalen Arte Garaikideko espazioaren ateak martxoan zabaldu zituen Hondarribiko Udalak. Eta Naiara Goikoetxea bertan lan egiteko aukera duen herriko bigarren sortzailea da,
Sandra Cuestak urrian proposatu zuen 'Liquid Gogo' instalazio artistikoaren lekukoa hartzen du Goikoetxeak. Eta guneak dituen konnotazio pertsonalek egonaldia berezia bilakatzen badute, Hondarribiak eta bere sortzaileek behar zuten arnasgunea dela nabarmentzen du. «Denok dakigu Hondarribian tailer batentzat lokala zein garestia den, eta udalak horrelako espazio bat eskaintzea abagune ederra da», dio artistak, udalak abian jarri duen kultura eta sormena suspertzeko dinamika eskertuz. «Artista ezberdinen artean harremanak sortu dira, elkar ezagutzen ez genuen sortzaileen artean hitz egiten hasi gara, eta gauzak gertatzen hasi dira, sinergiak sortu dira», azpimarratzen du.