Udal gobernuaren Agintaldi Plana betetzeko falta zaizkien 28 proiektuei «gogo biziz» helduko dietela aditzera eman du gaur Igor Enparan alkateak. Eta orain artean egindako lanari esker, «betetze maila altua» nabarmendu du, «udalaren sail guztietan lan asko» egiten ari direla azpimarratuz. Agintaldiko helburuak beteko dituztelakoan dago nolanahi ere, «badakigulako nola egin, eta gai den udal langile talde sendo bat daukagulako» argitu du.
Horretarako, hain zuzen ere, agintaldi hasieratik abiatutako udal langileen egonkortze prozesua giltzarritzat jotzen du alkateak. Izan ere, gobernura sartu eta udal langileen interinitate-tasa %70ekoa zela ohartuta, «aurreneko erronka etxea barrutik sendotzea izan zen». Langile taldean hutsuneak identifikatu zituzten, eta «etengabeko jarraipena izango duen lanketa sakona lehen egunetik egin ondoren, herritarrei zerbitzuak eskaintzeko, udalak egitura arinagoa eta eraginkorragoa izateko aukera du orain». Alde horretatik, abian zegoen lanpostuen egonkortze prozesua bururaino eraman dute 40 lanpostu sendotuz, eta 2025ean beste 21 lanpostu deialdi publiko bidez osatzeko prozesua abian jarri dute Ficoban egindako udal-administrari postuetarako azterketa deialdiaren bitartez, adibidez. Alkateak iragarri duenez, 2026an beste bospasei prozesu abian jarriko dituzte, udalaren funtzionamenduari sendotasuna ekarriko diona.
Bestalde, agintaldi honetan konstante bat izan da udal ordenantza berriak proposatu eta garatzeko lanketa. Hala egin du orain artean, HAPOAren lanketan, urtarrileko udalbatzan onartzera eramango den Terrazen Udal Ordenantzan, talde turistikoak mugatzekoa, Jaizkibelgo mendi bideetako erabilera arautzeko edota orain abian jarri duten herriko aparkalekuak arautzeko prozesuarekin. Horietan guztietan, udal gobernuaren zutabeetako bat izan da Enparanen hitzetan, gobernantza parte-hartzailea: «Entzun, kontrastatu eta erabakiak hartuz jokatu dugu, herri eragileekin, herritarrekin, sektore pribatuekin eta alderdi politikoekin ere, batzuetan adostasun maila handiarekin, eta beste batzuetan gutxiagorekin», aitortu du alkateak. Hala ere, hasierako proposamenak eta azken emaitzak alderatuz gero, «denen ekarpena jasotzen duen araudia» ekarri duelakoan dago Enparan.
Era berean, udal gobernuak bidezkoak diren zerga eta tasak jasotzeko helburua ere bazuela, eta ordenantza fiskaletan hartutako neurriekin progresibitateari heldu ahal izan diotela nabarmendu du.
Arloz-arlo helburuak betetzen
Irizpide eta bide-orri argi batekin lanean ari direla aditzera eman dute udal gobernuko kideek. Zentzu horretan, HAPOaren (Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra) lanketak prozesu luze bat eskatu duela aitortu du Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkariak, baina 2026an definitiboki onartua izatea espero dute. Orain beste administrazioen esku dagoen bitartean, «lehenbailehen onartu eta etxebizitzaren arazoari neurri hartu» ahal izatea espero dute gobernukideek. Dena den, Etxebizitza Gune Tenkatua izendatzeko prozesua eta horri lotutako ekintza plana garatu dutela, eta hitzarmenen bitartez Hondarribiko Udalak alokairu sozialerako etxebizitzak eskuratu dituela gogoratu du Urtizbereak, Montañenea eta Kubo Madalena eremuetan hainbat aldaketa sustatuz. Era berean, etxebizitza hutsen errolda ere osatu dute.
Hirigintza arloan, bestalde, Mendeluko Open Gela irekia edukitzea aurrerapauso bat dela pentsatzen du zinegotziak, eta San Markos parkearen atontzea, edota auzoetan, 2026an egingo diren Pasaia kaleko berritzeko lanen proiektua eta Arrantzale auzoan egindako lanak nabarmendu ditu.
