Zezen Plazako lurpeko aparkalekua bideragarria dela adierazi dute azterketa teknikoek

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 19a

Abotsanitzek 2017tik defendatu duen Zezen Plazako lurpeko aparkalekua egingarria ote den argitzeko, Hondarribiko Udalak zundaketa eta georradar azterketak enkargatu zituen. Eta aurreko EAJ-PNVko gobernuak eremuan kontraeskarpak zeudela argudituz aukera hori baztertu zuen, baina "baieztapen horiek ez ziren azterketa teknikoetan oinarritu" udal talde nagusiaren arabera.

Azken bi hamarkadetan, EAJ-PNVk Donostia kalean eta Javier Ugarte parkearen azpian lurpeko aparkalekuak egiteko proiektuen alde egin badu ere, 2023 urtera arte gobernuan agindu duen urteetan ez du halako proiekturik gauzatu.

Gaur egungo Presa I eremuko babes ofizialeko etxebizitzen azpian ere, 2018an VISESArekin hitzartu zuen udalak bi solairuko lur azpiko aparkaleku publiko baten proiektua, baina lurzoruaren hezetasun mailak sobera garestitzen zuenez ate atzean geratu zen, proiektua egokitzera behartuz.

Aparkaleku arazoari aterabidea bilatu behar zaionik ez du inork zalantzan jartzen. Izan ere, herrian erroldatutako ibilgailuen heren batentzat besterik ez dago lekua espazio publikoetan aparkatzeko. Zehazki, udalak agintaldi honetan abian jarritako TAO eremuen berrantolaketa prozesuaren baitan, herriko aparkalekuen egoeraz egindako azterketaren datuen arabera, Hondarribian 9.252 ibilgailu daude eta urteko sasoiaren arabera kanpoko ibilgailuen presioa handia dela kontuan hartu behar bada ere, espazio publikoan 3.574 aparkaleku besterik ez daude. Hala ere, lurpeko aparkaleku disuasorioa baten proiektua irudikatzerako garaian, kokaleku egokiena zein den erabakitzeak eztabaida sakona ekarri du udalgintza mailan azken urteetan.

Hain justu, joan den astean Jabier Ugarteko proiektua bideragarria ote den aztertu dezala eskatu diote jeltzaleek udal gobernuari. Maria Serrano EAJ-PNVko ordezkariak Antxeta Irratian aditzera eman duenez, «aparkaleku arazoa aspaldikoa da herrian, eta bada garaia lur azpiko aparkalekuaren proiektuari heltzeko».

Zezen Plaza teknikoki bideragarria

Horren aurrean, Abotsanitzek hiriko aparkaleku beharrei erantzuteko, halako proiektu bat Zezen Plaza azpian kokatzea defendatu du 2017az geroztik. Gobernu taldeko alderdi nagusiak orain jakitera eman duenez, aurreko gobernu jeltzaleak aukera hori baztertu izan badu ere, proiektua bideragarria dela adierazi dute azterketa teknikoek. «Eremuan kontraeskarpak zeudela argudiatu zuten proiektua ez zela bideragarria esanez, baina baieztapen horiek ez ziren azterketa teknikoetan oinarritu», dio Abotsanitzek.

Argitu berri dutenez, Hondarribiko Udalak eskatutako «zundaketak eta georradar bidezko azterketak» egin dituztela, eta «emaitzek argi erakutsi dute aparkalekuaren eraikuntza, teknikoki bideragarria dela».

Ondorio horrek urrats garrantzitsua dakar proiektuaren garapenerako haien ustetan. Hirigintza Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) behin betiko onarpena lortuta, beharrezko izapideak abian jarri ahal izango direla iragarri du Abotsanitzek, eta epe ertainera begira, herritarren zerbitzura egongo den aparkaleku berri bat izan dezake hiriaren erdiguneak.

EAJ-PNVk, aldiz, Jabier Ugartekoa argitu dezatela eskatu du, aukera hori hobesten baitute jeltzaleek Zezen Plazako proiektuaren aurretik. Maria Serranok adierazi duenez, «Zezen Plazakoa harresiko ondare historikoa hurbilegi duelako, eta Alde Zaharreko bizilagunei emango dielako zerbitzu». Jabier Ugarte azpiko aukerak, aldiz, Portua auzoari ez ezik, kanpotik etorritako merkataritzako eta ostalaritzako bezeroentzat ere erreferentziazko aparkalekua izan daitekeela defendatzen dute jeltzaleek.