EAJk ez du terrazen ordenantzaren onarpena babestuko «egoera bidegabeak sor ditzakeelako»

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 29a

Gaur udal gobernuak udalbatzan onartzera eramango duen Terrazen Udal Ordenantzaren dokumentua osatzeko partaidetza prozesua «itxurazkoa» izan dela uste du EAJk, eta oposizioko taldeekin lan-bilerak «erabakiak hartutakoan» egin direla salatu dute. Jeltzaleek iragarri dute ez dutela arau berriaren behin betiko onarpena udalbatzan onartuko. Pleno berean, suteak kaltetu zituenetik erabili ezin izan diren kiroldegiko zerbitzuen kuoten itzulketa proportzionala eskatzeko mozioa aurkeztuko dute.

Gaur Terrazen Udal Ordenantza berria behin betiko onartzea aurreikusten du Hondarribiko udal gobernuak. Prozesu luze bat eskatu du orain artean arautu gabe zegoenari neurri hartzea. Izan ere, Alde Zaharreko ostatuen terrazen araudia besterik ez zegoen orain artean herrian, eta 2008 urtekoa zen. Igor Enparan alkateak joan den astean Antxeta Irratian eskainitako elkarrizketan azaldu zuenez, partaidetza bidez sortutako ordenantza bada ere «ziurrenik ez da interesdun guztien gustokoa izango». Baina udal gobernuak hasieran proposatutako dokumentua eta udal osoko bilkuran bozkatuko denaren artean aldeak daudela dio, eta «batzuen eta besteen ekarpenak» jaso dituela. 

Hondarribiko EAJ-PNVk, aldiz, aldez aurretik iragarri du ez duela terrazen ordenantzaren behin betiko onarpena babestuko. Udal gobernuak nabarmendu duen partaidetza prozesua «itxurazkoa» izan dela uste dute jeltzaleek, eta ez dela benetako elkarrizketarik eta adosteko borondaterik izan salatu dute. Gobernu taldea «auzo-elkarteekin eta norbanako batzuekin bilerak» egin dituela onartzen dute, baina oposizioko udal taldeekin egindako lana eskasa izan dela salatzen dute. Ordenantza lantzeko dokumentazioa prozesua abiatu eta 13 hilabetera jaso zuten, eta «benetako aurreneko lan-bilera, planoak mahaigainean jarrita, eta erabakiak ia guztiz hartuta zeudenean» egin dute haien esanetan. EAJren arabera, «terrazen ordenantzak ez ditu eremu askoren berezitasunak kontuan hartzen», eta arazoak eragingo dituela iragarri dute, «espazio publikoaren erabileran egoera bidegabe eta zentzugabeak sor ditzakeelako».

Kiroldegiko kuoten itzulketa

Bestalde, EAJ-PNVk urte eta erdiz erabili ezin izan diren kiroldegiko zerbitzuen kuoten itzulketa proportzionala eskatzeko mozioa aurkeztu du. Berez, spa eta sauna 2025eko urtarrilaren 31tik itxita daude sute batek erre zituenetik. Eta hasiera batean otsailean bertan jaso zuen udalak konponketak egiteko baimena. Baina Igor Enparan alkateak azaldu duenez, aseguru-etxeekin zailtasunak izan dituzte gerora. Alde horretatik, udal gobernuak 2026an heldu beharreko proiektuen eta inbertsioen artean kiroldegia lehentasuna dutela aitortu zuen Agintaldi Planaren balorazioa egiterako garaian.