Maddalen Arte eta Sorkuntzarako guneak 2025eko martxoan ateak zabaldu zituenetik, herriko margolari, eskulturgile eta eskulangile askoren lanak jaso ditu. 40 metro koadroko aretoa txikia izanagatik ere, Hondarribian artearen hazia ernaltzeko pentzea bilakatu da, eta Barriotxinoko eskailera mekanikoen joan-etorri etengabe horretan, kulturaren egarriz hurbiltzen diren kuxkuxero eta bisitarien paisaiaren parte bilakatu da dagoeneko.
Iaz Hondarribia Sormen Hiria bekari esker, Julia Lasak 'Hutsa-Desierta' proiektua garatu zuen bertan, eta Naiara Goikoetxeak ere '470 nanometro' obra aurkeztu zuen. Beraiek bezala, Sandra Cuestak 'Liquid Gogo' instalazioa egin zuen. Eta besteak beste, herriko hainbat artista saretzeko eta elkarlana bultzatzeko aukera eman du. Erakusketa kolektiboak ere proposatu dituzte, 'Eraman Zurekin Hondarribiko Artea' kamiseta oroigarrien ekimena, adibidez.
Udaberrian Maider Goikoetxea Enparan artistaren “Herritik irten gabe” izeneko erakusketa izan zen azken instalazioa. Musikarekin uztartu zuen Ane Segurolaren proiektuaren eskutik, Saguxar taldearen kontzertu batekin borobilduz. Izan ere, aretoak bere bigarren urtea duen honetan, Judas Arrietaren lekukoa hartu duen Sandra Cuesta Aizkorbe komisario berriak aurkeztu zuen HARIA proiektu artistikoan «filosofia aldaketa» iragarri zuen. Maddalen gunea herriko sortzaileentzako espazioa izateaz gain, arte plastikoa eta musika uztartuko zituela aditzera eman zuen, eta Maddalen artegune eta tailerra erdigune bilakatu bada ere, kultura herriko espazio gehiagotara zabaltzeko beharra sentitu zuela aitortu zuen Cuestak.
Esan eta egin. Urtea Eugenio Ortiz Miguel artistaren "Rabelais Kanta" erakusketa eta kantuarekin hasi zuten otsailean, Kultur Etxean, Harkaitz Cano idazlearen eta Marla abesbatzaren parte-hartzearekin. Eta Maider Goikoetxearen erakusketa amaitu ondoren, egunotan Itziar Basterretxea Seijoren eskutik iristen zaigun azken proposamenak erdi-erdian asmatu du baldintza horiek guztiak betetzen. Bera partaide den iiingles musika taldearen "Erraietakoa" disko berriak gordetzen dituen sei abestiak aurki entzun ahal izango ditugu. Baina kantu horien letrek iradokitzen dituzten emozio, irudi eta istorioak deklinatu ditu Basterretxeak arte plastikoan, abestiak abiapuntu hartuta, maskarak eskuz eginez.
Musika eta arte plastikoen arteko zubia
Itziar Basterretxeak aitortu digunez, Hondarribiko Erdi Aroko Azokaren bueltan hasi zen maskarak eskuz egiten. «Estilo italiar klasikoan sortzen nituen, baina oraingoan Sandra Cuestak beste proposamen hau luzatu zidan, eta baiezkoa erantzun nion berehala», kontatu digu. Izan ere, sortzaile polifazetikoa bada, bere alderdi artistikoak uztartzen dituen lana osatu du "Erraietatik Saretzen" maskara bilduma honetan. Batik bat papera mâché, kartoia, alanbreak, margoak, aluminiozko papera, eta Itziarrek berezkoa duen irudimena erabiliz, Maddalen Arte eta Sorkuntzarako gunean landu ditu ekainean zehar. Tailer gisa erabili du jendaurrean lan egiten zuen bitartean.
Datozen egunetan erakusketa ikusgai egongo da bertan. Zehazki, ekainaren 24an 18:00etatik 20:00etara eta ekainaren 26, 27 eta 28an 18:00etatik 20:30era zabalik egongo da. Ondoren, uztailaren 2an (18:00etatik 20:00etara) eta uztailaren 4an eta 5ean 12:00etatik 14:00etara ere bisita daiteke. Horretarako erakusketari azken ukituak ematen ari dizkio gainera. «Maskara bakoitzak esanahi duenaren azalpen bat izango du alboan jendeak uler dezan, baina maskararen aurrean jarri eta aurrez aurre begiratuz iradokitzen dizkigun emozioez hausnartzeko aukera ematen dute», argitzen du.
