Igor Enparan: «Ez da egingo dugula esatea bakarrik, egiten dena azaltzea baizik, udal honek ez zuen aldian aldiro azalpenak emateko ohiturarik»

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 21a

Hondarribiko alkateak udal gobernuaren Agintaldi Planaren balorazioa «gardentasun saiakera» bat izan dela argitu du. Orain artean, legealdian gauzatutako hainbat proiektuk asebetetzen dutela aitortu digu, kultura edo gizarte zerbitzuetan egindakoak adibidez, eta oraindik egin gabe dagoen %18a tramitatzen hasteko gogotsu azaldu da. EAJk udal gobernuari leporatutako «zifren makillajea, propaganda eta diskurtso triunfalista» bezalako hitzak, aldiz, «biolentoak eta tentsionamendua bilatzen dutenak» dira bere ustez.

Hondarribiko udal gobernukideek Agintaldi Planaren betetze mailari buruzko balorazioa egin zuten joan den astean. Hala hitzeman zuten agintaldi hasieran, 2024ko urtarrilean Abotsanitz-EH Bilduk legealdirako 142 egitasmoen zerrenda aurkeztu zutenean. Eta haien jardunaren azalpenak aldiro emango zituztela iragarri zuten, urtez urte, «herritarrek egindako lana modu argian ebaluatu dezaten». 2024ko uztailean egin zuten aurreneko balorazioa. Orduan, gobernuan lehen urtea bete zutela, finkaturiko helburuen %20a gauzatua zutela, eta proiektuen beste %40 martxan zeudela adierazi zuten.

Oraingo honetan, aldiz, 2026ko urtarrilean plazaratutako bilanaren arabera, gauzatutako egitasmoak %44,5 dira, eta beste %37,5 bideratuak edo martxan dituzte. Zehazki, hasierako 142 helburuei beste 15 gehitu behar izan dizkiete eguneroko beharrei erantzuteko. Baina oro har, finkaturiko %82 bete dutela aditzera eman du Igor Enparan alkateak.

Gardentasun ariketa saiakera bat

Oposizioko talde nagusiak, EAJk aldiz, gogor kritikatu du Agintaldi Planari buruz udal gobernuak egindako balorazioa, «zifren makillajea, propaganda eta autokonplazentzia» leporatu dio gobernuari, eta nolabaiteko «diskurtso triunfalista» egiten duten bitartean, proiektu estrategikoak egin gabe daudela salatu dute.

Igor Enparan alkateak harriduraz hartu du kritika. «Biolentoa iruditzen zait, edo tentsionamendua bilatzen duten hitzak», esan du alkateak Antxeta Irratian egindako elkarrizketan. «Emandako datuak zifretan oinarritzen dira, eta hau gardentasun saiakera bat besterik ez da, esan genuen aldian aldiro herritarrei jakinaraziko geniela nola zihoan betetze maila hori, iruditzen zitzaigulako ezinbestekoa dela ez bakarrik egingo dugula esatea, baizik eta egiten dena azaltzea ere», argitu du. 

Alde horretatik, Hondarribiko Udalean eginmolde hau berria da bere ustez. «EAJk gobernatzen zuenean ez zuen ohitura hau, aldian aldiro egikaritze maila bat jakinaraztekoa, asko jota legealdi amaieran irakurketa bat egiten zuten gauzatutzat zer ulertzen zuten esateko», dio Enparanek. Hartara, egungo udal gobernuak 70 ekintza beteta dituela, eta beste 59 oso aurreratuak gogoratu du, eta joan den astean aitortu zuen bezala, «oraindik ere 28 ekintza tramitaziorik abiatu gabekoak dira, %18a hain zuzen ere».

EAJk datuak puztutzea leporatu dio gobernuari. Eta izapidetu edo prozedura abiatu besterik ez diren egitasmoak gauzatutzat edo martxan dauden horietan kontuan hartu dituela. Jeltzaleen ustez, ezin direla beraz gauzatutzat eman. Alkateari proiektu horiek zeintzuk diren azaldu dezala eskatu diogu. Eta adibide batzuk eman dizkigu. Enparanek argitu duenez, martxan jartzeko «MUGI sistemaren kobratzeko makinen programatzea besterik ez dagoen» hiri-autobus zerbitzuaren proiektua, «behin-behinekoan onartuta dagoen eta bi urteko lanketa eskatu duen HAPOa» behin betiko onarpenerako beste administrazioen oniritziaren zain daudela, 60. hamarkadaz geroztik berritu gabe dagoen Pasaia kalean esleipena egina eta «2026an lanak hasteko kontratazioa falta» duenak, Mendeluko uholdegarritasunari aurre egiteko proiektua «aurten lanak ikusiko ditugula bertan»... edota, Terrazen Udal Ordenantza urtarrileko udalbatzan onartuko dela ere iragarri du, besteak beste. «Horiek dira 59 proiektu horien artean, non prozedurak martxan diren eta, epe labur edo ertainean, argia ikusiko dutenetako batzuk», azpimarratu du.

