Baztango Plazara Dantzara! kolektiboa omenduko du Jaizkibel konpainiak aurtengo Hondarribia Berdintasun Hiria Sariarekin

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 15a

Konpainia parekideak aditzera eman duenez, sari honekin Plazara Dantzara! kolektiboa omendu eta eskertu nahi dute Baztango dantzetan emakumeon parte hartzea bermatzeko egindako borrokagatik. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 5ean egingo dute ate zabalik Itsas Etxean, eta Esanezin taldearen kontzertuarekin borobilduko dute.

Berdintasun Legea konplitzeko betebeharra erakunde publiko guztiena dela oroitarazi du Jaizkibel konpainiak urtero jaien atarian antolatu ohi duen Hondarribia Berdintasun Hiria sariaren ekitaldian. Aurten 12. edizioa izango dute, eta irailean antolatu beharrean, ekainaren 5ean egingo dute ekitaldia, 19:00etan, Itsas Etxeko auditoriumean. Aurten Esanezin taldearen emanaldiarekin borobilduko dute ekitaldia. 

Konpainia parekideak aditzera eman duenez, sari honekin «berdintasunaren aldeko borroka eredugarriak» gogora ekartzen dituzte urtero. Eta oraingo honetan, Plazara Dantzara! kolektiboa omendu eta eskertu nahi dute Baztango dantzetan emakumeon parte hartzea bermatzeko egindako borrokagatik.

Jaizkibel konpainiak azpimarratu duenez, «Bidasoak lotzen ditu Baztan eta Hondarribia eta, azken urteetan, jaietan emakumeen parte hartzearen aldeko aldarrikapenak ere lotzen gaitu, hemen alardean eta han mutil-dantzetan». Baztango mutil-dantzetan emakumeen dantzatzeko nahia eztabaida iturria izan dela gogoan hartu dute saria ematerakoan, «ez da bidea erraza izan, botere eta genero-harremanek ere berdin funtzionatzen dute Baztanen eta Hondarribian» diote. Baina ibilbide gatazkatsua izan arren, emakumeak jaietan plazan dantzan aritzea lortzen ari direla nabarmentzen du Jaizkibel konpainiak.

Hau dela eta, aurtengo Hondarribia Berdintasun Hiria saria Baztanera joango da. Izan ere, 2023ko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen bezala, 2024tik plazak betetzeko eta gure kulturaren aberastasuna harrotasunez erakusteko deialdia luzatu du Plazara Dantzara! kolektiboak. Gaur egun askatasunez plazan dantzatzeko aukera hori edukitzeko bide luze eta gatazkatsua egin dute, baina bide hori irekia mantentzeko eta Baztango Mutil-dantzak bizirik irauteko ezinbestekoa da herriko plazetan dantzatzea. «Lan hau ez da emakumeen eta mugimendu feministaren ardura bakarrik», kolektiboaren arabera, «Mutil-dantza herri ondarea denez herritar guztiena da hau bizirik eta aberats mantentzea». Beraz, bazterketarik gabe, lotsarik gabe eta boikotik gabe plazak dantzak hartzeko lanean jarraitzen dute.

Jaizkibel konpainiak halako beste hainbat ekimen sariztatu ditu azken urteetan, 1880tik ospatzen den Antzuolako alardea adibidez, 2023an saritu eta gonbidatu zituzten Hondarribira.