Hondarribiko Udalak LGTBIQ+ kolektiboarekin justizia soziala egin eta gure gizartean dagoen aniztasuna ikusgarri egin nahian dabil azken urteetan. Eta berdintasunean jauzia emateko arloko teknikaria kontratatu eta Berdintasun Mahaia eratu izana azpimarratzen du aurtengo Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Egunaren pregoilariak. Monika Weber 1971n jaio zen. Alemaniako jatorria badu ere, «kasualitatez Madrilen erori» zela dio, baina 5 urterekin Hondarribira bizitzera etorri eta bertan mundura sortu zela esan daiteke. «Erabat integratua sentitu naiz beti, baina Hondarribia oso herri zaila izan da gay, lesbiana edo transexuala izateko», aitortzen du.
Homofobiaren aurrean erresistentzia
Alde horretatik, berak zortea izan duela dio, «kriston kuadrilla daukat, zoragarriak dira, inoiz ez dute begiratu norekin maitemindu edo larrua jotzen duzun, eta hori da inportanteena, zer duzun bihotzean pertsona bezala». Hala ere, hurbiletik pairatu behar izan du homofobiaren intrantsigentziarik gordinena. «Nire anaia Tomyk 23 urterekin herri honetatik alde egin behar izan zuen jipoitzen zutelako, berarentzako kaletik joatea arriskutsua bilakatu zen, dantza egiten zuenean jelak botatzen zizkioten, iraintzen zuten, oso gogorra izan zen niretzat», aitortzen du Weberrek.
Tamalez, munduko herri txiki eta ertain askotan bezala, Hondarribian ere, herritar asko homofobiak eragindako «sexu-identitatearen diasporaren biktima» izan dira. Herritik kanpora joan izan dira hiri handiagoetara, haien bizitza lasaiago egin ahal izateko. Izan ere, erraz kategorizatzen gaituen gizarte honetan, diskriminazioaren trentzak edo gurutzatzen gaituzten kategoria horien baitan bazterketa soziala nabarmena jasan behar izan dute LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek historikoki.
Haatik, gizarte bezala, gaur egun urratsak egiten ari garelakoan dago Monika Weber. Aurten Hondarribian astebeteko programazioarekin ospatzen ari diren Harrotasunaren Eguna jartzen du horren adibide. Hondarribiko Udalak adierazpen instituzionala udal talde guztiekin aho batez onartu duelako «txol kontent» dagoela dio pregoilariak. Alde instituzionaletik aurrerapausoak eman direla uste baitu. Izan ere, Hondarribian 2018an Fenomena kultur elkarteak bultzatuta Harrotasunaren Eguna ospatzen hasi zirenetik, udalak keinuak egin izan baditu ere, aurten Berdintasun Mahaiak ekimenaren lekukoa hartu izana «aldaketa sakona» dela nabarmentzen du.
Gogoan hartu beharra dago, herriko zenbait seme-alaba omendu dituela udalak azken urteetan. Iaz Ainhoa Etxaide pregoilari gisa hautatuz bezala, ekainaren 28an ez ezik, herriko jaietan ere. 2023ko irailaren 7an Hiriko Urrezko Intsignia jartzeko ekitaldia probestu baitzuen udal gobernu berriak Bartzelonan bizi den
Carol Atxukarro Gonzalezen ibilbide profesionala eta kolektiboaren alde egindako ibilbidea nabarmentzeko.
Baina omenaldi sinbolikoez harago, gaur egun edozein erasoren aurrean protokoloak aktibatzen direla, eta erakunde publikoen partetik «kolektiboa babestuagoa dagoela, eta indartsuagoak garela esango nuke», ziurtatzen du Monika Weberrek. Hala ere, eskuin muturra hauspotzen ari den garai hauetan kontuz ibili beharra dagoela dio. «Ikusten ari gara gure eskubideak urratzen ari direla, fatxen presentzia gero eta handiagoa dela, eta atzera joaten ari gara, etor daitekeenaren beldur dugu kolektiboan» dio Weberrek.
Errespetuan hezkuntza funtsezkoa
Horri aurre egiteko, argi dauka hezkuntza giltzarri izango dela gizarte bezala atzerapausorik ez egiteko. Monika irakaslea da Talaia ikastetxean 5 urtetik gorako haurrekin. Eta bere ustez «hezkuntza funtsezkoa da, penagarria baita hezkuntza sisteman ez dela bermatzen gure presentzia, gure historia, ez da urtero aipatzen den gai bat, erreferenteak txertatu beharko genituzke hezkuntza programazioan, txikitatik baliabideak eman behar zaizkielako gauzei izena jarri eta zer diren ulertzeko», kexu da. Aniztasunaren errespetuan eta berdintasun baloreetan heziz gero, «haurrek txikitatik ikusten dute ez duela inporta nor maite duzun, nolako pertsona zaren baizik», azpimarratzen du.
