Presa I eremuko aparkalekua gaurdanik erabilgarri

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 16a

2018an Hondarribiko Udalak eta VISESAk sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan, 1.780 metro koadroko azalera duen eremua udalaren esku geratu da. Azaleko aparkaleku berriak 55 plaza ditu, eta horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude. Horrez gain, Biteri kalean beste hamar ibilgailurentzako aparkalekua sortu dute. Eta aparkalekuez gain, oinezkoentzako espaloia, bidegorria eta berdeguneak ere Udalaren esku geratu dira.

VISESA sozietate publikoak heldu den irailean Alokabideri eman nahi dizkio PRESA I eremuko etxebizitza publikoak, eraikuntza lan guztiak behin amaitutakoan. Epe hori eman zuten 2025eko urrian Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak bertara egindako bisitan. Dena ongibidean, alkatearen ustez «2026 urte bukaeran herriko 66 familiak alokairu duin batean bizitzeko aukera izango dute». Baina proiektuak herriak duen aparkaleku arazoa arintzeko ere balio izango du.

Izan ere, Hondarribiko Udalak 2018ko azaroaren 14an VISESArekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan alboko eremuan azaleko aparkalekua aurreikusten zuen. Berez, hasierako proiektuak aldaketa nabarmenak jaso ditu, bidean zailtasun ugari gainditu behar izan baititu proiektuak. Hasiera batean,  jasotzen zituen 117 etxebizitzak egin beharrean, azkenean 66 dira, denak alokairu sozialera bideratuko dituztenak. Eta proiektuak lurpeko hiru solairuko aparkaleku bat aurreikusi zuen bitartean, azkenean, soto azpiko solairu bakarra egin dute bizilagun berrien aparkaleku beharra asetzeko. Eta errepide nagusiaren aldamenean (haur parkearen alboan) 55 plazako azaleko aparkaleku bat egin dute herritar orori irekita. 

Azken asteetan hesitua egon bada ere, Igor Enparan alkateak aditzera eman duenez, uztailaren 16 honetatik aurrera erabilgarria izango da. Azaleko aparkaleku berriak 55 plaza ditu, eta horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude. Horrez gain, Biteri kalean beste hamar ibilgailurentzako aparkalekua sortu dute. Eta aparkalekuez gain, oinezkoentzako espaloia, bidegorria eta berdeguneak ere Udalaren esku geratu direla gogoratu du Igor Enparan alkateak. Oroitarazi beharra dago, udalak jasotako lursailak 1.780 metro koadro inguruko azalera hartzen duela, eta eremu hori eskuratzea Hondarribiko Udalak eta VISESAk sinatutako hitzarmenari lotuta.