Jabier Ugarte parkean lurpeko aparkalekuaren proiektua bideragarria ote den aztertzeko eskatu du EAJ-PNVk

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 12a

Hondarribiko aparkaleku arazoarekin kezka adierazi dute jeltzaleek, eta uda garaian ibilgailuen presioa areagotzen dela kontuan hartuta, lehenbailehen alternatibak aztertzeko beharra dagoela dio Maria Serrano EAJ-PNVko bozeramaileak. Udal talde politiko guztiek aitortzen dute arazoa arintzeko lurpeko aparkaleku baten beharra, baina udal gobernua Zezen Plaza azpiko aukera lantzen ari den bitartean, jeltzaleek Jabier Ugarte parkean lur azpiko aparkalekua defendatzen du, Alde Zaharra eta Portua auzoko bizilagunen, bisitarien eta merkataritzaren faboretan.

«Hondarribian aparkalekuarekin dugun arazoari neurri hartu behar ez zaionik pentsatzen duen hondarribiar askorik ez dago» esan zuen Igor Enparan Hondarribiko alkateak joan den abenduan, Aparkalekuen Udal Ordenantza berritzeko antolatutako partaidetza prozesua aurkeztu zuenean. Proiektua «kontsentsuzkoa izan dadin», abenduan egindako lehen bileran parte hartutako 70 lagunen ondotik, martxoaren 10ean eta 12an Talaia Bordarin, Itsas Etxea Auditoriumean eta Amute auzo elkartean egindako auzokako hiru saio parte-hartzaileetan 166 bizilagunek hartu zuten parte, euren ekarpenak eginez.

Kezka partekatua da herrian. 2017an Mugikortasun Mahaia eratu zenetik, udalak alternatiba eta hobekuntza ardatz ugari aztertu ditu. Horietariko bat, dagoeneko martxan dagoen hiribusa izan da, eta orain aparkalekuen TAO sistema eta eremuak berrantolatzea izango da hurrengo urratsa. Baina hirugarren zutabea, aparkaleku berriak sortzea da. Izan ere, Hondarribian 9.252 ibilgailu daude erroldatuta, eta urteko sasoiaren arabera kanpoko ibilgailuen presioa handia dela kontuan hartuta, espazio publikoan 3.574 aparkaleku besterik ez daude herrian. Udalak egoiliarrentzako lekuak zehazteko garaje eta aparkaleku pribatuak ere aintzat hartu ditu egindako azterketa teknikoan. Baina EAJ-PNVren ustez, «azaleko aparkalekuak berrantolatu aurretik alternatibak eskaini behar dira».

Jardincilloseko proposamena

Ideia horrekin, aspaldiko proiektu bat berreskuratu eta lehenbailehen aktibatzeko eskatu diote jeltzaleek udalari. Jabier Ugarte parkean (Jardincillos ezizenez ezaguna) lurpeko aparkaleku bat eraikitzearena. «Alde Zaharreko eta Portuko bizilagunei ere zerbitzu emango lioke, eta herrira erosketak egitera hurbiltzen denarentzat ere eskura dagoen kokalekua da», azpimarratu du Maria Serranok. Bozeramaile jeltzalearen ustez, «aparkaleku arazoa aspaldiko da herrian, eta bada garaia lur azpiko aparkalekuaren proiektuari heltzeko», azaleko plaza gehiago sortzeko aukerari uko egin gabe, «zenbait kale norantza bakarrekoak bilakatuz plazak irabazi daitezke, baina egokiena da espazio publikoa ez okupatzea».

Oroitarazi beharra dago, garai batean VISESAk Presan eraikitako etxebizitza publikoen azpian aparkaleku handi bat aurreikusten zutela. EAJk 2018an proiektuaren hasierako hitzarmena aurkezterakoan iragarri zuenez, 3.530 metro koadroko aparkalekua eraikitzea aurreikusten zuten Presa 1 orubearen lur azpian. Baina azterketa geologikoak egin ondoren, Damarrin (Eroski) bezala, hondoko lur hezeak arazoak ekartzen zituenez alternatibak bilatu behar izan zituzten. Hartara, 2023ko udal hauteskundeetarako kanpainan, Antxeta Irratiak Kultur Etxean antolatutako mahainguruan iada, EAJk Jabier Ugarten, eta Abotsanitzek Zezen Plaza azpian, lur azpiko aparkaleku disuasorio baten beharra defendatu zuten.

Ondoren, udal gobernuak Zezen Plaza azpiko proiektuaren bideragarritasun azterketa enkargatu zuen, eta argi dago honetan ere, hiri eredu edota aparkaleku arazoa arintzeko proiektu ezberdinak dauzkatela. Maria Serranok argitu duenez, «Zezen Plazakoa ondare historikoa den harresitik hurbil dago eta ez dugu ikusten, baina bideragarritasun azterketak egin ditzatela eskatzen dugu Jabier Ugarten ere». Izan ere, herrian erroldatutako ibilgailuen heren batentzat baizik ez dago kalean aparkatzeko lekua, eta «denok dakigu uda garaian egoerak okerrera egiten duela kanpotik etorritako ibilgailuekin», dio.

Gainera, proiektu hauek zenbat plaza ahalbidetuko dituzten ere argitzeko dago oraindik. «Jakina da Hondarribiak lur azpian hondar asko duela, eta agian bizpahiru solairuko aparkaleku batean pentsatzen ari gara, baina bakarrekoa egin daiteke», ohartarazi du bozeramaile jeltzaleak. Hortaz, batek daki aparkaleku bakar bat beharrean, bi beharrezkoak ez ote diren beharrezkoak izango. Nolanahi ere, «aurrera egiteko ez da baldintza teknikorik behar, borondate politikoa baizik», dio Serranok. Alde horretatik, «epe luzerako irtenbideak eskainiko dituzten proiektuak lantzen hastea beharrezkoa» dela pentsatzen du.