Igor Enparan: «HAPOa 2040 urteko Hondarribiaren argazkia da, eta herritarra dago planaren erdigunean, hondarribiarrek herrian bizitzeko aukera izatea»

Koldo Nausia 2025ko eka. 18a, 12:35

Datozen 15 urteetan Hondarribiaren garapena baldintzatuko duen Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra bihar bozkatu dute udalbatzan. Alkatearen arabera, etxebizitza politikan paradigma aldaketa baino, «Lurzoruaren eta Etxebizitzaren Legeak salbuespenik gabe herritarren faboretan aplikatzea da udal gobernuak egindako aldaketarik handiena». 900 etxebizitza publiko ahalbidetu nahi dituzte «herritarren beharrak asetu eta gizarte kohesionatuago bat lortzeko».

Ekainaren 19an, osteguna, 2040 urteko Hondarribia garatzeko proiektuaren "planoak eta planak" onartzera eramango ditu Abotsanitz-EH Bildu udal gobernuak udal osoko bilkurara. EAJ eta PSE-EE oposizioko udal taldeek gogor kritikatu dute Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) osatzeko prozesua, «herritarrak baztertu» dituztelakoan. Baina jasotako 140 alegazioen ondotik, Igor Enparan Araneta alkateak argi du udalak bultzatutako partaidetza saioak eta zalantzak argitzeko udal arkitektoarekin biltzeko aukera eman duten heinean, «hondarribiar guztien plana» dela. Eta legeak behartzen ez badu ere, hasierako onarpena udalbatzan bozkatu ondoren ere, oraindik herritarrei bide emango dietela iragarri du, zalantzak argitzeko. 

Alde horretatik, duela bi aste HAPOa aurkezteko egindako agerraldian, udal gobernuak aitortu zuen ez dela «hutsetik egin nahiko genukeen dokumentua, baina herrian dagoen etxebizitza larrialdiari lehenbailehen erantzun behar zaionez», EAJren aurreko gobernuak landutako dokumentuari «datozen 15 urteetan hiri-eredua aldatzeko egin beharreko egokitzapenak» egin dizkiotela. Funtsean, «2040 urteko Hondarribiaren argazkia egiten du HAPOak», dio alkateak. Behin-behinekoan onartu nahi duten planak 1.500 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duen heinean, horietatik 900 babes publikoak izango dira. Eta Enparanek argi du zein den helburua, «dokumentu honen erdigunean herritarra dago, hondarribiarrek herrian bizitzeko aukera izatea».

Etxegintza paradigma aldaketa

Aurreikusten dituzten etxebizitza publiko kopuruak ikusita, paradigma aldaketa bat datorrela dirudi. Baina legea aplikatzerako garaian irizpideak aldatu besterik ez dituztela egin argitu du Enparanek. «Lurzoruaren Legea eta Etxebizitzaren Legea bete behar du, eta aurretik ere legea berdina zen, baina lege horrek salbuespen batzuk egiten zituen, eta hori izan da aurreko dokumentutik egin dugun aldaketarik handiena», argitu du alkateak, «iritsi ginen konklusio batetara, non Hondarribiko Udalak diru beharrik baino, etxebizitza publikoen beharra duela». Izan ere, azken urteetan promotoreek etxeen %100 merkatu librekoak eraiki izan dituzte herrian, eta legearen arabera eraiki beharreko publikoak  «monetizatu», eta udalak diru-transferentzia gisa jaso izan duen diru horrekin gero, «lurzoruak erosi eta Muliaten bezalako promozio publikoak eraikitzera bideratu behar du», gogoratzen du alkateak.

Aldiz, hau ez da bete azken hamarkadatan. Eta Enparanek egun dagoen etxebizitza arazoaren iturria hor identifikatzen du: «azken urteetako dinamikak eraman gaitu altxortegian diru kopuru handia edukitzera, baina desoreka handia sortu da etxebizitza pribatu eta publikoaren artean, eta orain legeak ezartzen dituen kopuruak errespetatuz (%75 publiko eta %25 pribatua), eskatuko dugu etxebizitzak egiten diren bakoitzean, dirua beharrean, udalak dagozkion etxebizitzak jasotzea».

Horrekin Hondarribiko Udalak etxebizitza parke publiko bat kudeatu ahal izatea espero du, eta horretarako Etxebizitza Bulego bat sortzea ere aurreikusten du udal gobernuak. «Horrekin erantzungo diogu herritarren beharrei, izan ere, azken 10 urtetan 30-45 urte arteko hondarribiarren %31 herritik kanpora joan da bizitzera, kanporatua izan da», kexu da alkatea, eta 1970. hamarkadaz geroztik errepikatu den egoera dela pentsatzen du. 

