Hondarribiko aparkalekuen araudi berriaren lanketan, 166 herritarren ekarpenak jaso dituzte partaidetza saioetan

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 25a

Abenduan egindako lehen bilera orokorraren ondorik, martxoaren 10ean eta 12an Talaia Bordarin, Itsas Etxea Auditoriumean eta Amute auzo elkartean egindako auzokako hiru saio parte-hartzaileetan 166 bizilagunek hartu zuten parte, euren iritzi eta proposamenak partekatuz. Jasotako ekarpenek etorkizuneko aparkaleku-eredua definitzeko lagungarri izango direla nabarmendu du Udalak.

Aparkalekuen ordenantza «kontsentsuzkoa» izan dadin herri osoa inplikatu nahi zuela aditzera eman zuen Hondarribiko Udalak, hasierako proposamena aurkeztu zuenean. Eta egindako azterlana gizarteratzeko abenduaren 16an Itsas Etxean antolatutako bilera irekian 70 lagunek parte hartu ondoren, hunkitutako auzo eta eremuetako bizilagunekin hiru partaidetza saio egin zituzten martxoaren 10ean eta 12an Talaia Bordarin, Itsas Etxea Auditoriumean eta Amute auzo elkartean. Guztira, 166 bizilagunek hartu zuten parte, euren iritzi eta proposamenak partekatuz.

Estitxu Urtizberea Sorzabal, Hirigintza zinegotziak parte hartu zuten guztiak eskertu ditu, saioetan jasotako ekarpenek etorkizuneko aparkaleku-eredua definitzeko lagungarri izango direla nabarmenduz. «Auzo bakoitzeko errealitatea eta egunerokoan bizi dituzten arazoak eta proposamenak entzutea funtsezkoa da erabaki hobeak hartzeko», azaldu du. Eta Hondarribiko Udalaren ustez, erabakiak herritarrekin batera lantzea, bide egokia dela nabarmendu du.

Azterketa teknikoetan oinarrituta

Proposamen gehiago jasoko zituztela pentsatzen zuen udal gobernuak «gaiak sorrarazten duen eztabaida ikusita». Hala ere, bildutako ekarpen horien gehiengoa «eskaera edo kezka pertsonalak» izan direla argitu du Urtizbereak, baina horietariko bat Itsas Etxeko saioan ere mahaigaineratu zen galdera bat izan zela aitortu du. «Aparkaleku ereduaren proposamena udalarena ote den jakin nahi izan dute, eta galderari kasu egin nahi izan diogu», azaldu du zinegotziak.

Alde horretatik, enpresa tekniko batek egindako azterlan sakon baten diagnostikoan oinarritutako proposamena dela gogoratu du. Berez, 2024ko udan hasi ziren zirkulazio handiena duten eremuetan konteo lanak egiten, eta joan den udan, TAO froga pilotuak egin zituzten Pasaia kalean, Soroeta-Berrin eta Amute auzoan, «eremu bakoitzaren problematika» ulertzeko. Ondorio garbiak atera zituzten, Estitxu Urtizbereak argitu duenez, hiriko gune guztietan ez direlako dinamika bertsuak ematen, eta zuzendu beharreko errealitateak ezberdinak direlako. «Udan eta aisialdi garaietan aparkaleku eskaintza ez da nahikoa herrian, eta aireportuak ere presioa eragiten du egoiliarrengan», argitu du. Aldiz, badira beti presio handia duten gune batzuk. Kotxeak gaizki aparkatuak egon ohi baitira urte osoan zehar Alde Zaharra eta Portuan bereziki.

Horren arabera hiri osoa zonifikatzea proposatu dute. Baina eta hori abiapuntua izanik, herritarren errealitatera egokitutako planteamendua dela dio udal gobernuak, eta egoiliarrei lehentasuna emateko filosofian oinarrituta dagoela. Dena den, herritarrek aberastu duten araudi eta eredua izango da partaidetza saio hauei esker. 

Herriko mugikortasuna hobetzen

Alde horretatik, hirian mugikortasun jasangarriago baten alde urratsak egiteko, hiru ardatz edo helburu finkatu zituen Hondarribiko Udalak agintaldi honetan. Aurki martxan jarriko duten hiri-busa batetik, joan den astean udalbatzan onartutako Terrazen Ordenantza bestetik, eta azkena, aparkalekuen araudiaren eguneraketa. Aparkalekua, orekaz antolatu izeneko proiektu honekin herrian dagoen aparkaleku arazoari ezinbestean heldu beharra dagoela sinetsita dago udal gobernua. Eta «haserreak kudeatu» beharko dituztela aitortu izan du Igor Enparan alkateak, baina «kontsentsuzko araua» lortzeko herritarrekin partaidetzarekin ondu nahi dute.

Izan ere, Hondarribian 9.252 ibilgailu daude erroldatuta, eta urteko sasoiaren arabera kanpoko ibilgailuen presioa handia izan ohi da. Aldiz, espazio publikoan 3.574 aparkaleku besterik ez daude herrian. Hartara egoiliarrentzako lekuak zehazteko garaje eta aparkaleku pribatuak ere aintzat hartu dituzte azterketa teknikoan. Auzo eta gune bakoitzaren errealitateari egokitutako plaza kopuru eta mota ezberdinak aurreikusten baititu oinarrizko proposamenak.

Batetik, egoiliarrentzat erreserbatutako lekuak (eremu txuria). Bestetik, eremu berdeak (erregulatutakoak). Eta azkenik, ordainpeko estazionamenduaren iraupenaren araberako hiru motatako TAO guneak. Eremu urdina (4 ordu artekoa), eremu gorria (errotazio handikoa) eta eremu morea, batez ere bisitarientzako epe luzerako aparkalekuak izango liratekeenak. Hauek batez ere hondartza aldean aurreikusten dituzte.