Enrique Albizu Perurenaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko bere errealismo piktorikoari buruzko erakusketa antolatu du Hondarribiko Udalak Arma Plazan. Uztailaren 31ra arte bere alaba Oaya Albizuk utzitako koadroak ikustearekin batera, artistak berak eta bere obrak Hondarribiarekin izan zuen harreman estua ezagutzeko aukera eman nahi dute. Horretarako, Hondarribiko Udalak bisita gidatua antolatu du uztailaren 14an (19:00etan) Arma Plazako erakusketa gunetik abiatuta. Bisita Iñaki Ruiz de Eguino erakusketaren komisarioak eta Oaya Albizu artistaren alabak berak gidatuko dute, obraren eta haren ibilbide artistikoaren inguruko xehetasun teknikoak eta bitxikeriak partekatuz.
Iragarri dutenez, Hondarribiko Udal Areto Nagusira ere hurbilduko dira gero. Izan ere, Enrique Albizuren hiru koadro udalbatza aretoko hormetan dauzka zintzilik udalak aspaldi herriko ondare artistikoaren parte. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak gogoratu du, artistak Hondarribiko Urrezko Intsignia jaso zuela 2005 urtean areto horretan, eta artistaren obra ez ezik, bere figura balioan jarri nahi dutenez, «bisita udaletxean modu solemne batean» amaitzeko parada emango du.
Uztailaren 14ko bisita gidatuan parte hartu nahi duen orok, aldez aurretik izena eman beharko du. Argitu dutenez, plazak mugatuak izango baitira. Lekua erreserbatzeko kultura@hondarribia.eus helbidera idatzi behar da.