auzoak

Juan Mari Arrozpide: «Arkolla eta Zimizarga batzera goaz, komunitatea indartu eta dauzkagun gabeziak administrazioari elkarrekin bideratzeko»

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 15a

Bi auzo hauetan dauden 125 bat etxe eta baserriak bilduko dituen auzo elkarte berria sortzeko batzarra deitu dute Santiagotxo elkartean, maiatzaren 21ean (19:00tan). Zimizargako alde urbanoan dagoen Muliate auzunea ez dute kontuan hartuko, «problematika ezberdinak dituelako». Baina Santiagotxo elkargune bilakatu eta, auzo giroa berpiztearekin batera, «amankomunak diren aspaldiko beharrak eta arazoak konpontzeko» administrazioarekin bitartekari lanak egingo dituen egitura indartsu baten beharra sentitzen dute.

Arkolla auzoko XII. mendeko Santiagotxoko ermita (Hondarribiko eliza zaharrena) Donejakue Bidearen kostaldeko bidegurutze eta interesgunea da. 1978an aldaretik lapurtu zuten Santiago Beltz irudia, eta inoiz gehiago ez zen izan horren berri. Haatik, auzoaren berririk ere ez dute hondarribiar askok, herriko eguneroko bizitzan ez delako pasoko bidea. Beste askorentzat leku esanguratsua bada ere, tamalez, azken hamarkadatan bertatik pasa ohi diren erromesek agintariek baino gehiago erreparatu dute auzoan.
 
Hala ere, Arkolla eta alboko bizilaguna duen Zimizarga auzoetako 125 bat etxe eta baserrietako auzokideak indarrak batzera doaz. Maiatzaren 21ean (19:00tan) aparteko batzarrera deitu baitu duela zenbait urte eratu zen Arkolla Bizilagunen Elkarteak, hemendik aurrera Arkolla-Zimizarga Auzo Elkartea bilakatzea adosteko. 
 
Hondarribiko Udalak abian jarri nahi duen Auzo Bihotzak egitasmoa gogoan hartu dute, eta Santiagotxo ingurua landa eremu honen elkargune eta erreferentzia izan dadin nahi dute. «Horretarako, hausnarketa bat egin beharko da ermitaren eta auzo elkartearen eremuan ez dagoelako aparkatzeko tokirik, eta auzoa girotzeko eta komunitatea sortzeko beharrezkoa dugun topaleku egokiena da», dio Juan Mari Arrozpide Arkolla auzo elkarteko presidenteak. Argi du gaur egungo bizimodu azkarrak ez duela garai bateko baserrien arteko harremanarekin zerikusirik. «Norbere kotxean etxetik lanera eta etxean bakartua bizitzera garamatza», aitortzen du, baina horregatik hain justu, bizilagun guztiek haien beharrak, kezkak eta proposamenak egiteko auzo elkarte baten egitura sendo bat beharrezkoa ikusten du. 
 
Hondarribian Mendelu, Amute eta Arkollako auzoetan baino ez da egon azken urteetan auzo elkarte dinamika azkarrik. Baina auzogintzaz harago, udalgintzan eragiteko ere, auzo elkartea administrazioarekin bitartekari balizkoena dela pentsatzen du Arrozpidek. «Bestela, modu partikularrean jotzen dugu udaletxera, baina gauza asko ditugu landa eremuko bi auzo hauetan amankomunean aldarrikatzeko», azpimarratzen du Arrozpidek. 
 
Joan den martxoan Igor Enparan alkatearekin egindako bileran, udalak aurreikusitako inbertsio planean aspaldiko urtetan Arkollan eskatu dituzten hobekuntza zenbaitzuk kontuan hartzen dituztela jakinarazi zien honek. Bistan denez, Arrantzale auzoko lanak amaituta, aurten Pasaia kalearen zaharberritzea egingo du udalak. Eta itxaron-zerrendan hurrengoak direla hitzeman diete.
 
Aspaldiko kezkak, betiko beharrak
 
Jaitzubia batetik, Kosta auzoa bestetik, eta Akartegi dituzte bi auzoek mugakide. Eta Muliate baserria zeneko lurretan sortu duten auzune berria Zimizarga dela kontuan hartuta ere, «Muliate auzo elkartean ez barneratzea erabaki dugu, alde urbano horrek beste problematika batzuk dituelako, eta nekazal eremuetako arazoak aztertu eta konponbideak bilatu nahi ditugu», argitu digu Arrozpidek. 
 