Itziar Basterretxearekin bisita gidatua egin dugu Maddalen gunean duen erakusketan.
Obra honetan bezala, maskara figuratiboak egunerokoan denok erabiltzen ditugula pentsatzen du Itziarrek, eta beraz, hauek deszifratzeko gai garela guztiok. «Denok maskarak jartzen ditugu batzuetan, ilearekin, janzkerarekin, hitz egiteko moduarekin, denok jartzen ditugu maskarak bizitzaren etapa ezberdinetan», dio artista hondarribiarrak, gizakiok gure buruaz dugun irudia eta gainontzekoekin ditugun harremanetan, garen hori estali edo erakutsi nahian jokatzen dugun moduaz. Maskara hauek, berriz, aparteko istorioak kontatzen dituzte, eta «sabelean korapilatuak nituen emozioak ateratzeko» egin dituela azpimarratzen du.
Alde horretatik, maskara bakoitza artistak bere barrenean dituen sentimenduak ez ezik, iiingles musika taldea plazaratzera doan "Erraietatik" diskoaren abestietatik abiatutako emozioen figurazioa direla dio. Nolabait zubiak eraiki ditu musika eta arte plastikoaren artean. «Kantak letretatik hasi ginen lantzen, eta gero joan gara osatzen, baina abestiak eta taldeak izan duen bilakaeran sentitu ditugun emozioak ere azaltzen saiatu naiz maskara hauen bidez», dio artista hondarribiarrak.
Maskara estatikoak eta mugimenduan
Oholtza gainean emakumeen presentzia aldarrikatzen duen taldeak 2019an hasi zuen bere ibilbidea. Maider Peluaga, Ane Arbelaiz, Oihane Bengoetxea eta Pilar Blanco taldekideekin batera, hasieran gustukoak dituzten The Cranberries, Ángela Aguilar, Bikini Kill edota Zea Maysen bertsioak eginez ekin zioten, eta orain haiek sortutako sei abestiez osatutako LP moduko diskoa plazaratuko dute. Itziar Basterretxeak dioenez, «jaso ditugun mespretxu begiradak, exijentzia gehiago jartzen diguten gizonezko horiek, eta egunerokotasunaren karga horiek ere irudikatzen ditu» azaldu digu erakusketaren lehen egunetan interes handia piztu duen begiz jositako maskara bati buruz.
Baina sortu dituen sei piezen artean denetarik dago. Norbere irudia islatzen duten ispiluak dituen «bihotz batekin laguntasuna irudikatzen duen beste maskara bat ere, metafora gisa» sortu du, edota bizitzan maite ditugun pertsonei agurra esatea nola kostatzen zaigun hausnartzera gonbidatzen duen beste bat.
Orain arte iiingles taldean bizitutako guztia aintzat hartuta, "Erraietatik saretuz" sortu ditu maskarak. Hala ere, musika eta arte plastikoaren arteko deklinazioa ez da noranzko bakarrekoa izango maskaren asunto honetan. Maddalen guneko HARIA proiektuaren filosofiarekin bat eginez, maskarak ez baitira erakusketa estatikoan geldituko. Bertatik herriko beste espazio batetara eramango ditu Basterretxeak uda honetan. Kasino Zaharrera.
Hondarribiko Udalak antolatu duen Kultura Uztartu jaialdiaren programazioaren barruan, uztailaren 11n (18:30ean) iiingles taldeak disko berria aurkezteko kontzertua emango du bertan. «Ez dut gehiegi aurreratuko, hainbat sorpresa gorde nahi ditugulako», dio Basterretxeak, baina maskarak sortzen hasi zituenean taldekide bakoitzari buruaren neurriak hartu zizkiola azaldu digu. Eta artistaren asmoa da, egunotan kartoizko zutabe zilindrikoen gainean Maddalen gunean erakusgai dauden sei maskarak eta abestiak berriz elkartzea. Edota hobe esanda, zirkulua itxi eta iturburu bertsua duten soinuak eta aurpegiak, argiak eta itzalak lehen aldiz elkartzea. Aurrez aurre jartzea.