Hortaz, HAPO berriak herrian bizi nahi duenak aukera izan dezan bermatuko duela uste du alkateak. Eta herri nortasunean eta gizarte kohesioan ere eragingo duela. Izan ere, «etxebizitza pribatuak eta publikoak eremu berean eraikiko dira, eta gizartean, kalean ematen den bezala, elkarbiziko dira», azpimarratzen du, «administrazio publikoak baldintzak jarri behar ditu edozein diru-iturri dutela ere, herritarrek berdintasunean bizi daitezen». Muliate bezalako babes publikoko promozio trinkoen aldean, luxuzko edo gaitasun ekonomiko altua dutenentzako etxeak ugaritu baitira herrian, bereizketa soziala eta «lehen eta bigarren mailako hondarribiarrak» sortzen dituelakoan baitago.

Horrek, bestelako ondorio soziologiko batzuk ekarri ditu. Alkateak dio, herria utzi duten gazteen lekua, kanpotik irtitsi diren heldu edo adineko pertsonek hartu dutela. «Bizi kalitate maila bilatuz iritsi dira, baina horrek gizartea zahartu du, eta gizarte ongizatetik edo zaintzatik ez ezik, zerbitzu publikoetan ere eragin nabarmena du horrek, udalak aurre egin beharrekoa», zehaztu du. 

Etxebizitza alternatiba ugari eta anitza

Bestalde, HAPOak 15 urtetan aurreikusten dituen 900 etxebizitza babestuen artean ere, diru-iturri eta egoera ezberdinetan dauden herritarrentzako aukerak emango dituela iragarri du. «Alokairu soziala egongo da, babes ofizialeko salmentakoak, tasatuak, pribatuak eta kooperatiba bidez ere sustatuko ditugun adineko pertsonentzako alternatibak, adibidez», argitu du Enparanek. Alde horretatik, Alde Zaharrean eta Portuan irisgarritasun arazoak dituzten etxebizitza asko dagoela identifikatu du udalak, historiko edo babestuak daudenez, igogailua instalatzeko aukerarik ez dutenak. Adineko pertsonei alternatiba habitazionalak eskaini, eta haien etxe zaharrak gazteei alokairuan bideratzeko aukera aztertu nahi dute. 

Bestalde, etxebizitza turistikoak mugatuko duen araudia ere zehaztuko du HAPOak, halako jarduera ekonomiko bat eskaintzeko etxe batek bete beharko dituen baldintzak aginduz. 

Nolanahi ere, hau guztia progresiboki garatzeko plana da HAPOa. Eta alde horretatik, orain behin behinean onartu ondoren, Lurralde Antolamenduan zeresanik daukaten Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, URA Agentzia edota Kostaldeko Agintaritza bezalako erakundeek kontrastatu eta haien zehaztapenak egin beharko dituzte. Horretarako urtebeteko epea beharko dela aurreikusten du udal gobernuak. Eta beraz, 2026an hasiko lirateke planifikatutakoak egikaritzen. Etxebizitzen eraikuntzari dagokionez, Montañenea, Kubo Madalena/Labreder eta Labrederren atzealdea eta hilerriaren artean dagoen Etxanikenea lursailean eraikiko diten 345 etxebizitzak izango dira aurrenekoak, HAPOan xehetuak doazelako, eta ez da Plan Partzialik garatu beharko.

Igor Enparanen ustetan, hiru ekimen hauei esker, 300 etxebizitza publiko inguru sortu ahalko dira epe ertain batean. Geroago garatuko lirateke Karmeldarrak (242 etxebizitza: %25 libre ahalbidetzeko, %50 babestuak eta %25 tasatuak) eta Tudelena-Botika eremukoak (422 etxebizitza jasoko ditu. Horietatik %75 babestuak).

Zubieta eta Zaldunborda

Bestalde, jarduera ekonomikorako eremuak Eusko Jaurlaritzak markatzen ditu, eta Hondarribiak ez ditu horretarako orubeak soberan. Hamaika aldiz iragarri eta inoiz aktibatu ez diren Zubieta eta Zaldunborda-Gainako eremuak dira nagusiki HAPOak aintzat hartzen dituenak. Eta horretan ere, irizpide aldaketa nabarmenak ditu dokumentu berriak. EH Bilduko gobernukide Garoa Lekuonak iragarri zuen dagoeneko, Zubietako Parke Teknologikoko (25 bat hektarea) eta Zaldunborda-Gainako 57.489 metro koadroetan «herrian lan egin ahal izateko lanpostu berriak behar ditugula, baina ez edozein preziotan».

