Hondarribiko aparkalekua "orekaz" antolatzeko herritarrekin partaidetza saioak martxoaren 10etik 12ra izango dira

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 5a

Aparkalekuak erregulatzeko bizilagunekin auzoka antolatutako hiru partaidetza saioak martxoaren 10etik 12ra egingo dituzte, eta aforoa mugatua denez, hemen izena eman beharko da. Aurretik, udazkenean Hondarribiko Udalak aurkeztutako hasierako proposamen teknikoa zehazteko mahai tekniko-politikoan landuko dute, eta otsailaren 25ean ezohiko Mugikortasun Mahaia deituko dute herritarrekin landu aurretik eragileei aurkezteko.

 

Aparkalekuen ordenantza berria «kontsentsuzkoa» izan dadin herri osoa inplikatu nahi zuela aditzera eman zuen Hondarribiko Udalak, hasierako proposamena aurkeztu zuenean. Eta egindako azterlana gizarteratzeko abenduaren 16an Itsas Etxean antolatutako bilera irekia eta gero (70 lagunek parte hartu zuten), hunkitutako auzo eta eremuetako bizilagunekin partaidetza saioak iragarri zituen otsailerako. Saio hauek pixkat bat atzeratu behar izan dituztela aitortu du Estitxu Urtizberea Sorzabal Hirigintza ordezkariak, hain justu, abenduaren 18tik urtarrilaren 12ra ekarpenak egiteko irekitako epean jasotako 9 galderak direla eta. 

Azterketa teknikoetan oinarrituta

Proposamen gehiago jasoko zituztela pentsatzen zuen udal gobernuak «gaiak sorrarazten duen eztabaida ikusita». Hala ere, bildutako ekarpen horien gehiengoa «eskaera edo kezka pertsonalak» izan direla argitu du Urtizbereak, baina horietariko bat Itsas Etxeko saioan ere mahaigaineratu zen galdera bat izan zela aitortu du. «Aparkaleku ereduaren proposamena udalarena ote den jakin nahi izan dute, eta galderari kasu egin nahi izan diogu», azaldu du zinegotziak.

Alde horretatik, enpresa tekniko batek egindako azterlan sakon baten diagnostikoan oinarritutako proposamena dela gogoratu du. Berez, 2024ko udan hasi ziren zirkulazio handiena duten eremuetan konteo lanak egiten, eta joan den udan, TAO froga pilotuak egin zituzten Pasaia kalean, Soroeta-Berrin eta Amute auzoan, «eremu bakoitzaren problematika» ulertzeko. Ondorio garbiak atera zituzten, Estitxu Urtizbereak argitu duenez, hiriko gune guztietan ez direlako dinamika bertsuak ematen, eta zuzendu beharreko errealitateak ezberdinak direlako. «Udan eta aisialdi garaietan aparkaleku eskaintza ez da nahikoa herrian, eta aireportuak ere presioa eragiten du egoiliarrengan», argitu du. Aldiz, badira beti presio handia duten gune batzuk. Kotxeak gaizki aparkatuak egon ohi baitira urte osoan zehar Alde Zaharra eta Portuan bereziki. Horren arabera hiri osoa zonifikatzea proposatu dute. Baina eta hori abiapuntua izanik, herritarren errealitatera egokitutako planteamendua dela dio udal gobernuak, eta egoiliarrei lehentasuna emateko filosofian oinarrituta dagoela.

Baina herritarrek aberastuko duten araudi eta eredua izan nahi duen heinean, partaidetza saioak egin baino lehen, datozen egunetan komisio tekniko-politikoak egingo dituzte udaletxean, eta otsailaren 25ean ezohiko Mugikortasun Mahaia deitu dute, udalarena izango den proposamena aurkezteko. Gero hasiko dira herritarrekin bilerak.

Partaidetza saio sektorialak

Aparkalekuak antolatu eta erregulatzeko partaidetza-prozesuak aurrera jarraitzen du beraz. Eta egutegia zehaztuta, herritarrei parte hartzera animatu ditu Estitxu Urtizbereak. Martxoaren 10ean, Donostia kaletik gorako bizilagunei (Akartegi) eta hondartza inguruetako herritarrei zuzendutakoa egingo dute Talaia Bordari eskolan. Martxoaren 11n, Portua, Alde Zaharra eta Puntaleko bizilagunentzat, Itsas Etxea Auditoriumean. Eta martxoaren 12an, Amute eta Mendelukoentzat, Amute Auzo Elkartean. Bilera guztiak arratsaldeko 18:30ean izango dira.

Argitu dutenez, gainerako eremuetako herritarrek (Jaitzubia, Arkolla, Zimi-Zarga, Gornutz...) bilera hauetako edozeinetan parte har dezakete edo «hurbilen sentitzen duten horretan». Baina denek saioan parte hartzeko aldez aurretik izena ean beharko dute, aforoa mugatua delako. https://labur.eus/AparkalekuEu

Herriko mugikortasuna hobetzeko urratsak

Alde horretatik, hirian mugikortasun jasangarriago baten alde urratsak egiteko, hiru ardatz edo helburu finkatu zituen Hondarribiko Udalak agintaldi honetan. Aurki martxan jarriko duten hiri-busa batetik, joan den astean udalbatzan onartutako Terrazen Ordenantza bestetik, eta azkena, aparkalekuen araudiaren eguneraketa. Aparkalekua, orekaz antolatu izeneko proiektu honekin herrian dagoen aparkaleku arazoari ezinbestean heldu beharra dagoela sinetsita dago udal gobernua. Eta «haserreak kudeatu» beharko dituztela aitortu izan du Igor Enparan alkateak, baina «kontsentsuzko araua» lortzeko herritarrekin partaidetzarekin ondu nahi dute.

Izan ere, Hondarribian 9.252 ibilgailu daude erroldatuta, eta urteko sasoiaren arabera kanpoko ibilgailuen presioa handia izan ohi da. Aldiz, espazio publikoan 3.574 aparkaleku besterik ez daude herrian. Hartara egoiliarrentzako lekuak zehazteko garaje eta aparkaleku pribatuak ere aintzat hartu dituzte azterketa teknikoan. Auzo eta gune bakoitzaren errealitateari egokitutako plaza kopuru eta mota ezberdinak aurreikusten baititu oinarrizko proposamenak. Batetik, egoiliarrentzat erreserbatutako lekuak (eremu txuria). Bestetik, eremu berdeak (erregulatutakoak). Eta azkenik, ordainpeko estazionamenduaren iraupenaren araberako hiru motatako TAO guneak. Eremu urdina (4 ordu artekoa), eremu gorria (errotazio handikoa) eta eremu morea, batez ere bisitarientzako epe luzerako aparkalekuak izango liratekeenak. Hauek batez ere hondartza aldean aurreikusten dituzte.