2024 urte bukaeran Gipuzkoako Foru Aldundiaren 340.000 euroko Adinberri laguntza onartu ondoren, iazko otsailaren 25ean aurkeztu zuen Hondarribiko Udalak AuzoEKIN proiektua jendaurrean udaletxeko areto nagusian. 40tik gora lagun hurbildu ziren ekitaldi hartara, eta
maiatzean lehen Talde Eragilea aurkeztu ondoren, zaintza komunitarioa herrian egituratzeko sarea biderkatzen doa pixkanaka.
Herriaren diagnostikoa egitea izan zuten aurreneko gauza. Eta Hondarribian 60 urtetik gorako 1.073 herritar daudela, eta zenbait auzotan adinekoen kopurua %30etik gorakoa dela ondorioztatu zuten. Zabalduz kooperatibak aurkeztutako datuen arabera, Jaitzubia da 60 urtetik gorako zahartze-tasarik handiena duen Hondarribiko auzoa, bizilagunen %32,5. Puntalea (%32), Gornutz/Montaña (%31,3), Akartegi (%30,5), Portua (%30,3) eta Arkolla (%27,5) auzoak ere, herriaren batez bestekoaren gainetik aurkitzen dira.
Era berean, 80 urtetik gorakoen tasa %7,7koa da herrian. Portua auzoa da alde horretatik auzorik zahartuena, portuarren %11,5 laugarren adinekoa baita. Era berean, Arkolla (%11,2) eta Gornutz (%10,8) ere tasa altuak dituzte. Josu Peñak azpimarratu duenez, «esku-hartzerako garaian ere hau kontuan hartu beharra dago». Izan ere, Portua auzoan beren etxeetan bakarrik bizi diren 98 lagun daude gaur egun 80 urtetik gorakoak.
Orduz geroztik, Auzozain Sarea antolatzeko lanetan aritu da udala herriko Talde Eragilearekin. Herriko hainbat elkarte eta eragile inplikatu baitira proiektua aurrera atera dadin (Nagusilan, Emeki emakume elkartea, Kasino Zaharra, Amuitz merkatarien elkartea, Mendelu eta Amute-Kosta auzo elkarteak...), eta Gizarte Kohesiorako hautetsiak, Josu Peñak azaldu duenez, «hirigunetik urrun eta bakartuen dauden auzoetan, eta auzogiroa dagoenetan» hasi dira esku hartzen.
Esku-hartze indibidualak eta ekintza komunitarioak
Zehazki, Mendelu, Amute-Kosta, Arkolla, Alde Zaharra eta Puntalean 375 adineko pertsonekin (%60 emakumea) harremanetan sartu dira, eta Oihana Sein Zabalduz kooperatibako teknikariek koordinatutako ekintza komunitarioak antolatu dituzte. «Dinamika polita hartu dute, eta askorentzat topagunea bilakatu da, bizilagunekin elkartzeko», dio Seinek, «han ikusten dugu elkar, eta norbaitek huts egiten badu, haien gainean gaude ikusteko ea zerbait gertatzen zaion».
Ekintza hauen helburua, komunitatea eratu eta indartu bada, zahartze aktiboa, elkar zaintza eta sozializazioa bilatzen du. Eta zenbait jarduera, dagoeneko lauzpabost saio daramatzate martxan. Zabalduzeko teknikariak zerrendatu dizkigu mementoz martxa hartu duten ekimenak. Eta gehienak kafe tertulia formatukoak direla aitortu digu, «hitz egin eta barrenak hustutzeko topagune bilakatu direlako, eta askorentzat hitzordua haien egunerokoan garrantzitsua bilakatu delako».
Horrela, Arkolla auzoan kafe tertuliak hilabeteko bigarren astelehenetan (16:30ean) Ballestenean egiten dituzten bitartean, Amute-Kostan eta Mendelun auzo elkartean biltzen dira. Amuteko auzo elkartean kafe tertuliak hilabeteko lehen astearteetan, 17:00etan, eta Mendelun bi asteartez behin, 11:00etan, Eguzki Elkartean. Puntalean ere hasi dira Auzokoen Kafea antolatzen, hilabeteko bigarren astelehenetan, 17:00etan, Goxo kafetegian.
