30 urtez 'Hondarribiko Txokoak' eta espazio seguruak marrazten

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 4a

Emeki elkarteak ‘HONDARRIBIKO TXOKOAK’ liburua aurkeztu zuen atzo Arma Plazan. Udaleko Kultura arloaren laguntzarekin, eta elkarteko kideek arreta eta mimo handiz prestatu duten liburuaren 500 ale argitaratu dituzte, eta dagoeneko 25 eurotan salgai duzute Arma Plazan bertan, Arzu liburu-dendan eta Sokoa paper-dendan ere.

Hondarribiko Txokoak liburuak biltzen dituen 84 margolanak, Emeki emakumeen elkarteak 1994az geroztik udan antolatzen duen Kaleko Margo Lehiaketaren emaitza den heinean, elkartearen bilakaeraren lekuko ere bada. Atzoko aurkezpenean, Tamara Sastre Castillok, Emeki elkarteko presidentak eta Igor Enparan Araneta alkateak emakumeen elkartearen ibilbidea goraipatu zuten, hain justu.

San Pedro kalean bere lehen egoitza izan zuenetik, behar bati erantzuteko sortu zen Emeki. «Herrian ez baitzegoen espazio segururik, emakumeen interes eta kezkak kontuan hartuz jarduerak antolatuko zituenak», azpimarratu du Sastrek. Eta alkateak ere, elkarteak bizi izan dituen gora behera guztien gainetik, Hondarribiko Udala bidelagun izan duela gogoratu du. Antolatu ohi dituen ekimenetan bezala, Hondarribiko Txokoak liburua argitaratzeko udalaren babesa jaso izana, edota Molla ibilbideko egungo elkartearen egoitza da horren adierazle. «Emakumeen elkarte baino, talde feminista honen bilakaera» goraipatu du alkateak, eta argitaratu berri dutena liburu bat besterik ez bada ere «konpromisoa, lankidetza eta gure herria ezagutzeko begirada ezberdin bat eskaintzeko, egindako lanaren koherentzia» adierazten duela uste du alkateak. 

Liburuaren aurkezpena Arma Plazan.

Emeki elkartearentzat Kaleko Margo Lehiaketa proiektu kuttuna dela aitortu dute. Eta liburua osatzeko beharra sentitu zutela, eta 2024an lehiaketaren 30. edizioarekin batera, Itsas Etxean antolatutako erakusketa antolatu ondoren, hasi ziren lanean. Estitxu Ortolaiz argazkilariaren laguntza jaso dute, Emekik ongi gordeak dituen margolanen argazkiak egin eta liburuan argitaratzeko.

Lantalde horretan, Kaleko Margo Lehiaketa bera hiru hamarkadaz bideratu duen Tzane Carrillo aritu da lanean. Aurkezpenean liburua herriari egin nahi zioten oparia dela aitortu du, eta margolan horiek herriaren ondarea direla ez du zalantzatik, baita 30 urteotan herria nola aldatu den ikusteko iraganera lehioak ere.