Emeki emakumeen elkarteak Mairuak ospatzeko ohitura zaharra berreskuratu zuenetik atxikitzen du urtero. Otsailaren 14 honetan, larunbatean, etxeko trapu eta zaku zaharrekin, eta lastozko kapela buruan jantzita, udaberria iratzarri eta izpiritu txarrak erratzaz uxatzeko eskean eta dantzan ibiliko dira baserriz baserri. Herritarrei goizeko 10:00etan Jaizkibel kanpinetik haiekin abiatzeko gonbidapena luzatu diete. Eta iragarri dutenez, 15 bat baserri bisitatuko dituzte Akartegi, Arkolla, Zimizarga eta Gornutz auzoetan barrena.
Eta omenaldietarako ere ematen duela azaldu digu Emeki elkarteko Mariaje Berrotaranek. Izan ere, usadio zahar guztiekin bezala, inork ez daki zehatz-mehatz Hondarribiko mairuak noiz ospatzen hasi ziren. Baina garai batean, inauterietan «izpiritu txarrak erratzaz uxatu» eta baserriz-baserriko puska biltzean ospatzen zituztela gogoratzen du. Artzu baserrikoa da bera, eta kontatu digunez, txikitatik aitari entzuna zion aspaldiko kontua zela, eta berak ere bizitu izan zuen haur bat besterik ez zela. «Joaten ginen Salaberdi eskolara esaten zitzaion horretara, eta hango emakumeak (Maria) esaten zigun nola ospatzen zen».
Hala ere, Celestina Miranda Bengoetxeak ere badu herriko bordarien ohitura mantentzeko errua. Izan ere, 1936ko estatu kolpearen ondotik, frankismo garai ilunetan mairuak ospatzeari utzi zitzaion. Baina kaletarrentzako ezezaguna bazen ere, «herriko baserritar askok Celestina Mirandaren bisita jaso izan dute urte luzetan, baserri atarian erratza pasa eta radiokaset batean musika jarrita dantza egin ohi zuen», gogoratzen du Mariaje Berrotaranek. «Aurpegia kortxo errearekin beltzatu eta arropa zaharrak jantzita» ibiltzen zen baserrietan, eta gogoratzen duenez haiek zain egon ohi ziren urtero.
Hau kontuan hartuta, Emeki elkarteak ohitura hau gorde eta Hondarribiko baserri munduko emakumeak omentzen hasi zen duela lau bat urte. Nolabait, mairuei harrera egin ohi dieten herriko emakume baserritarrei eskertza. Azken 30 urte luzeetan parte hartu izan duten emakumeak dira, baina adinduak daudenez, orain mairuak noiz etorriko diren zain egon ohi dira baserrian urtero. Mariaje Berrotaranek dioenez, «90 urte inguru edo gehiago dituzten baserriko andreak dira, eta urtero bat omentzen dugu, bere etxera hurbildu, elkarrizketa bat eta argazkia egin, bertso bat bota eta lore-sorta bat oparitzen diogu pergamino batekin». Aurreneko urtean Kontxi Imaz omendu zuten, 2024an Celestina Miranda bera, eta iaz Lujune baserriko Juncal Daguer omendu zuten. Aurten Postigu baserriko Maritxu Bereau Larretxea omenduko dute.
Azken urteetan gero eta hondarribiar gehiago animatzen dira mairuz jantzi eta dantza egitera. Eta haur txikiekin familiak ere animatzen direnez, aurten haientzako kotxeak ere eramango dituztela iragarri dute, urrun dauden baserrietara arazorik gabe heltzeko. Bostak bat, Montañenea, Villa Agur, Gurutze, Txapelin, Erranda-Zar, Errandonea, Postigu, Mixerebe, Mikelenea, Lujunea edota Nabarroenea baserrietatik pasa ondoren, ibilbidea Arroka Berri jatetxean amaitzen dute. «Kantina bat zen garaietan hasi ginen, eta gaur egun semeak duen jatetxea bestelakoa bada ere, harrera egiten digute berdin», azaltzen du Berrotaranek. Baserrien itzulia amaitutakoan, Jaizkibel kanpinean bazkaldu ohi dute bidean bildutako puskekin Emekiko kideek prestatutako otordua.