Aparkalekuen ordenantza berria «kontsentsuzkoa» izan dadin herri osoa inplikatu nahi dute Hondarribian

Koldo Nausia 2025eko abenduaren 2a

Egindako azterlanaren diagnostikoa kontuan hartuta, Hondarribiko aparkaleku arazoa arintzeko hiriguneko azaleko 3.574 aparkalekuak 9 eremutan erregulatzea proposatzen du udalak. Herritarren errealitatera egokitutako planteamendua dela dio udal gobernuak, eta egoiliarrei lehentasuna emateko filosofian oinarrituta dagoela. Ezinbestean heldu beharreko gaia bada ere, «haserreak kudeatu» beharko dutela aitortu du alkateak, baina «kontsentsuzko araua» lortzeko herritarrekin parte-hartze prozesu bat abian jarriko dute abenduaren 16tik aurrera.

Hondarribiko Mugikortasun Mahaiak 2023ko abenduaren 19an 2024-2026 urtealdirako ekintzak lehenesteko saioan hartutako konpromisoak bururaino eraman nahi ditu udal gobernuak. Eta bide horretan, autoa etxean uzteko alternatiba eman eta oinezkoen mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko landutako lehen bi ardatzen ondotik, hirugarren ekintzari ekingo diote orain. Hiriguneko aparkalekuak arautzearena.
 
Aurretik, 2017an adostutako hiri-busaren proiektua garatu dute, eta epe laburrean (urte amaieran ala urtarrilean) martxan jarri ahal izatea espero dute. Urrian esleipena udalbatzan onartu ondotik, Igor Enparan alkateak esan duenez, aste honetan izenpetuko baitute kontratua enpresarekin. Era berean, Ostalaritzako Terrazen Udal Ordenantza ere, «nahiko aurreratua» dagoela nabarmendu du alkateak. Eta jasotako 4 alegazioei bide eman ondoren, urtarrileko udalbatzan onartzera emateko asmo dute.
 
Ageriko arazo bati konponbidea
 
Hirugarren ardatza, aldiz, aparkalekuarena, «herri osoa hunkituko duen heinean, konplexua eta sakona» izango da. Baina alkateak aditzera eman duenez, «hirian aparkalekuarekin dugun arazoari neurri hartu behar ez zaionik pentsatzen duen hondarribiar askorik ez da egongo». Alde horretatik, urtetan «herriko errealitateari egokitutako arautze faltak eragin duen haserrearen kudeaketa» egin beharko dutelakoan dago Estitxu Urtizberea Hirigintza arloko ordezkaria, baina bere ustez «herritar askok eskertuko dute behingoz arautzea». Gainera, bere ustez, «honek parte-hartzea bultzatzeko aukera berri bat emango du».
 
Izan ere, Hondarribian 9.252 ibilgailu daude erroldatuta. Eta beraz, interes orokorrekoa izanik, Aparkalekuen Udal Ordenantza eguneratzeko «inplikatutako eragile guztien parte-hartzea» sustatu nahi dutela argitu du Igor Enparanek. Alkateak iragarri du udalaren asmoa dela, orain abiatzen duten prozesuaren emaitza 2026ko ekainerako dokumentu batean gorpuztea. Baina Enparanek dioenez, «malgutasunez jokatuko dugu, garrantzitsuagoa delako kontsentsuzko arau bat lortzea, azkar egitea baino». Era berean, udalbatzak onartu eta aplikatzen hasiko direnean, eta aurrerantzean ere, «egokitzapen etengabea» eskatuko duela, eta sistema berria arian-arian ezarri beharko dutelakoan dago.
 

Diagnostikoaren arabera, Alde Zaharra eta Portuan aparkalekuaren presioa handia da urte osoan zehar. 

Parte-hartze prozesua mahai tekniko-politiko batekin martxan jarri dute dagoeneko. Eta abenduaren 16an (18:00etatik 20:00etara) herritarrei irekitako aurreneko saioa egingo dute Itsas Etxean (bihartik aurrera hemen izena eman daiteke parte hartzeko). Urtizbereak argitu duenez, «helburu pedagogikoa duen saioa izango da, planteamendu orokorra zein den sozializatzeko beharra dagoelako eta herritarrek ulertu dezaten». Ondoren, urtarrila bukaeran parte-hartze saio sektorialak hasiko dituzte, aparkaleku-zonifikazioaren eremuen hurbiltasunaren arabera, hau da, Alde Zaharra-Portua-Puntalea; Mendelu-Amute-Kosta; Akartegi-Zimizarga-Hondartza inguruko bizilagunei zuzendutakoak. 
 
Zuzendu beharrekoari egokituta
 
Oinarri dugun filosofia da «egoiliarrek dutela lehentasuna» azpimarratu du alkateak. Zentzu horretan, hiriko aparkaleku eta ibilgailu kopurua kontuan hartuta, injeniaritza enpresa batek egindako azterketa sakon batean oinarritu direla aditzera eman du Estitxu Urtizbereak. Azaldu duenez, azaleko aparkalekuen okupazioaren zenbaketa egin dute, «udan eta neguan, egunez eta gauez». 2024ko udan hasi ziren zirkulazio handiena duten eremuetan konteo lanak egiten eta joan den udan, hain justu, TAO froga pilotuak egin zituzten Pasaia kalean, Soroeta-Berrin eta Amute auzoan, «eremu bakoitzaren problematika» ulertzeko.
 
Eta ondorio garbiak atera daitezke diagnostiko tekniko horretatik. «Hiriko gune guztietan ez dira dinamika berberak ematen, eta zuzendu beharreko errealitateak ezberdinak direnez, neurriak ez dira berdinak izango gune guztietan», azaldu Hirigintza ordezkariak. Izan ere, «udan eta aisia garaietan aparkaleku eskaintza ez da nahikoa herrian, eta aireportuak ere presioa eragiten du egoiliarrengan», argitu du. Aldiz, badira beti presio handia duten gune batzuk. Kotxeak gaizki aparkatuak egon ohi baitira urte osoan zehar, bereziki, Alde Zaharra eta Portuan. «Horren arabera hiri osoa zonifikatzea proposatu dute, eta hori izango dugu prozesu honetan findu beharreko abiapuntua, baina eremu denetan egongo dira behar ezberdinei zuzendutako aparkaleku aukerak», argitu du Enparanek.
 
Hartara, hirian dauden 3.574 azaleko aparkaleku plaza publikoak 9 eremutan banatzea proposatzen dute. Eta egoiliarrentzako lekuak zehazteko garaje eta aparkaleku pribatuak ere aintzat hartu dituzte. Auzo eta gune bakoitzaren errealitateari egokitutako plaza kopuru eta mota ezberdinak aurreikusten baititu oinarrizko proposamenak. Batetik, egoiliarrentzat erreserbatutako lekuak (eremu txuria). Bestetik, eremu berdeak (erregulatutakoak). Eta azkenik, ordainpeko estazionamenduaren iraupenaren araberako hiru motatako TAO guneak. Eremu urdina (4 ordu artekoa), eremu gorria (errotazio handikoa) eta eremu morea, batez ere bisitarientzako epe luzerako aparkalekuak izango liratekeenak. Hauek batez ere hondartza aldean aurreikusten dituzte.