Hortaz, Hondarribiko Udalak arlo honetan ere, legea muturreraino estutuko duela iragarri du alkateak. «Zaldunbordan ez da Makro Outletik egingo», argitu du alkateak, «orain Saltoki Handien Legea dago, eta lehen 38.000 metro koadroko gune komertziala baimentzen zen bitartean, orain gehienez ere 15.000 izango dira, eta jarduera singularra behar du izan». Argitu duenez, Oiartzungo Lintzirin ingurukoaren antzera, altzari-saltoki eta auto-kontzesionarioak behar dute. Hala ere, legeak azalera horretatik 8.000 metro koadro udalak bere gain hartu, eta proiektua udalak berak garatzea ahalbidetuko du.

Zubietan, aldiz, Parke Teknologikoa egingo da, baina «herriko balio handiko berdegunea dela kontuan hartuta, lehen sektoreari lotutako berrikuntzarako Parke Teknologiko izan dadila proposatu dugu, Europan halakorik ez dago, eta krisi klimatikoarekin elikadura burujabetzaren erronkak pisu handia hartuko duenez, hori lantzeko zentro bat izango da», dio alkateak. Hau da, ingurua errespetatuko duen eremu ekonomikoa izango da, Enplegu Berdea eta elikadura burujabetzaren erronkari bultzada emateko xedez. 

Agintaldi erdiko balorazioa

Bestalde, udal gobernuak Agintaldi Planaren betetze mailari buruzko autoebaluazioa egiteko konpromisoa hartu zuela gogoratu du Enparanek. Eta aurki agintaldi erdiarena egingo dute xehetasunak emanez. Izan ere, ekainaren 13an Abotsanitz gobernuan sartu zela bi urte bete dira, agintaldi erdia, eta «herria mugitzen eta bizirik dagoela» pentsatzen du alkateak, «proiektu, zerbitzu, akordio eta obra asko» garatu ahal izan dituztela dio, eta iazko uztailean lehen urtea bete berri zutenean, Agintaldi Planean finkaturiko 145 puntuetatik helburuen %20 beteak zituela, eta beste %40 martxan zeudela aditzera eman ondotik, dagoeneko erdia baino gehiago bete dutelakoan dago. «2024 urtea udaletxeko alfonbrak astindu eta martxa hartzeko urtea izan zen, eta 2025 martxa bizkoizteko urtea» dela argitu zuen joan den azaroan inoizko udal aurrekonturik handienak onartzerako garaian. Eta alkatearen ustez, HAPOa da horren adibide garbia. 

Proiektu zehatzei buruz galdetuta, aldiz, luze zerrendatu ditu orain arte egindakoak, eta martxan jartzeko bidean daudenak. Gizarte Zerbitzuetan aurki bulego berria Muliatera eramango dutela iragarri du, baina bitartean, dolu prozesuan laguntzeko zerbitzua, AuzoEkin bezalako bakardadearen kontrako proiektu komunitarioak edota bost urte itxita egon den Kasino Zaharreko kafetegia ireki izana nabarmentzen ditu Enparanek. Eta Gazteria arloan, irailetik aurrera gazteleku zerbitzua Sainduan eskaini ahalko dutelakoan dagoen bitartean, Berdintasun teknikariaren figura eta Alardeari buruz egindako inkesta eta gizarteratzea jarri ditu adibideen artean. Udal Lanpostuen Balorazio Objektiboaren erronka nabarmendu du ere, udalaren eguneroko funtzionamenduan 125 udal langileen interinitate-tasa %70etik %40ra apaltzea lortu dutela goraipatuz, eta «langile eskasiari erantzuteko 15 postu berri betetzeko prozedura» ere martxan jarri dutela.

Era berean, Kultur arloan urte osoan zehar agenda oparoa antolatzeaz gain, Hondarribia Sormen Hiria beka, Madaleneko "Kultura Lokala" edota Polborina ireki dute agintaldi honetan ere. Eta eguneroko kudeaketaz harago, herria arautzeko Terrazen Udal Ordenantza edota hondarribiarren eguneroko bizitza hobetzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lortutako akordioak nabarmendu ditu alkateak; hondartzari buruz edota ekainaren 20 honetan indarrean sartuko diren Lurraldebuseko E29 eta E30 lineak martxan jartzeko, besteak beste.

Igor Enparanek aitortu du «oraindik ere asko dagoela egiteko» agintaldiaren bigarren partean. Eta oposizioko udal taldeen aldetik aldaketa orok eztabaida sortzen badu ere, «gehiago da formetan fondoan baino, proposamen alternatiborik ez baitute gehiegi egiten». Alde horretatik, alkateak oroitarazi du ardurak «gauzak aldatzeko» hartu zituztela, eta bide horretan lanean jarraituko dutela.