Lanerako bide-orria

Aipatutakoen artean, HAPOa behin betiko onartuz gero, etxebizitza larrialdiari erantzuteko aukera izango dutelakoan dago Enparan. Hala ere, orain artean Montañenea, Etxenikenea eta Kubo Madalena eremuetan promotoreekin aldaketak negoziatuz, udalak alokairuko etxebizitzak eskuratu dituela gogoratu du. Eta HAPOa lantzerako garaian, «herritarren egoera anitza kontuan hartuz, etxebizitza mota guztiak» aintzat hartu dituztela azpimarratu du.

Izan ere, alokairu soziala ez ezik, babes ofizialeko jabetza, tasatuak eta Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza lege berriak aurreikusten dituen beste eskaintza batzuetara ere egokitu dute etxebizitza politika. «Hondarribian 700 familia inguru daude etxebizitza sozial baten esperoan zerrendetan apuntatuak, baina egia da ere, askok alokairu soziala eskuratzeko baldintzak ez dituztela betetzen, baina jabetza pribatu bat lortzeko ere ez dutela aukerarik», argitu du alkateak. Babesgabetasun horretan, etxebizitzarako eskubidea bermatzeko lanean ari direla hitzeman du.

Era berean, udal gobernuak Agintaldi Planean markatutako erronka zenbaitzuekin «asebeteta» sentitzen da Igor Enparan, kultura edota gizarte zerbitzuetan, adibidez. Maiatzaz geroztik martxan dagoen Polborina eta herritar talde batek eratutako Papillon Zine Kluba, Maddalen Arte Guneak hartu duen martxa jarri ditu adibide gisa. «Udalak aspaldi itxitak zituen egoitzak berreskuratu eta zabaldu ditugu herri biziago bat egiteko», esan du alkateak.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuetan ere agintaldi honetan abian jarri dituzten zenbait programa eta proiekturekin . AuzoSare zaintza komunitarioaren proiektua, Dolu Laguntza Zerbitzu psikologikoa, Kasino Zaharreko taberna berriz ireki izana edota Bidez Bide garraio zerbitzuaren ordutegia indartu egin dutela gogoratzen du. Baina 2026an Gizarte Zerbitzuen bulego berria Muliaten zabaltzeko aukera izango dutela azaldu digu. «Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak babestu eta laguntzeko baldintza egokiagoak izango ditugu orain, eta bereziki lantaldea indartu egin dugulako», argitu du alkateak.

Udal funtzionamendua eta gobernantza eredua

Alde horretatik, oro har, udal langileen %70eko interinitate-tasa %40 ingurura apaldu izanak agintaldiaren bigarren zatian lagungarria izango zaielakoan dago Enparan. «Argi genuen hasieratik udalak zerbitzuak modu eraginkorrean emateko eta administrazioak eskatzen dituen proiektuak azkartzeko udal langile taldea sendotu beharra genuela», azaltzen du Hondarribiko alkateak. Hartara, egonkortze planari esker 40 lanpostu finkatzeaz gain, beste 21 lanpostu deialdi publiko bidez osatzeko aukera izan dutela azpimarratzen du. Eta aurrerantzean lanketa hau «etengabea» izango dela argitu du.

Prozedurak azkartzeko udal administrazio eta egitura indartsu bat beharrezkotzat jotzen baditu ere, proiektuak garatzerako garaian «herritarren parte-hartzea ezinbestekoa» dela dio alkateak. Eta honek «gauzak moteldu ditzakeen arren, herritarrekin, eragileekin, inplikatutako bizilagunekin eta alderdi politikoekin ez bada, ez luke inolako zentzurik» bere ustez. Agintaldi honetan konstante bat izan dela pentsatzen du parte-hartzeko metodologia. Bereziki, HAPOAren lanketan, Terrazen Udal Ordenantzantalde turistikoak mugatzekoa, Jaizkibelgo mendi bideetako erabilera arautzeko edota orain abian jarri duten herriko aparkalekuak arautzeko prozesuan. «Alde bakarrez gauzak egitea errazagoa izan daiteke, baina ez egokiagoa, eta gu zintzoki sinetsita gaude partaidetzaren bitartez egindako ekimenak ez duela izango interesdun ororen oniritzia, baina hasierako proiektutik behin argia ikusiko duenerako guztien parte izango duela, eta normalean ekarpenak aberasteko dira».