Mugikortasun arloan, 2026 hasiera honetan martxan jarriko dute hiribusaren prozedura guztia aurrera eraman dutela gogoratu du ere Estitxu Urtizbereak. Eta aparkaleku arazoa arintze aldera, 2026an estrategikoa izango den aparkalekuen arautzeko prozesua abian jartzeaz gain, Zezen plazako lur azpiko aparkalekuaren proiektuan aurrera egin dutela argitu du. «Zundaketak egin dira eta bideragarria dela baieztatu egin dugu, baina beste eremu batzuetan ere aparkalekuak egiteko aukera aztertzen ari gara», argitu du.
Gizarte Zerbitzuetan ere proiektu estrategikoak abian jarri dituzte agintaldi honetan. «Nagusien zaintza duina lortzeko politikak» egiten dituztela gogoratu du Igor Enparan alkateak. Eta alde horretatik, agintaldi hasieran 2020ko pandemiaz geroztik itxita zegoen Kasino Zaharreko taberna berriz irekitzea lortzeaz gain, AuzoSare zaintza komunitarioaren proiektua martxan jarri dute 2025ean. Era berean, Bidez Bide zerbitzuaren ordutegia hitzeman bezala indartu egin dutela azaldu dute, herritik urrunen bizi diren eremuetako eta baserrietako adineko pertsonak edota mugikortasun arazoak dituztenentzako a demandako eskaera asetuz.
Bestalde, Dolu Laguntza Zerbitzua sortu dute. Udalaren eskumena ez bada ere, Kasino Zaharrean psikologo baten laguntza jarri dute herritarren eskura, eta «arrakasta handia» izan duela azpimarratu du alkateak. Izan ere, martxan jarri eta lehen hiruhilekoko hitzordu guztiak bete egin zituzten.
Era berean, Berdintasun Saila sortzeko erronka onartu zuen udal gobernuak. Eta arloko teknikari baten kontratazioa egin ondoren, arlo honetatik eratorritako lanketak egonkortzearekin batera, II. Berdintasun Plana garatzeko prozesua aurreratua dagoela aditzera eman du. Berez, 2026ko lehen hilabeteotan eramango baitute udalbatzan onartzera. Alardeari buruz, aldiz, afera ez da konpondu, baina «herria adixkidetzeko lanean» 2027an agintaldia amaitu arte jarraituko dutela hitz eman du Igor Enparanek. Hala ere, ildo horretan elkarrizketan oinarritutako akordio bat lortzeko 4 espazio sortzea lortu dutela dio, eta zabalik mantentzen dituztela.
Kultur arloan ere, udal gobernuak Agintaldi Planean markatutako erronka zenbaitzuk bete dituztela nabarmendu du alkateak. Izan ere, Polborina maiatzaz geroztik martxan dago, eta herritar talde batek eratutako Papillon Zine Klubak kudeatzen ditu bertako proiekzioak. Eta modu berean, Maddalen Arte Guneak martxa hartua duela gogoratu du Enparanek, eta bertan lanean aritu diren lehen artisten laborategi-tailerra izan da dagoeneko, udalak sortu duen Hondarribia Sormen Hiria bekari esker. «Herriko artisten arteko harremanak sustatu eta haien garapenerako espazioak sortzeko helburua genuen, eta espero dugu jarraipena izango duela», esan du alkateak.
Hortaz gain, kultur agenda auzoetara heltzeko helburuarekin, Muliaten, Puntalean eta Mendelun hainbat kultur ekintza antolatu dituzte. Eta aurrera begira, kultur eskaintza Amute auzora ere eramateko asmoa adierazi du.
Kirol arloko zenbait hobekuntza ere zerrendatu ditu. Jostaldi frontoian berritze eta hobekuntza lana egin dira. Eta Amuteko kirolgunean argiteria, belar-artifiziala eta saskibaloi eremua berritzeaz gain, txirrindak garbitzeko makina bat ere instalatu dute. Gazteria arloan, aldiz, bereziki Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuaren kontratazio berria nabarmendu du alkateak lorpen gisa, «15 urte berritu gabe egon ondoren».
