Etxebizitza Gune Tenkatua izendatu nahi dute Hondarribia, prezioen eta herritarren erosahalmenaren arteko desorekari aurre egiteko

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 12a

Hondarribiak izendapena jasotzeko hiru irizpideetatik bi betetzen ditu, eta lehenbailehen formalizatu nahi du udal gobernuak, etxebizitza merkatuan esku hartzeko. Gazteen emantzipazio-tasa %26,3koa da Hondarribian, Gipuzkoako batez bestekoa (%33,3) eta EAEkoa (%32,3) baino nabarmen txikiagoa. Herrian 8.878 etxebizitza daude, baina horietatik %21,6 ez dira urte osoko bizilekuak. Bestalde, 16.872 biztanleen artean, 1.552 eskaera daude Etxebiden aktibo, horietatik %73,2 alokairu sozial baten esperoan.

Urriaren 20an Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak Hondarribiko Presa I eremuko babes ofizialeko etxebizitzen obrara bisita aprobetxatu zuen Igor Enparan alkateak, Hondarribia Etxebizitza Gune Tenkatua izendatzeko lehen lan-bilera egiteko. Eta azken hilabeteetan egindako diagnostikoaren ondotik, Eusko Jaurlaritzari izendapena onar dezan eskatzeko prozedura abiatzea erabaki du udal gobernuak. 

GISLANek egindako diagnostikoak ondorioztatu baitu Hondarribiak izendapena jasotzeko hiru irizpideetatik bi betetzen dituela. Horren arabera, etxebizitzaren prezioen igoera eta herritarren erosahalmena gero eta desorekatuago daude. Hondarribiak 8.878 etxebizitzako parkea du, baina horietatik %21,6 ez dira urte osoko bizilekuak, bigarren etxebizitzak, etxebizitza hutsak edo turistikoak baizik. Estitxu Urtizberea zinegotziak azaldu duenez, «inguruko udalerrietan baino proportzio handiagoa, eta horrek presio gehigarria eragiten du merkatuan».

Alde horretatik, etxebizitza erostea bereziki garestia da Hondarribian. 2025ean, etxebizitzen batez besteko prezioa 465.188 eurokoa da, Gipuzkoako batez bestekoa (303.900 €) baino %53 handiagoa. Eta alokairu librean ere antzeko joera dago: 2024an batez besteko errenta 835,4 eurokoa izanik. 

Egoera horri aurre egiteko, Hondarribia Etxebizitza Gune Tenkatua izendatuz gero, Ekintza Plana prestatu du udalak. Informazio guztia jendaurrean jarri dute, eta apirilaren 13ra arte herritarrek eta eragileek proposamenak edo oharrak egiteko aukera izango dute. Behin epe hori amaitutakoan, Hondarribiko Udal Gobernuak behin betiko dokumentua prestatu eta Tokiko Gobernu Batzarrak onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzari helaraziko diote, dagokion dekretua eman dezan. Diagnostikoa eta Etxebizitza Ekintza Plana esteka honetan kontsulta daitezke.

Diagnostikoa datuetan

Aipatutako diagnostikoak azken urteetako prezioen bilakaera eta garapen demografikoa kontuan hartu du, egungo egoeraren argazki zehatza emateko. 2018 eta 2023 urteen artean alokairuaren batez besteko prezioa %19,7 igo da, KPIaren metatutako igoera (%16,5) baino 3,2 puntu gehiago. Etxebizitzen salerosketari dagokionez, 2019 eta 2024 artean prezioak %25,5 garestitu diren bitartean, KPIaren igoera %19,4koa izan da.

Bilakaera demografikoa ere aztertu du GISLANek. 2000. urtetik hona Hondarribiko biztanleria %13,5 hazi da, eta 2025ean 16.872 biztanle izatera iritsi zen. Hazkundea, hala ere, ez da homogeneoa izan. 80 urte edo gehiagoko biztanleria %149,3 handitu baita, eta aurreikuspenen arabera, datozen 15 urteetan 65 urtetik gorakoen kopuruak gora egiten jarraituko du. Bestalde, gazteen egoerak ere erronka handiak erakusten ditu. Gazteen emantzipazio-tasa %26,3koa da Hondarribian, Gipuzkoako batez bestekoa (%33,3) eta EAEkoa (%32,3) baino nabarmen txikiagoa. Eta 1.552 eskaera daude Etxebiden aktibo, horietatik %73,2 alokairurako. 

Ekintza plana

Diagnostikoarekin batera hiru urtez garatzeko Etxebizitza Ekintza Plana aurreikusten du udalak. Estrategia integrala dela nabarmendu dute, eta lau ardatz estrategiko jorratuko lituzke. Batetik, alokairu etxebizitza gehiago eskura jartzea. Zentzu horretan, Hondarribian babes publikoko etxebizitzak sustatu eta alokairu erregimena lehenestea aurreikusten da, bai sustapen berrietan bai dagoen etxebizitza parkean. Epe laburrean aktiba daitezkeen proiektu nagusiak Presa (66 etxebizitza alokairu babestuan), Labreder/Madalen Kuboa (33), Biteri (34) eta Montañenea (28) dira. Guztira, datozen hiru urteetan 161 babes publikoko etxebizitza.

Era berean, lankidetza estrategikoa aurreikusten du VISESArekin, babes publikoko sustapenak bideragarriago egiteko eta alokairu sozialaren eskaintza handitzeko. Beste neurri batzuk ere aztertuko dira, gazte eta adinekoentzako etxebizitza eredu berriak. 

Bestalde, etxebizitza parkea hobetzea eta zaharkitutako eraikinen birgaitzea. Horretarako, birgaitze energetikoa eta irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntzak, udal-tasen hobariak eta auzo pilotuak aurreikusten dira. Bereziki, Mendelu eta Eskapatxulo auzoetan egingo den berroneratze proiektu pilotuak eraikinen egoera hobetzeaz gain, espazio publikoa eta bizigarritasun baldintzak ere lantzea bilatzen du. 

Hirugarren ardatzak etxebizitza eskuratzeko laguntza publikoak eta arreta sistemak indartzea planteatzen du. Horren arabera, herritar askok laguntza programak erabiltzen dituzte etxebizitza ordaindu ahal izateko, eta koordinazio handiagoa beharrezkoa dela deritzo udal gobernua. Neurri nagusien artean daude Gaztelagun eta Emantzipa programak indartzea gazteen emantzipazioa errazteko, informazio eta orientazio sistema zentralizatua sortzea, eta larrialdi etxebizitza estrategia bat garatzea eskualde mailako ikuspegiarekin. 

Azkenik, etxebizitza politikaren gobernantza eta tresna juridikoak indartzea du helburu. Izan ere, Gune Tenkatuaren izendapenak aukera emango luke edukitzaile handien etxebizitzetan alokairu prezioak erreferentzia indizeen arabera mugatzeko, etxebizitza turistiko berrien hedapena mugatzeko eta merkatuan neurri eraginkorrak aplikatzeko. Diagnostikoan argitu denez, Hondarribian 35 jabe handi daude eta 307 etxebizitza daude haien esku.