Tamalez, haurrak koskortu eta Lehen Hezkuntzara heldu orduko «sistemak gizartearen moldera egokitzen» dituela ikusi du urteotan. Horregatik, eskolan ez ezik, errespetua etxetik landu beharra dagoela aldarrikatzen du. «Askotan hezkuntzan jartzen dute zama, baina etxean dago koska, etxetik hezitu behar dituzue», dio aurtengo Harrotasun Egunaren pregoilariak.
Pregoilari lanak harrotasunez
Iazko Harrotasun Egunean Jawata Anti-DJ bezala parte hartu zuen ekitaldi nagusiaren animazioan. Aurten pregoilari lanak egokitu zaizkio, eta 3 minutu lehenago urduri egongo dela aitortu digu. Hala ere, ilusioz eta arduraz onartu du gonbidapena. Eta iragarri duenez, «amatxo maitea, kuadrilla eta munduan gehien maite ditudan seme-alabak» izango ditu gogoan bere pregoi mezuan.
Hala ere, ohorea partekatu egingo du. Kolektiboaren harrotasuna suspertzeko ekitaldia dela aintzat hartuta, ez du pregoia bakarrik emango. «Izugarrizko sorpresa daukat, nire ikaslea izandako Amane izango dut nire alboan, eta pregoia elkarrekin emango dugu eskutik helduta», aurreratu du Antxeta Irratian, Talaiako bere ikasle ohia izan arren «berarengandik asko ikasi dut, bera izan da nire irakaslea gauza askotan, pentsamenduan zer daukagun, zer duzun zure bihotzean eta nola nahi duzun gizartea zu ikustea irudikatzen, bera izan da nire irakaslea».
Hausnarketa eta aldarrikapenerako egitaraua
Pregoia ekainaren 26an 19:00etan emango dute Kasino Zaharrean egingo den ospakizunean. Aurretik, goizeko 10:00etan Kode Limit jolas-tailerra izango da Saindua Gaztelekuan. Udalak aditzera eman duenez, jarduera honek gazteen artean berdintasuna, errespetua eta aniztasunarekiko sentsibilizazioa lantzeko helburua du, ikuspegi ludiko eta parte-hartzaile batetik.
Arratsaldeko ekitaldian, aldiz, pertsona guztientzako eskubideak aldarrikatzearekin batera, denentzako bizi-baldintza duinak eta «inork bere burua ezkutatu beharko ez duen herria» irudikatuko dute, beldurra sentitu gabe, baina memoria eginez. «Atzetik hainbeste sufritu duten pertsona guztiak gogoan hartu behar ditugu, oraingo belaunaldiek jakin dezaten», dio Monika Weberrek.
Pregoia behin amaitutakoan Hondarribiko Udalak iragarri duenez,
DJ La Fulanaren saioa izango da Kasino Zaharrean bertan. Baina astebeteko egitarauak hori baino dakar aurtengoan. Harrotasun Eguna ekainaren 28an baita berez, eta egun horretarako Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko ZINEGOAK jaialdiaren film laburren proiekzioa antolatu dute 19:00etan Polborinan. Gonbidapenak Arma Plazan eta
Internet bidez eskura daitezke.
Bestalde, ekainaren 30era bitartean, Francis erakusketa izango da ikusgai Arma Plazan. Erakusketak memoria historikoa eta sexu zein genero-aniztasunaren inguruko hausnarketa sustatzen ditu, eta Euskal Herriko LGTBIQ+ mugimenduaren historiako pasarte esanguratsu bat ekartzen du gogora. Hain justu, 1979ko ekainaren 9tik 10erao gauean, Errenteriako apolo dantzalekuan polizia batek tiroz hil zuen 32 urteko Francisen kasua ekartzen du gogora. Homosexualitatea jada ez zen delitutzat hartzen, frankismo garaian bezala,. Hala ere, LGTBIQ+ kolektiboko pertsona askok jazarpena eta zigorrak jasaten zituzten, besteak beste, eskandalu publikoaren delitua egotzita.
Azken urteotan, Errenteriako Udala eta hainbat eragile sozial Francisen memoria berreskuratzeko lanean ari dira, eta erakusketa hau ahalegin horren emaitzetako bat da. Izan ere, haren heriotzak arrasto sakona utzi zuen bai Errenteriaren historian, bai Euskal Herriko LGTBIQ+ eskubideen aldeko borrokan, garaiko mugimenduarentzat mugarri bihurtu baitzen.