Abotsanitz eta EH Bilduk osatutako gobernu koalizioak Agintaldi Planaren betetze mailaren balorazioa egin zuen atzo, eta 2023an gobernuan sartu zirenean hitzemandako proiektuen %82a «betea edo bideratua» duela nabarmendu zuen atzo Igor Enparan alkateak. Haatik, EAJren arabera, neurri guztien %44 besterik ezin daitezke benetan gauzatutzat eman. Izan ere, martxan diren gainerakoak egoera oso desberdinetan daudela argitu dute jeltzaleek, «azterketa fasean, izapidetzen, prozesuan edo besterik gabe iragarrita». Jeltzaleen ustez, udal gobernu taldeak «modu interesatuan» batu ditu guztiak, eta Hondarribian «egiturazko arazoak konpondu gabe jarraitzen duten bitartean, udal gobernua errealitatea makillatzen ari da».
Izan ere, Agintaldi Planaren «betetze mailaren portzentajea puztu» egin dutela diote jeltzaleek, «hitzaldi informatiboak, kanpainak, diagnostikoak edo emaitza zehatzik gabeko parte-hartze prozesuak, egiturazko politika nagusiekin parekatuz». Diotenez, herritarrentzako eragin mugatua duten ekintza puntualak zerrendatu ditu gobernuak, beteak edo bideratuak dauden zerrendatutako 129 proiektu eta egitasmoen horien artean.
Zentzu honetan, Igor Enparan alkateak atzoko prentsaurrekoan oraindik hasi gabe dituzten 28 proiektuak zerrendatzerakoan, kiroldegian inbertsioak egiteko beharra aitortu bazuen ere, EAJk «bereziki kezkagarritzat» jotzen du udal kiroldegiak behar baino zerbitzu gutxiago eskaintzen jarraitzen duela. Iaz spa eta sauna eremuan izandako sutearen ondorioz instalazio hauek itxiak daude, eta «irtenbide argirik edo hurbilekorik ez» dute jeltzaleek ikusten. Adibide hau jarri du EAJk hondarribiarren errealitatearekin bat ez datorren gobernu taldearen «diskurtso triunfalista» salatzeko.
Alkateak, aldiz, aseguru-etxeekin prozedura luzea izan dela argitu zuen atzo, eta egin beharreko zerrendan dagoen heinean, 2026an zehar proiektua aurrera eramateko asmoa iragarri zuen, hilerria berritzeko lanak, Higer itsasargia eskuratu eta berritzeko proiektua, San Nikolas atea eta baluartearen berreskuratzea, edota Mendeluko uholde arriskuak arintzeko eta babesteko mendixka bat egiteko proiektuekin batera, besteak beste. Denak, agintaldi bukaerako erronkak.
Gobernuak jasotako herentzia
Hondarribiko EAJk agintaldi honetan hainbatetan leporatu dio udal gobernuari «aurreko legealdiko proiektuen apropiazioa eta memoria selektiboa» egiten duela. Duela urtebete, hain justu, Gonzalo Carrion bozeramaileak hori salatu zuen Antxeta Irratian egindako elkarrizketan batean. Alde horretatik, jeltzaleek aurreko gobernuan egindako plangintza, azterketa tekniko eta lana oinarri duten proiektuak gobernu taldeak bereak egin dituelakoan daude, «atzerapenak eta zailtasunak justifikatzeko jasotako herentzia aipatzen duen bitartean».
Gauzak horrela, herritarrek «balantze serioak» merezi dituztela argitu du EAJk, «portzentajea puzturik eta autokonplazentziarik gabe». Bestalde, Igor Enparan alkateak parte-hartzea udal gobernuaren zutabeetako bat dela aditzera eman duen bitartean, jeltzaleak ez datoz bat «kontakizun» honekin. «Bilera asko egiten dira, iritziak jasotzen dira, baina elkarrizketa gutxi» dagoela leporatzen diote udal gobernuari. Oposizioko talde nagusiak salatu duenez, «proiektuak berandu jasotzen dituzte, ia erabat itxita, eta oposizioari ez zaio diseinuan parte hartzen uzten». Era berean, elkarteekin bilerak egitea ez da elkarrizketa sustatzea EAJren arabera, haien ustez erabakiak aldez aurretik hartuak dituztelako.