Bestalde, Alde Zaharrean “Adimena pizten” ekimena egiten dute zahartze aktiboa sustatzen duen jarduera batekin, hilabeteko hirugarren asteazkenetan, 16:30ean, Kultur Etxean. Eta heldu den ostiralean, aldiz, Bingoa antolatu dute Kasino Zaharrean 17:00etatik 19.00etara. Hirugarren aldia izango da azken hau antolatzen dutela, eta aurrekoetan 40 lagun inguru elkartu direla nabarmentzen du Oihana Seinek. Teknikariak argitu duenez, ekintza komunitario hauek guztiak auzoetan antolatzen badira ere, ez da horretara mugatzen. «Hondarribiko edonork parte har dezake nahi duen jardueran, ez du zergatik bere auzokoa izan beharrik», azpimarratu du, lotsa galtzeko eta probatzera animatu nahian.
Norbere zahartzaroa prestatzeko hitzaldi zikloa
Hiru urteko proiektua da AuzoEKIN. Hiru urtez izango dituzte herritarrek teknikariak bidelagun. Baina zaintza komunitariorako jarduerak sortzen eta saretzen doazen heinean, Hondarribiko Udalak harago joan nahi du. Auzozaintzaile indibidualak ere bilatzen dituzte, eta beraz, ondoko bizilaguna edota ohiko bezeroan arreta jartzeko prest diren dendariak eta auzokideak bilatzen dituzte.
Eta aldi berean, kontzientzia sortu eta zahartzaroa prestatzen joateko hitzaldi zikloa antolatu du Gizarte Kohesiorako arloak hilabete honetan. Josu Peña zinegotziak azpimarratu duenez, «askok urrun ikus dezakete oraindik, baina onenean zahartuko garenean denok beharko dugu zainduak izan ala zaindu». Hau gogoan hartuta, «tabuak apurtu» eta «zaintzailea zaintzeko» helburuarekin hiru hitzaldi proposatuko dituzte Olaia Arana Alvarezen eskutik. gidatuko ditu. Gizarte Lanean diplomaduna eta Etika Soziosanitarioan aditua eta 24 urtez aritua da. Eta "Hitz Egin Dezagun Gure Zaintzaz" lelopean, herritarrek beren zahartzaroan giltzarri diren gaiak jorratuko ditu, alde teorikoan zein praktikoan. Eta Peñak argitu duenez, «galdera egin eta norbere zalantzak argitzeko aukera emango du».
Hitzaldi guztiak Kultur Etxean izango dira, 17:30etik 19:30era. Martxoaren 5ean: Zaintza pertsonalak - Zaintza ez da inprobisatzen izenburupean autozaintzari erreparatuko diote, zaintzak kontzienteki identifikatu eta etorkizunean nola kudeatu nahi dituen pentsatzen hasteko. Martxoaren 12an Zaintza medikoak - Aurretiazko borondateen agiria eta hiltzen laguntzeko prestazioa (eutanasia) hitzaldia izango da, ikuspegi etiko eta legalak aztertzeko. Aurretiazko borondateen agiria zer den, nola egin daitekeen eta egoera kritikoetan zer garrantzi duen azalduko dute, eta heriotzaren inguruko isiltasuna apurtzeko helburua du. Azkenik, martxoaren 26an Zaintza ekonomikoak - Prebentziozko notario-ahalordeak, testamentuak, herentziak eta baliabide sozial eta ekonomikoak solasaldian, familia-gatazkak prebenitzea eta ziurgabetasuna murriztea du helburu. Zehazki, ondarearen eta ordezkaritza legalaren plangintza, prebentziozko notario-ahalordeak, testamentuak eta herentzien oinarriak ez ezik, mendekotasun-egoeretan eskuragarri dauden baliabide sozial eta ekonomiko nagusiak ere aztertuko dituzte.