Ortzi Alonso: «Ez dugu Hondarribia erakusleiho soila bilakatzea nahi, herriko altxorren artean sortzaileak daude eta protagonismoa eman nahi diegu»

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 7a

Uztailaren 9tik 12ra kulturak azken aldian herrian bizi duen loraldia ureztatzen jarraitzeko Hondarribia Kultura ekimena ospatuko dute "Kultura Uztartu" lelopean. Bertako zein estatu mailako artistekin 15 hitzordu eta lau eguneko egitaraua ondu dute aurtengoan. Erreginaren Baluartea, Gipuzkoa eta Arma plazak edota Kasino Zaharra musika, dantza, antzerkia, zinema eta magiarekin kulturaz blai jarriko dute. Baina udalaren helburu nagusia «pentsamendu kritikoa» sustatzea dela argitu du Ortzi Alonso hautetsiak, eta herrian ehundu duten 52 artista eta sortzaileen katalogoa aurkezteko, eta herriko 17 kultur espazio balioan jartzeko aprobetxatuko dute asteburua. 

Lau egunez kulturak hartuko ditu Alde Zaharreko txoko enblematikoenak. Musika, dantza, zinema, magia eta arte sorkuntzari espazioa eman nahian dabil udala. Hala ere, Hondarribia kultur hitzorduetarako erakusleiho aparta izateaz harago joan nahi duela aitortu digu Ortzi Alonsok, Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsiak, herria pentsamendu kritikoaren agertoki bilakatu nahi dutela, alegia. «Ez dugu ulertzen gure herria erakusleiho soila bilakatzea, gure bailarak leku eta altxor asko ditu, baina altxor horien artean herritarrak eta herriko sortzaileak daudenez, haiei protagonismoa eman nahi diegu», azpimarratu du Alonsok. 

Alde horretatik, aurtengo Hondarribia Kultura ekimenean herriko sortzaileek presentzia nabarmena izango dute. Eta lau eguneko kultur egitaraua izan baino, «urte osoan zehar egiten den lanaren emaitza edo erakusleihoa» izango dela uste du Kultura zinegotziak. Izan ere, jardunaldi hauek probestuko dituzte, kontzertu, dantzaldi eta antzerki emanaldiak herriko kaleetan plazaratzeko. Baina azken urteetan udaletik bultzatu duten herriko artistak suspertzeko eta laguntzeko dinamikaren lekuko izango da ere. 

Txikitik handira ari dira horretan 2022ko azaroan Aiza Kultur Elkarteak herriko sortzaileen sarea ehuntzeko mahai-ingurua antolatu zuenetik. Ondoren Hondarribiko Udalak hartu zuen lekukoa, eta 30 bat herriko artista eta sortzailerekin bilera batean identifikatutako beharrak asetzeko, urratsak egiten joan dira pixkanaka. Hondarribia Sormen Hiria bekaren sorrera izan zen horietariko bat, eta sortzaileentzat espazioen gabeziari erantzuteko Maddalen Arte Sorkuntzarako gunea ireki zuten gero. Polborina egokitu eta Papillon Zine Klubak kudeatzen duen ikus-entzunezkoari begira izpiritu kritikoa duen zinemaren begirada eta programa oparoa eskaini dute azken urtebetean. 

Hurrengo urratsa uztailaren 11n egingo dute. Hondarribia Kultur ekimenaren baitan, bisita gidatua antolatu baitute herriko arte-txoko eta espazioak ezagutzara emateko helburuarekin. Maddalen arte gunetik abiatuko dute ibilbidea 11:00etan, azken asteetan Itziar Basterretxeak bertan garatu duen "Erraietatik Saretuz" proiektuak azken pausoa emango baitu. 12:00etan Arma Plazan amaituko da ibilbidea, eta Ortzi Alonsok iragarri duenez, herriko 17 kulturgune eta arte galerietatik bisita egingo dute. Arratsaldeko 19:00etan Kasino Zaharrean, aldiz, Basterretxeak sortu dituen sei maskarak bera partaide duen iiingles musika taldearen kontzertuan erabiliko dituzte mugimenduan, oinarrian ideia bera duen "Erraietakoa" diskoa aurkezteko.  

Nolanahi ere, maskararik eta efektu berezirik gabe aletzen ari dira kultura Hondarribian. Etorkizunerako hazia ereiten ari direla pentsatzen du Ortzi Alonsok. Eta horren irudiko dute, ibilbide horrekin batera aurkeztuko duten herriko 52 artista eta sortzaileen katalogo edo mapa.

Lau egun kulturaz blai

Herrian bultzatu nahi duten «filosofia aldaketa» nabarmena da zentzu horretan. Garai batean 25.000 bisitari erakartzen zituen Hondarribia Blues Festibalaren hutsunea jazzaldi batekin estaltzen saiatu zen Hondarribiko Udala. Baina udal gobernu berriak 2023an bisitariak erakartzeaz gain, hondarribiarrentzat eta hondarribiarrek egindako arteari bide emateko formula bilatu nahi izan dutela kontatu digu Ortzi Alonsok. 

Hartara, iaz Hondarribia Kultura ekimenaren lehen edizioan hiru eguneko egitaraua prestatu ondoren, aurten lau egunekoa izango da. Esan bezala, herriko sortzaile eta artistei espazioa emango diete Alde Zaharreko txoko ezberdinetan. Erreginaren Baluartea, Arma plaza, Gipuzkoa plaza eta Kasino Zaharreko lorategiak izango dira eszenatoki nagusiak. Eta guztira 15 hitzordu programatu dituzte uztailaren 9tik 12ra. 

Herriko artistekin batera, Euskal Herritik Gailu edota Lukiek taldeak ere gonbidatu dituzte kontzertua emateko. Baina bertako zein estatu mailako proposamenak jasoko ditu egitarauak arte diziplina ezberdinetakoak. Amaia Miranda, Amorante, Guadalupe Plata, Lorena Alvarez asturiarra edota Pedro Pastor artisten emanaldiak izango dira. IOI konpainiaren Haatik dantza ikuskizuna edota GOTA talde katalana eta Txema Muñozen magia ikuskizuna izango dira besteak beste. 

Elkartasunerako tarterik ere egongo da. Iaz bezala, Etxara elkarteak Gazaren aldeko herri bazkaria antolatu baitu 200 lagunentzako Kasino Zaharrean. Horretarako txartelak 20 eurotan daude salgai Ipotx dendan, Ttopara kafetegian eta Ondare okindegian. Lau eguneko asteburu luzeak dakarren kulturaz aire zabalean gozatzera, aldiz, Hondarribiko herriak gonbidatzen du.