Alardearen auzian zaharrak berri Hondarribian bezala, Gasteizen ere

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 11

Jaizkibel konpainiak Eusko Legebiltzarreko Berdintasun Batzordean parte hartu zuen atzo, martxoko udalbatzan EAJk eta PSE-EEk Hondarribiko II. Udal Berdintasun Planaren kontra bozkatu ondoren. Berdintasun Legea jaietan ere betearazteko lagundu dezatela eskatu zieten. Egoera «distopikoa eta erridikulua» izanik, 30 urteotan «diskriminatzen dutenekin hitz egiten saiatu eta gero, orain zuen laguntza eskatzen dugu», adierazi zien legebiltzarkideei Ixabel Alkainek bideokonferentziaz. Haatik, jeltzaleak eta sozialistak Hondarribiko alderdikideen diskurtsoa babestu zuten, Berdintasun Planaren eztabaida edukian baino formetara mugatuz.

Atzo Eusko Legebiltzarreko Berdintasun Batzordean parte hartu zuen Jaizkibel konpainiak. Martxoan Hondarribiko udalbatzan azken 30 urteotan herrian bizi den haustura politiko eta soziala irudikatu zen  Udal II. Berdintasun Planaren onarpenean. EAJk eta PSE-EEk plan osoaren aurka bozkatu izana «oso larritzat» jo du konpainia parekideak. Ixabel Alkain eta Nora Ferreirak, Jaizkibelgo lehen kapitainak eta egungoak hartu zuten parte bideo konferentziaz, eta konpainia parekideak duen kezka plazaratzeko hitza eman zitzaien.

Ixabel Alkainek adierazi zuen Berdintasun Planak «itxaropena» piztu duela herrian, baina «oso gogorra» izan dela jeltzaleek eta sozialistek dokumentuaren aurka bere osotasunean bozkatu izana. Planak 124 ekintza aurreikusten dituelako, eta horietariko bi besterik ez dira alardeari lotutakoak. Hala ere, Hondarribian Berdintasun teknikaria eta Berdintasun Mahai bat sortzea lortu dutela nabarmendu du Alkainek, eta kezka plazaratzearekin batera, eskaera zuzena egin diete Eusko Legebiltzarreko alderdi guztietako ordezkariei. 2005ean onartu eta 2022an hobetutako EAEko Berdintasun Legea jaietan ere betearaztea. «Diskriminatzen dutenekin hitz egiten saiatu gara modu ezberdinetan, eta orain zuen laguntza eskatzen dugu, ez dakit zein distopia mota den, erridikulua da gaur egun oraindik ere horrelako agerraldia eman behar izatea», adierazi die legebiltzarkideei.  

30 urte beteko dira Hondarribiko alardean gatazka hasi zenetik. 1993an hasi zen emakume talde bat orduan Hondarribiko Udalak antolatzen zuen alardean parte hartzeko eskatuz. Eta erantzunik jaso ez zutenez, 1996an kaleak hartzea erabaki zuten. Hiru hamarkada geroago denak berdin jarraitzen du. Izan ere, Hondarribiak Berdintasun Plan berria badu, adostasunik gabe onartutakoa. Eta konpainia parekideko kideen mintzaldia entzun ondoren ere, beren jarrera eta elkarrizketaren mantrari eutsi diete sozialistek eta jeltzaleek, Hondarribian bezala, Gasteizen ere.

Alderdien txandan, Patricia Campelo sozialistak bere alderdiak berdintasunaren alde duen jarrera ezin dela auzitan jarri azpimarratu duen bitartean, EAJko Marijo Etxegoien legebiltzarkideak berdintasun legeak garatzen eta Emakunde sortzen jeltzaleak aitzindariak izan zirela gogoratu du. Eta Emakundek urtero Jaizkibel konpainiari harrera egiten diola argitu ondoren, funtsean, Hondarribiko alderdikideen jarrera eta erantzun bertsua eman zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Berdintasun Batzordean. «EAJk eta PSE-EEk ez zuten planaren aurka bozkatu, herriko emakume talde bati ez zitzaiolako prozesuan parte hartzen utzi baizik, eta horrek ez du gatazka konpontzen lagunduko», argitu du Marijo Etxegoien.

Era berean, 2023an Hondarribiko udal talde politiko guztiek adostutako adierazpenaren asmoetan sakondu beharra dagoela aditzera eman du. «Herri baten elkarbizitza ez da legebiltzar batean dekretatzen, kanpotik erraza zaigu iritziak ematea, eta oso zaila urte luzetan komunitate baten iritzia ulertzea, baina aurrerapenak herrian bertan eraikitzen dira, eragile eta erakundeen bidez, elkar entzunez eta elkar aitortuz», gomendatu du EAJko legebiltzarkideak. 

Alde horretatik, elkarrizketaren bidean 30 urte daramatza sakontzen Jaizkibel konpainia. Hori da Nora Ferreirak, Jaizkibelgo egungo kapitainak gogora ekarri duena. Hondarribiko Emakumeak taldearen helburu nagusia emakumeek alardean berdintasunez parte hartzearen aurka egitea dela oroitarazi du, eta ez zela koherentea prozesuan parte hartzea, baina hala ere, Jaizkibel konpainia elkarrizketarako prestutasun osoa izan duela beti, eta haiek direla eseri nahi izan ez dutenak urteotan guztiotan. 

Bestalde, EH Bilduko legebiltzarkide Diana Urreak gogoratu du Hondarribiko Emakumeek Berdintasun Planari ekarpenak egiteko bideak eskaini dizkiola udalak. Baina Abotsanitz eta EH Bilduren bozkekin onartutako planaren edukian baino, eztabaida formetan oinarritzea okerra dela deritzo. Berdintasun Legea argia delako bere ustetan, eta «legea aplikatuz gero emakumeek alardean parte hartuko lukete». Izan ere, Urreak azpimarratu duenez, eskubideak ez dira negoziatzen, ezin da anbiguotasuna erabili berdintasunaz hitz egiterakoan.

Eusko Legebiltzarreko Berdintasun Batzordeko ihardokitze guztiak hemen dituzue ikusgai