Hondarribiko EAJk Plaiaundi-Mendelu bidegorria egiteko eta Amuteko lotura prestatzeko eskatu du berriz

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 5a

Iaz Mendelu eta Amute-Kosta auzo elkarteek, Balaztarekin batera, Hondarribiko udalbatzan kronograma zehatz bat eskatzeko aurkeztutako mozioaren harira, Irun-Hondarribiko EAJk bi herrien arteko lotura egiteko proiektua aktibatzeko eskatu zuten. Urtebete beranduago ez denez urratsik egin, eskaera errepikatu dute, Espainiako Gobernuari eta Hondarribiko Udalari norbere lanak egin ditzaten eskatuz. 

Orain justu duela urtebete Hondarribiko eta Irungo EAJ udal taldeek Mendeluko bidegorriaren proiektua «lehenbailehen» egiteko eskatu zuten. Eta iazko otsailean ere, Mendelu eta Amute-Kosta auzo elkarteek Balazta elkartearekin batera, Irun-Hondarribia arteko bidegorria «behingoagatik» egin dezaten mozioa aurkeztu zuten Hondarribiko Udal Osoko Bilkuran. Kronograma zehatz bat, eta obra proiektua garatzeko Mahai Politikoa eta Mahai Teknikoa eratzea eskatu zuten eta «inplikatutako administrazioetako agintarien, teknikoen eta eragileen lankidetza funtsezkoa» zela azpimarratu zuten. 

Eta utebete beranduago, proiektua bere horretan jarraitzen duela salatu du berriz Hondarribiko EAJk, Irungo EAJk aste honetan egindako eskaerarekin bat eginez: Espainiako Gobernuak Plaiaundi eta Mendelu arteko bidegorria behingoz gauzatu dezan. «Azpiegitura hori funtsezkoa da Hondarribia eta Irun arteko oinezkoen eta bizikleten arteko lotura hobetzeko», azpimarratu dute jeltzaleek, eta gogoratu dute proiektua hasiera batean Eusko Jaurlaritzak gauzatzekoa zela, baina ondoren Espainiako Gobernuak bere gain hartu zuela, Next Generation funtsen bidez finantzatuta. «Denbora igaro den arren, gaur-gaurkoz obrak ez dira oraindik gauzatu, eta horrek atzerapen bidegabea eragin du herritarrek aspaldidanik eskatzen duten konexio honetan», salatu dute.

Egoera honen aurrean, Hondarribiko EAJ-PNVk Espainiako Gobernuari eta Hondarribiko Udal Gobernuari norbere eskuetan dagoena egin dezaten eskatu die. Batetik «epeak azkartzeko eta jarduera hau lehenbailehen gauzatzeko» Madrilgo gobernuari, eta obrak aurrera jarri orduko, Amute eta Mendelu lotu ahal izateko beharrezkoak diren izapideak martxan jartzeko Hondarribiko Udalari.

Talde jeltzalearen ustez, «ez da nahikoa proiektuak iragartzea, gauzatu egin behar dira». Alde horretatik, gogorarazi dute mugikortasun jasangarriak eta lurralde-kohesioak ez dutela atzerapen gehiagorik onartzen Bidasoaldean.

Aspaldiko konpromisoak

2025eko otsailaren 3an inauguratu zuen Eusko Jaurlaritzak Irungo Plaiaundiko Institutua (Pierre Loti kalea) eta Santiagoko bidegorria lotzen dituen zubien azpiko egurrezko pasabidea. Agintariek pasabide honek Plaiaundiko hezegunearen bazterretik Hondarribiarekin lotura egingo zuela iragarri zuten 2021ean proiektuaren asmoak aurkeztu zituztenean. 2022ko otsaila erdialdean eman zuen proiektuaren berri Arantxa Tapia sailburu zenak Txingudi Ekoetxera egindako bisitan, eta 14 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten zutela argitu zuen, hau da, 2023ko apirilerako.

Los Planetas eta Alkain atzetik aurreikusita dago Mendelu Amuterekin lotuko duen bidegorria.

Aldiz, EAJk argitu duen bezala, proiektuaren finantzaketa eskuz aldatu egin zela. Izan ere, gogoratu beharra dago, 2023ko udazkenean obra esleitu ondoren, lanak egingo zituen enpresak aurreikusitako kostua uste baino handiagoa izango zela ikusita, uko egin ziola bidegorri berriaren luzapena Mendeluko Los Planetas etxeen atzealdetik, eta erreka bazterretik Amuterekin lotzeko proiektuari. Hiru hilabeteko epea zuen enpresak kontratua izenpetzeko, baina ez zen sinatzera iritsi.

Haatik, iazko otsailean Cristina Laborda Irungo alkateak jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak «obra hauek aurki berriz esleitzeko asmoa» zuela, baina ez zuen eperik zehaztu horretarako.