EAJ-PNV udal taldeak Hondarribiko etxebizitza larrialdia arintzeko Udal Gobernuak egindako dokumentuari ekarpenak egin dizkio. Talde jeltzaleak positibotzat jotzen du etxebizitzaren egoeraren inguruko diagnostikoa egitea, baina «benetan jarduteko aukera emango duten neurriak zehaztea» beharrekoa dela uste du. Alde horretatik, Hondarribian etxebizitza eskuratzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den estrategiaren barruan kokatzen diren bost proposamen egin dituzte. «Funtsezkoa da Hondarribia politika horiekin lerrokatzea, eta eskuragarri dauden tresna guztiak aprobetxatzea», azpimarratu dute.
Jeltzaleek proposatutako bost neurrien artean, batetik, gazteentzako alokairua eta emantzipaziorako udal laguntzak berehala martxan jartzea eskatu du EAJ-PNVk. Diotenez, «udal aurrekontuan jasota dauden arren oraindik ez dira garatu». Bestalde, etxebizitzen birgaitzea sustatu beharra dagoela diote jeltzaleek, eta horretarako auzokide eta komunitateei Eusko Jaurlaritzaren laguntzak eskuratzen lagundu beharra dagoela, eraikinen irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna eta kontserbazioa hobetzeko.
Era berean, Hondarribiko etxebizitza hutsen egoera aztertu nahi du EAJ-PNVk. Eta horri lotuta, etxebizitza hutsak merkatura atera eta jabeak alokairura bideratzeko programak abian jartzeko neurriak eskatzen dituzte. Zentzu horretan, jabeei pizgarriak eskainiz eta dagoeneko dauden programatan oinarrituta, gazteei zuzendutako alokairu gehiago eskuragarri jar daitezkeela pentsatzen dute.
Azkenik, udal etxebizitza zerbitzu bat sortzea ezinbestekoa dela nabarmentzen dute jeltzaleek. 2023ko udal hauteskundeetan jada, EAJ-PNVren herri programa Etxebizitzaren Udal Bulegoa sortzea proposatu zuen. Eta oraingoan ere, herritarrei informazioa, aholkularitza eta laguntza eskainiko diena laguntzak eta programak eskuratzeko, halako egitura baten beharra ikusten dute, «askotan aukerak galtzen direlako informazio faltagatik edo izapideak zailak direlako».
Berehalako neurrien beharra
Halaber, EAJ-PNVk gogorarazi du etxebizitza berrien sorrera zuzenean lotuta dagoela (HAPO) Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren garapenarekin. Taldeak ohartarazi du, prozesuan egindako aldaketa esanguratsuek eta izapidetze moduak ziurgabetasun juridikoa sortzen dutela, eta horrek «zuhurtziaz jokatzera» behartzen duela epe laburreko etxebizitza berrien aurreikuspenetan. HAPOak 1.590 etxebizitza eraikitzeko aukera aurreikusten du, horietatik 900 inguru parke publikokoak. Baina jeltzaleek HAPOaren segurtasun juridikoa erabat bermatzen ez den bitartean, berehala martxan jar daitezkeen neurrietan indar bat egitea proposatzen du.
Gogoratu beharra dago, 2040 urteko Hondarribia marraztuko duen HAPOari hasierako onespena eman zioten 2025eko ekainaren 19ko udal osoko bilkuran. Eta prozedura jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Batzordeak HAPOari buruz egindako txostena jaso zuen udalak martxoan. Txostena egokia bada ere, prozesua hiru hilabetez luzatuko dela iragarri duela udal gobernuak. Batik bat ingurumen eta ondare arloko zehaztasun teknikoak egiteko, eta segurtasun juridikoa hobetzeko.