iiingles: «Oso eremu maskulinizatua da, zenbait komentario paternalista ez liokete gizonezko talde bati esango, baina aldarrikatuz lotsa galdu dugu»

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 15a

Hondarribia Kultura ekimenaren programazioan iiingles taldeak "Erraietakoa" diskoaren aurkezpen kontzertua eman zuen Kasino Zaharrean. 2019an jotzen hasi ziren, eta orain lortu dute abesti propioekin lehen diskoa plazaratzea. Herriko sortzaileei protagonismoa emateko helburua zuen lau eguneko ekimenarekin bat eginez, taldeko Itziar Basterretxeak diskoaren sei abestiei lotuta Maddalen arte gunean sortu duen "Erraietatik Saretzen" maskara bilduma jantzita igo ziren eszenatokira taldekideak. Arma Plazan egindako zuzeneko irratsaioan hitz egin genuen haiekin.

 

Joan den astean Hondarribia Kultura ekimenak bertako zein kanpoko artistak elkartu zituen Alde Zaharreko plaza eta karriketan. Udalaren helburua herriko artista eta sortzaileei protagonismoa ematea izan da aurtengoan. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, «jaialdi soila baino, urte osoan zehar herrian kultur eragileen elkarlanaren emaitza» baita. 

Alde horretatik, larunbatean Maddalen Arte Garaikiderako gunetik abiatuta eta Alde Zaharreraino, herriko 17 arte espazio ezberdinetatik bisita gidatua antolatu zuten. Eta herriko 52 artista eta sortzaileen mapa edo katalogoa argitara emateko aprobetxatu zuen Hondarribiko Udalak. 

Hain justu, bisita gidatu horren amaieran, Antxeta Irratiak Kultura Uztartu lelopean herrian ospatu eta gozatu ahal izan den lau eguneko programazioaz harago, herriko sortzaileekin eta kultur eragileekin blagan aritu zen Arma Plazan egindako zuzeneko irratsaioan. Eta bertatik pasatu ziren protagonisten artean, Ane Arbelaiz, Marina Cabezon eta Itziar Basterretxea izan genituen gonbidatu. Maider Peluaga, Oihane Bengoetxea eta Pilar Blancorekin batera, iiingles musika taldea osatzen dute, eta Hondarribia Kultura ekimena probestu dute, Kasino Zaharrean emandako kontzertu batekin, haien leinuko aurreneko diskoa aurkezteko. The Iiingles bezala ezaguna zen taldea anglizismoz biluztu egin dute, eta barrenetatik ateratako sentimendu eta haserreak, disko bilakatu dituzte seikotearen ibilbide berrian, puntu eta jarrai bat egiteko. 

Paternalismoaren aurrean, emakumeak taulagainean

Sei abestiz osatuta, "Erraietakoa" du izena haien disko berriak. 2019az geroztik daramate emakumeen presentzia taulagainean aldarrikatzen, eta musika feminismotik egin daitekeela erakusten. Hasieran gustukoak dituzten The Cranberries, Bikini Kill edota Zea Maysen bertsioak eginez ekin zioten. Izan ere, emakume edota genero disidenteen presentzia duten taldeen bertsioak egiten zituzten. Baina 2019an hasi eta Psilocybenea elkartean musika tresnak hutsetik jotzen ikasiz, haien ibilbidea egin dute, beren kantuak sortzeraino. «Guretzako erreferenteak ziren emakumezkoen bertsioak egiten genituen, eta beti izan dugu abestiak sortzeko grina, eta lehen fasea igarota, iritsi da momentua» dio Ane Arbelaizek.

iiingles taldeak larunbatean Kasino Zaharrean emandako "Erraietakoak" diskoaren aurkezpen kontzertua.

Urte eta erdi luze aritu dira diskoa sortzeko: "Erraietakoa" du izena. Izan ere, «barrenak mugitzen dizkigun zauri, haserre eta argi-ilunak kanporatu eta kapsulatzeko ahalegina» izan dela diote. Baina Psilocybe Musika Elkartearen 2020ko Bertsiogauan hasi zirenetik bizi izan dituzten «traba, komentario eta begirada paternalisten» aurrean jakin izan dute ongi moldatzen. «Gu sartu ginen gehienbat Psilocyben oso emakume gutxi zeudelako, oso eremu maskulinizatua zen, eta bazirudien ezin genuela espazio horretan parte hartu, baina halako batean haserretu ginen eta erabaki genuen lotsari aurre egin eta pausoa ematea», kontatzen du Marina Cabezonek, «gure inguruan mutil nerabeek 15 urterekin sortzen zuten musika talde hori, guk 30 urterekin sortu genuen». 

Hasieran bertsioak besterik ez egiteagatik ere, gutxietsi izan dituztela diote. «Bertsioak egiten genituenez, bazirudien ez zela hain baliozkoa», dio Ane Arbelaizek, «eta askotan badira zenbait komentario, gizonezko talde bati ez lioketena esango». Zentzu horretan, euskal musikagintza ez dago gizarte patriarkalaz salbu, eta transfeminismoa ardatz hartuta, maskulinizatutako espazioak okupatzen saiatzen badira ere, diskoa grabatzeko emakumeekin egitea ezinezkoa izan da. «Ez dago emakumerik grabazioak egiteko», diote. Azkenean, Berako Atala estudioan grabatu dute joan den udaberrian Iñigo Irazokirekin, eta emaitzarekin kontent daude. 

Nolanahi ere, exijentzia gehiago jartzen dieten horiei aurre egin, eta haien aurreneko diskoa aurkeztu berri dute Hondarribia Kultura ekimenean. Aurretik, Airbnb eta Noraezean kantuak ere sortuak zituzten propio. Baina oraingo honetan, proiektu sakon eta osoa osatu dutela esan daiteke.

Aurkezpen kontzertu edo performantzia

Izan ere, Kasino Zaharreko aurkezpen kontzertuan maskara bana jantzita igo ziren taulagainera. Eta musika performantzia hori, ez da ausaz erabakitako zerbait izan. Itziar Basterretxea taldekideak Maddalen espazioan egin eta aurkeztu zuen "Erraietatik Saretzen" maskara bildumari estuki lotutako aurkezpen kontzertua izan baita. Basterretxeari diskoa osatzen duten sei kantuek iradoki dizkion istorio, sentimendu eta emozioetan oinarritutako sei maskara sortu ditu. Eta musika arte plastikora deklinatu ondoren, Idea, Dinamita, Karkoma, San Miguel, Hutsunean eta Ustelak beti ustel kantuei lotutako sei maskarak estatiko izatetik mugimenduan jarri zituzten kontzertuan. «Egokitu behar izan gara maskarakin aritzera, entseguetan ere krisi momenturen bat izan dugu, baina diskoa, aurkezpena eta kontzertua borobiltzeko ideia polita da», azpimarratzen dute. 

Hain justu, "Erraietakoa" diskoaren ilustrazioak Itziar Basterretxeak berak egin ditu, eta lehen aleak Kasino Zaharrean saldu zituzten bitartean, haien emanaldietan ez ezik, Internet bidez bandcamp plataforman ere eros daiteke, baita abestiak entzun ere. 

Hondarribiko aurkezpen kontzertua egin eta gero, momentuz, beste bi emanaldi lotu dituzte dagoeneko. Abuztuaren 1ean Atxondon, eta urrian Durangoko jaietako txosnagunean. Baina ziur haien pop-rock doinu eta aldarrikapenak plazaratzeko aukera gehiago izango dituztela.