Hondarribiko Udalak, EAJ-PNV gobernuan zela, 2022. urtean lehendabiziko aldiz antolatutako udal aurrekontu parte-hartzaileetan 710 herritarrek bozkatu zuten, eta horietatik %35ak Biteri eskola pareko haur parkea estaltzea erabaki zuten. Haatik, lehen saiakera hura ez zen Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen dituen partaidetza irizpideen arabera antolatu. Izan ere, udalak berak proposatutako bost proiektuen artean hauta zezaketen herritarrek, besterik ez.
Oraingo honetan, «herri oso baten proiektua» izan dadin, herritarrak, udal talde politikoak eta udal teknikariak inplikatu nahi izan dituen prozesua antolatu dute Hondarribiko Aurrekontu Parte-hartzaileen aurreneko edizioan. Igor Enparan alkateak argitu duenez, lehen aldia izan baita Hondarribian «prozesu egituratu» batean oinarrituta halako ekimen bat egiten dela. 200.000 euro herritarren esku jarri ditu udalak zertara bideratu nahi duten erabaki dezaten. Lehentasunak eman dituzte proiektuak onartzeko eta baloratzerako garaian. «Herriaren nortasuna eta kohesioa indartzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, eta onura komunitarioa sortzeko» irizpideak betetzen zituzten proposamenak egiteko aukera luzatu zitzaien herritarrei azaroaren 17tik 26ra.
Orotara 228 ekarpen jaso zituzten, eta alkateak aditzera eman duenez, jasotako kopuruak «argi erakusten du herritarrek badutela interesa eta konpromisoa». Eta parte hartu duten herritarren adin eta profil ezberdinak ikusita, herriaren aniztasun sozialaren irudikoa izan delakoan dago. Izan ere, generoari begiratuz gero, 115 emakumezkok parte hartu duten bitartean, 69 gizonezkok eta 38 ez bitarrak bezala identifikatu diren hondarribiarrak izan dira. Eta adinari erreparatuta, 17 proposamen 16-30 urte arteko gazteek egin dituzten bitartean, gainerako adin tarteetan oreka nabarmena izan da: 65 proposamen (31-45 urtekoak), 68 (46-65 urtekoak) eta 55 ekarpen 65 urtetik gorakoek egindakoak izan baitira.
Azken bozka fasearen beharrik ez
Jasotako proposamenak udal teknikarien galbaetik pasatu, eta bideragarri ote diren aztertu ondoren, otsailean egitekoa zuten proposamen finalisten artean hautatzeko bozka fasea. Baina azkenean ez da halakorik egin behar izan. Garoa Lekuona, Berme Taldeko ordezkariak azaldu duenez, teknikariek 20 proposamen egingarri helarazi zizkieten udal talde politiko bakoitzetik ordezkari banak osatutako Berme Taldeko kideei. Eta aipatutako puntuazio irizpideak kontuan hartuta, 12 izan dira baloraziorik altuenekin onartu dituztenak.
Hasiera batean 200.000 eurotara mugatutako ekimena zen. Baina EH Bilduko zinegotziak argitu duenez, hamabi proposamenak gauzatzeko egin beharreko inbertsioa 210.168€koa zenez, egokitzapen bat egitea erabaki dute azkenean. AZTIKER aholkularitza enpresak bozka fasean herritarrek erabaki eta baldintzak betetzen zituzten proiektuak kanpoan uztea, ala Hondarribiko Udalak denak egiteko eskas zen dirua bideratzeko aukera proposatu zien. Eta Lekuonak azaldu duenez, bigarrena adostu zuen Berme Taldeak aho batez. «Lehenetsitakoen artean, udalak bere gain hartzea, eta herritarrek egindako ahalegina eta aurkeztutako proposamen bideragarri guztiak errealitate bilakatzea erabaki dugu», azpimarratu du.
Esperientzia aberasgarria, ikasketa kolektiboa
Alde horretatik, Igor Enparan alkateak hilabeteotan egindako prozesua balioan jarri nahi izan du. «Guretzat bide onean ari garela baieztatzen du, herritarrek badute zeresana, eta badute nola esana ere», esan du, udalarentzat ahaleginak merezi izan duelakoan, «esperientzia honek argi uzten du, parte-hartzea tresna baliagarria ez ezik, ikasketa kolektiborako ariketa ere badela, bai udalaren aldetik, bai herritarren aldetik ere». Horregatik, Hondarribiko Udalarentzat aurtengoa abiapuntua besterik ez da. «Etorkizunera begira, ez da ekimen puntual bat, prozesu hau ez da hemen amaitzen, aurrekontu parte-hartzaileen ekimena egonkortzen saiatuko gara», hitzeman du alkateak.
Bestalde, gainerako proposamenak ez dira ate atzean geratuko. «Badaude beste hainbat proposamen baldintzak maila apalagoan betetzen zituztenak, eta udal sailetara bideratuko ditugu, oraindik badute aukera bere ibilbidea egiteko», argitu du Enparanek. Izan ere, alkatearen ustez, prozesuan egindako entzuketa ariketa horrek herritarren kezka eta eskaera nagusiak zeintzuk diren irudikatzeko balio izan duela argitu du.
Hala ere, herritarrek aurkeztutako 228 proposamenetatik 12 baino ez dira mementoz gauzatuko. Baina «gardentasunez jokatu» nahi dute, eta iragarri dutenez, laster udalaren webgunean argitaratuko dituzte aurrera egin ez duten proposamenen trazabilitate txostena. Udal teknikariek 228 proposamenetako bakoitzaren fitxa eta azterketa teknikoa, eta kanpoan geratu izanaren arrazoia azalduko dute.
Hauek dira 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez gauzatuko diren proiektuak:
-
Puntaleko haur parkea berritzea – 87.120,00 €
-
Guadalupen zabuak jartzea – 42.350,00 €
-
“Asto bidea” konpontzea – 18.150,00 €
-
Hondarribiko euskararen inguruko azterlana – 17.545,00 €
-
Bizikleta-bideen arteko loturen azterketa – 14.520,00 €
-
Helduentzako gimnasia-aparatuak Biteri kalean eta Kasino Zaharrean – 14.371,78 €
-
Alde Zaharreko parkinen seinalizazioa hobetzea – 5.747,50 €
-
Butroi pasealekuko komunen ordutegia zabaltzea – 4.071,57 €
-
Zebra-bideen argiztapena Amuten eta Kosta kalean – 2.286,90 €
-
Akartegi auzoan bankuak jartzea – 1.815,00 €
-
Bizikleten aparkalekua Jaizkibel Hiribidean – 1.085,37 €
-
Amute kirolguneko kartelak berritzea – 1.085,37 €