Alde horretatik, mendialdean Zimizarga auzoko Borda Txiki (Infernu) baserritik hasi eta Txiplaoraino, eta Santa Engrazitik Llobregateko bidean gora dauden Arkolla auzoko etxe guztiak bilduko ditu auzo elkarte berriak, Santiagotxo eta bere inguruekin. Urte luzetan heldu gabeko arazoak dituztela gogoratzen du Arkolla auzo elkarteko presidenteak. Izan ere, 2019an indarrak batzeko lehen saiakera egin zuten hainbat bizilagunek ur saneamendu sareak behar dituen inbertsioak aldarrikatzeko. Txiplao Errekaren Arroako Sanemendurako Auzotarren Kolektiboa aurkeztu zuten orduan, Hondarribiko Udalak eta Txingudiko Zerbitzuek 20 urtez entzungor egin ondoren, garaiko alkate Txomin Sagarzazu eta Txinzerreko kudeatzailea Leire Zubiturren eskutik jasotako azken ezezkoa eta gero.
 
Guadalupe azpiko Postigu nekazal-etxetik hasi eta Txiplao gaineko muinora bitartean (Jaizkibel kanpalekua, nekazal-etxe ugari eta Endaneako haztegia barne), ur zikinak Txiplao errekara zuzenean isuritzen baitituzte askok eta askok. Ur fekal edo zikin hauek, Santan Engrazitik eta Zumardiaren (Alameda) atzealdetik aurrera, Molla ibilbidean (Arraun Elkarte parean), eta Bidasoa ibaian bukatzen dute. «Etxe askok fosa septiko propioa dute», gogoratzen du Arkolla auzo elkarteko presidenteak, baina auzoa sareari lotua behar duela aldarrikatzen du. Hala ere, zazpi urte pasa dira, eta ur zikinek bere horretan segitzen dute.
 
Ezin ahantzi daiteke, agintariek arazo partikularra dela aditzera eman izan dietela. Baina ondorioak orokorrak dira. Izan ere, urte luzeetan Eusko Jaurlaritzak Bidasoa ibaian itsaskiak harrapatzeko debekua ezarri izan du, (Escherichia coli) bakterioaren presentziagatik. Bakterio honen presentziak, uretan kakaren presentzia dagoela agerian uzten du. AZTI erakundeak azterketak egin izan ditu kaka honen iturria zein den jakiteko. Baina bistan da, agintariek jakinaren gainean daudela. 
 
Baina inbertsio handia eskatuko lukeen ur saneamendu arazoaz gain, nekazalbideak atondu, kale-argiztapena eta beste hainbat arazo identifikatu dituzte. Arrozpidek dioenez, Hondarribiko Udalak 90. hamarkadako arau subsidiarioetan Arkolla auzoa bitan banatu zuen. Santa Engrazi aldera ematen duen aldea urbano gisa izendatuz, eta gainerakoa landa eremua. «Baina urbanoa den horretan ere, ez dute hirigintza hobekuntzarik egin», dio. Kaleko argiteria instalatu izan dute gune zehatz batean, baina espaloiak eta auzo inguruak atontzeko gainerako ekintzen esperoan jarraitzen dute. 
 
Bestalde, Amuteko kirolgunetik Santiagotxora igotzeko malda zirkulazio handiko bidea da. Eta neurriak hartzea eskatzen dute. «Maidaneatik gora baserriak daude, nekazal-etxeak eta jatetxeak ere, eta bi noranzko duen nekazal-bidea izanik, ez dago espaziorik bi ibilgailu pasatzeko», argitzen du auzo elkarteko ordezkariak. Hartara, gauza txikietatik hasi eta azpiegitura estrategikoetara jo nahi dute, urtetan abandonatutako nekazal-auzoak erdigunean jar dezatela galdegiten baitiete agintariei, «dena egiteko» dagoelako.
 
Auzo giroa suspertzeko gogoa
 
Baina besteren akatsak ikusteko ez da betaurreko beharrik. Autokritika eginez gero, berriz, Arkolla eta Zimizargako bizilagunek azken urteetan galdutako auzo giroa ere berreskuratu nahi dute ahal den neurrian. «Garai batean Santiagoko jaietan ekintza asko antolatzen ziren auzoan, baina belaunaldi hura joan eta inork ez du lekukoa hartu», aitortzen du auzo elkarteko kideak, «eta uda honetarako hainbat ekimen antolatzeko asmo dugu». Alde horretatik, auzo elkartea indartzea giltzarri izan daitekeela uste du, urte osoan zehar ere komunitatea egiteko.
 
Azken asteetan, adibidez, zaintza komunitarioa bultzatzeko Auzoekin programaren eskutik, adineko hamar lagun inguru elkartu ohi dira Ballestanea jatetxean antolatzen duten Kafe Tertulian. Arrozpideren ustez, «ezinbestekoa da auzokideen arteko harremana indartzea, komunitatea egitea».
 
Horrenbestez, sarea josten hasteko, maiatzaren 21ean (19:00etan) Arkolla-Zimizarga Auzo Elkarte berria eratzeko, edo adosteko, antolatu duten batzarrean parte hartzera animatzen ditu bizilagun guztiak, denon faboretan izango delakoan sinetsita baitago: «Etxez etxe informatzen aritu gara, eta gehientsuenek ondo ikusi dute eta interesa agertu dute».