Basotik Fundazioak otsailean eta martxoan Gipuzkoako hainbat ikastetxetan “Desioen Basoa” tailerra garatzen ari da. Basoek duten garrantziari buruz gizarteak kontzientzia har dezaten dute helburu. Eta zer hobe, belaunaldi gazteekin, etorkizuneko gizartearekin lantzea baino. Hondarribiko Talaia ikastetxeak tailer honetan parte hartu du, zehazki LH5 mailako 10-11 urteko 76 ikasle aritu dira horretan basozainen eskutik ikasten.
Aritz Larrañaga, Talaiako irakasleak azaldu digunez, 20230 Agendaren baitan ingurumen heziketa zeharkako ohiko lana dute urtero eskolan, eta LH5 mailako ikasleekin ekosisteman lantzen ari direnez, «Gipuzkoako baso iraunkorren kontserbazioaren garrantziaren lanketa» egiteko aukera paregabea izan dute tailer honekin. Horretarako, ikasgelaz ikasgela pasa den basozain baten laguntza jaso dute. Lehenik, Gipuzkoan basoen ustiaketa nola egin den eta historian zehar egurraren erabileraz informatu zien haurrei.
Alde horretatik, jakina den bezala, mendian berdea den guztia ez da basoa. Eta gizakiok egindako landaketa nagusiak pinua eta eukaliptoa izan direla azaldu ondotik, zuhaitz espezie ezberdinak identifikatzen irakatsi ziela kontatu digu Larrañagak. «Basozainak galdetu zien ea ote zekiten zenbat zuhaitz dauden Gipuzkoan, eta milioka batzuk daudela argitu ondoren, 9 zuhaitz espezie asmatzeko, eta egurra zertarako erabiltzen den azaldu zien». Haurren ezagutza urria bada ere, haritza edo gaztainondoak erraz identifikatu zituzten bitartean, artelatza ez zuten ezagutzen. «Nik uste dut zaintza bermatzeko lehenik eta behin ezagutu behar dela, eta tailerraren kontzientziazio lana hortik dator», dio irakasleak.
Bestalde, basoen abandonuak eta mendia garbi mantentzeak duen garrantzia, eta suteen arriskuak ere landu dituzte. Eta basoetako biodibertsitate eta ekosistemak klima aldaketaren erronkan duten garrantzia. Hartara, CO2 xurgatzeko hustubideak diren heinean, baso-habitatak babesteko beharraz sentiberatzeko aukera izan zuten 76 ikasleek. Beharbada hemendik aurrera, Jaizkibel mendira joango direnean, beste begirada izango dute zuhaitz eta basoak ikusterakoan.
Tailerra ez dute oraindik guztiz bukatua. Izan ere, zuhaitz baten landaketa sinbolikoa ere egingo dute eskolan bertan. «Artelatz bat landako dute ikasleek, eta eskolan bertan leku aproposa bilatzen ari diogu», azaldu digu Aritz Larrañagak.