Juana Mugarrieta, Jaizkibel, Emeki, Pentsagune feminista, Marlaxka Xake Elkartea eta Hondarribiko Bilgune Feministak hedabideei igorritako gutun ireki bat izenpetu dute gaur, “Ongi etorri berdintasun plan berriari” izenekoa. Joan den astean udal gobernuaren aldeko bozkekin onartu zen II. Berdintasun planak 2023ko EAEko Berdintasun Legea Hondarribian aplikatzea dakarrela argitu dute, eta hainbat zehaztapen egin prozesuari buruz.
Azaldu dutenez, lege horren hegalpean sortu zen berdintasun mahaia, eta “espazio autonomo, feminista eta demokratikoa” dela diote. Gainera, partaideentzat “informazio, eztabaida, azterketa, aholku eta proposamen gune” bat dela ere gehitu dute. Eta argitu dute lana ez dela bukatu: Berdintasun Plana sortzean ekarpenak egiteaz gain, betetzen dela gainbegiratzea ere badagokie.
Elkarlanean landu duten berdintasun planeko neurrietan, bi ziren alardeari buruzkoak. Agiriaren izenpetzaileen iritziz, alardearena “ez da formei buruzko eztabaida hutsa, ez iritzi edo sentsibilitate kontu bat”, “egiturazko zapalketa” bat baizik. Hala, eskubide kontu bat izaki, iritzien maila berean ez jartzeko eskatu dute.
PSEk eta EAJk berdintasun mahaiari “zilegitasuna kentzeko” ahaleginak egin dituztela diote agirian, eta hori gaitzetsi dute. Larria iritzi dute “batetik 2023ko Berdintasun legea haizatzea eta bestetik herrian hain jarrera baztertzailea defendatzea”.