EAJ-PNVk herritarrak beroaz babesteko Itsas Etxeko auditoriuma egokitu dezala eskatu dio Hondarribiko Udalari

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 23a

Jeltzaleen ustez, «muturreko bero egoerek bereziki eragiten diete adinekoei, osasun-arazoak dituztenei, haurrei eta etxebizitzetan baldintza egokirik ez dutenei», eta udalak aire egokitua duen espazio fresko eta egokia eskaini beharko luke gero eta ohikoagoak bilakatzen ari diren bero-boladen aurrean. 

Irungo Udalak ez bezala, Aterpe Klimatikoen Mapa osatu gabe du Hondarribiko herriak, baina kolektibo zaurgarrienak muturreko beroaz babesteko espazio egoki eta freskoak herritarren eskura lehenbailehen jartzea eskatu diote jeltzaleek Udal Gobernuari.  

Ekainaren 22tik 23rako gauean Jaizkibelgo estazio meteorologikoak marka historiko guztiak apurtu ditu. Tenperatura altuengatik alerta gorri bete-betean gaudela, gauez ez du arindu. Eta Gipuzkoa osoan beroak gauez ere astindu badu, Jaizkibelen 29,9 graduko minima neurtu dute, Gipuzkoa osoko minimarik altuena. Beroaldia pasa eta biasoia sartu orduko noiz freskatuko ote duen esperoan daude bidasotarrak, baina Irunen Eusko Jaurlaritzako IHOBEk plazaratutako Babesgune Klimatikoen Maparen sareko 11 udalerrietako bat den bitartean, Hondarribiak ez du halako maparik osatu orain artean. Hain justu, Irun aitzindaria izan zen horri lotutako udal ordenantza bat garatzen 2024 urtean, eta 28 aterpe klimatiko identifikatuak ditu hirian herritarrak beroaz babestu daitezen.

Hondarribiak ez du halako lanketarik egin. Ez du horrek esanahi aterpe edo babesgune klimatikorik ez duenik. Izan ere, udal egitura, kiroldegi, liburutegi, pilotaleku estaliak edo lorategiak ez ezik, zuhaitzen itzalak babestutako hainbat gune daude udalerrian. Hala ere, EAJ-PNV udal taldeak eskaera bat erregistratu du Hondarribiko Udal Gobernuak herritarrentzako klima-babesgune bat premiaz gaitu dezan, egunotan aurreikusitako tenperatura altuen aurrean.

Jeltzaleen ustez, «muturreko bero egoerek bereziki eragiten diete adinekoei, osasun-arazoak dituztenei, haurrei eta etxebizitzetan baldintza egokirik ez dutenei». Gainera, herritar guztiek ez dute hondartzara edo freskoagoak diren beste gune batzuetara joateko aukerarik eguneko bero handieneko orduetan, eta beraz, «aire girotua duen udal espazio bat herritarren eskura jartzea» eskatu du EAJ-PNVk, hala nola Itsas Etxeko Auditoriuma edo antzeko instalazio egoki bat, hainbat orduz babes hartu ahal izateko. Udal talde jeltzalearen iritziz, «neurri erraza eta azkar ezar daitekeena da, eta gero eta ohikoagoak diren bero-boladen aurrean administrazio askok martxan jarri dituzten ekimenen ildotik doa».