Garoa Lekuona (EH Bildu) Euskara Saileko hautetsiak ere bere bilana egin du. Izan ere, «Hondarribia euskalduna» nahi dutela aldarrikatu dute gobernukideek. Agintaldi hasieran Euskara Mahaia eratu eta 2023-2027 urtaldirako Plan Estrategiko berria onartu zutela gogoratu du Lekuonak. Hala ere, «planak ez dira tiradera batean geratzeko», eta azken urtebetean ostalariak, merkatariak, eskolak... herritarren aktibazio lana egin du Euskara Zerbitzuak, Euskaraldiaren baitan, eta egunerokoan jarraipena duten politiketan. Izan ere, Plan Estrategikotik eratorritako Ekintza Planak 44 neurri aurreikusten ditu, eta horietatik 17 espresuki erabilera sustatzera bideratuak dauden heinean, lanean jarraitu beharko dute herrian euskarak bizi duen egoera kaxkarra zuzendu nahi badute.
Era berean, Euskal Liburu eta Disko Azoka berrasmatu eta biziberritu egin dutela nabarmendu du Euskara hautetsiak, eta joan den abenduan Itsas Etxean ospatutako Euskal Azokaren formatu berria arrakastatsua izan dela dio.
Agintaldiaren azken txanpa
Baina agintaldia ez da hemen amaitzen, 2027ko udaberrian baizik. Igor Enparan alkateak argitu duenez, «157 ekintzetatik 119 dira eginak edo egite bidean ditugunak, baina agintaldia ez hemen amaitzen, eta datorren urte eta erdian oraindik asko dugu egiteko, eta gogo biziz gaude». Erronken artean, lehentasuna argia dela aditzera eman du. HAPOa onartu ondoren, xehatutako eremuetan etxebizitzak lehenbailehen egiten hasteko lanketak eginak edukitzea.
Hala ere, Agintaldi Planak aurreikusten dituen horietatik egin gabe dauden 28 proiektuen zerrendatik, hainbat garrantzitsu zerrendatu ditu Igor Enparanek 2026an eta 2027an burutu beharrekoak. Batetik, Hondartza Kiroldegian inbertsioak egitea. «Iaz emandako sutea eta gero aseguru-etxeekin prozedurek luze jo dute, baina proiektua badugu sauna eta spa eremua egokitzeko», aditzera eman du. Bestetik, «aspaldi inbertsiorik gabe egon ondoren zaharkitua dagoen hilerria» dute begiz jota. Irisgarritasun aldetik eta hainbat egitura berritzeko proiektua egina dagoela argitu du, eta 2026 honetan hasiko dituzte lanak.
Hiriko ondare historikoaren berreskurapenean ere, hainbat proiektu egiteko asmo du udal gobernuak. Alkateak kontatu duenaren arabera, San Nikolas atea eta Erdi Aroko harresiaren berreskuratze lanak aurten hasiko lirateke. Eta San Nikolas Baluarteko baratzak erosi eta gero, harresiaren naturalizazioa egiteko proiektu bat garatu nahi dute. Bestalde, Higerreko itsasargiaren eskumena negoziatu dute Portu Agintaritzarekin. Eta Enparanek dio 2026an udalari urte luzeetarako lagapena egingo zaiola, eta eraikina eraberritzeaz gain, bertan proiektu bat garatzeko herritarrekin prozesu bat abian jarri nahi dutela.
Aurreikusitako proiektuez gain, agintaldi bukaeran «asumitu eta aurre egin beharreko proposamen interesgarri gehiago» iritsiko zaizkiela onartu du alkateak. Eta beharrei erantzuteko prest daudela dio. Hala suertatzen da, adibidez, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko premiarekin. Herriak duen uholdegarritasun arriskuaren aurrean, Mendelun mendixka bat egiteko baimenak eskuratzeko itxaroten ari dira.