Josu Zabalaren memoria bizirik mantentzeko solasaldia egingo dute gaur Kultur Etxean

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 12a

Hil zuteneko 50. urteurrena dela eta, irailaren 5erako Hondarribiko Udala San Pedro kaleko Zabalaren txokoan omenaldia prestatzen ari da eragileekin, senideekin eta herritarrekin batera. Eta aurten antolatutako ekimenen artean, gaur 20:00etan dokumentala eta solasaldia antolatu dute Kultur Etxean.

Josu Zabala Erasun hil zuteneko 50. urteurrena dela eta, Hondarribiko Udalak aurten oroimen historikoari lotutako hainbat ekimen antolatu ditu, herriko historiaren gertakari ilun hura gogora ekartzeko eta belaunaldi berriei ezagutarazteko asmotan.
 
Lehen hitzordua ostirala honetan, ekainak 12, izango da. Alde Zaharreko Kultur Etxeko areto nagusian 2016an Josu Zabalaren inguruan egindako dokumentala proiektatuko dute 20:00etan. Eta ondoren, Hondarribia eta Euskal Herri osoa asaldatu zuen gertakari hura ulertzeko, testuinguru sozial eta politikoaz solasaldia proposatuko dute. Bertan Josu Chueca Intxusta eta Aitzol Arroyo Tumas historialariak, Pilar Garaialde Egiari Zor Fundazioko bozeramaileak eta udal ordezkariek hartuko dute parte.
 
Ekimena ate zabalik izango da, izan ere, gertakari haien inguruko testigantzak, bizipenak eta hausnarketak partekatzeko gune bat eskaintzeko helburua du.
 
Bestalde, Hondarribiko Udala omenaldi bat prestatzen ari da irailaren 5erako, San Pedro kalean, Josu Zabala akatu zuten lekuan, bere oroimenaren txoko sinbolikoan. Urtero herriko jaietan omenaldi oroigarria eta lore eskaintza egin ohi dute bertan, baina azken urteetan elkarte memorialistek bultzatuta hainbat ekitaldi antolatu izan dituzte haren oroimenez, bere heriotzaren 45. urteurrenean, adibidez. 
 

Oraingo honetan, Hondarribiko Udalak antolatuta, omenaldia herritarren, herri-eragileen, senideen eta memoria bizirik mantendu nahi duten pertsona guztien topagune izatea nahi da.

Egiari zor eta aitortza

Eduardo Moreno Bergaretxe Perturren desagerpena zela eta, manifestazio bat egin zen 1976ko irailaren 8an Hondarribiko Portua auzoan, eta horren aurka gogor erantzun zuen poliziak, gomazko pilotez gain, suzko armak erabiliz. Gertakari haien erdian, Enrique Pascual guardia zibilak hil zuen Zabala, eta ez zen inoiz espetxetik igaro, 1977ko Amnistia Legea zela eta.

50 urte pasa dira Zabala irundarra hil zutenetik, eta urteurren hori markatuta, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, CCOO sindikatuak (Zabala bertako kide zen) eta haren familiak, aitortzaren alde hainbat urrats eman dituzte azken hilabeteetan. Zabala biktima gisa aitortzea nahi dute, eta Egiari Zor fundazioaren eskutik eskakizun hori egin dute Espainiako Gobernuan eta Hondarribiko eta Irungo udaletxeetan.

Joan den maiatzaren 29ko Irungo udal osoko bilkuran, Egiari Zor fundazioak aurkeztutako mozioa onartu zuten. Irungo Udalak terrorismoaren biktimen omenean egindako monumentuan agertzen den Meliton Manzanasen izena kentzeko erabaki zuten, Zabalarena oroitarrian ez agertzea onartezina dela nabarmendu zuten. Izan ere, Manzanasek Josuren aita torturatu zuen.

Era berean, Zabala estatuaren biktima gisa aitortua du Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordeak, eta Espainiako Gobernuak antzeko adierazpen bat egitea nahi dute. Horretarako, Madrilgo Gobernuari eskatu diote norabide berean deklarazio bat egiteko, Memoria Demokratikorako Legeari men eginda. 

Bestalde, GEBehatokiak uste du, bere garaian Zabalaren hiltzailea aske geratzeko 1977an emandako amnistia legez kanpokoa izan zela, eta hori Madrilek idatziz adieraztea nahi dute. Ildo beretik, iniziatiba juridiko bat aurkeztu dute Irungo epaitegian, epaiketa haren azterketa juridiko bat hasteko, borondatezko jurisdikzioan oinarrituta. 50 urte ondoren helburua ez da hiltzailearen kontrako prozesu penal bat abiatzea, hilketari lotutako ziurtagiri judiziala ontzea baizik.