Kantina itxi eta eraitsi zutenetik, Guadalupetik pasatu ohi diren mendizaleek ez dute salda eta mokadu bat hartzeko ostaturik. Eta inguru horrek garai bateko bisitari kopururik jasotzen ez badu ere, udaberritik aurrera eguraldiak laguntzen hasten denean jende askorentzat topaleku bilakatzen dira Guadalupeko zelaiak. Hau kontuan hartuta, Hondarribiko EAJ-PNVk Guadalupe ingurua hobetzeko 160.000 euroko inbertsioa egitea proposatu du. Santutegiak eta Guadalupeko begiralekuak urtero erakartzen dituen milaka bisitariez gain, «herritarren topagune nagusietako bat» dela gogoratu dute jeltzaleek, eta horregatik beharrezkotzat jotzen dute espazio honen baldintzak egokitzea eta hobetzea.
Zehazki, EAJ-PNVk dauden bankuak eta mahaiak berritzea proposatu du, bertaratzen diren pertsonen egonaldia erosoagoa izan dadin. Baina ingurua atontzeaz gain, behin-behineko ostalaritza zerbitzu bat martxan jartzea planteatu dute, «erabilera handieneko hilabeteetan dagoen eskariari erantzuteko».
Era berean, Guadalupeko santutegiko freskoetan esku-hartze bat egitea proposatu dute, ondare elementu garrantzitsu honen kontserbazioa bermatzeko.
Guadalupen egindako azken esku-hartzeak
Gogoan hartu behar da, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak santutegiaren aurrealdea atontzeko proiektua aurkeztu zuela joan den astean. Errepideko abiadura mantsotzeko 404.886 euroko esku-hartze bat iragarri du Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak. Zehazki, abiadura muga 20 kilometro ordukoa izango duen oinezkoentzako pasabide moduko plataforma bat egokituko dute santutegiaren ataria eta begiralekua lotzeko. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak aditzera eman duenez, 5 metro zabaleko plataforman hiru zebra-bide sortuko dituzte, oinezkoen segurtasuna eta santutegiaren inguruko irisgarritasuna hobetzeko. Izan ere, zirkulazioa baretu eta oinezkoei lehentasuna emateko helburua dute.
Bestalde, Guadalupeko gotorlekuaren hainbat egitura zaharberritzeko 300.000 euroko inbertsioa egin du Hondarribiko Udalak azken bi urtetan, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako Europako NextGeneration diru-funtsari esker. 2025ean 1.203 lagunek Arma Plazan erreserba bidez bisitatzeko aukera izan duten arren, Hondarribiko «egitura arkitektoniko-historiko handiena eta ezezagunena» aurrerantzean herritarrentzat «parte batean irekita» uzteko asmoa aditzera eman baitu udalak.