Mende hasieran ospatu zituzten Santiagotxoko Festak azken aldiz. Bertakoek ere ez dakite zehazten oso ongi zein urtetan izan ziren azkenak, baina Juan Mari Arrozpide Arkolla Bizilagunen Elkarteko kideak dioenez, «badira 20 eta 25 urte artean utzi zitzaiola mitikoak ziren Santiagotxoko Festak ospatzeari, gertatu ohi den bezala, belaunaldi hura nekatu zen eta inork ez zuelako lekukoa hartu». Orain, 2026an gaudela, galdutako jaiak eta hein handi batean bizimodu berriek nekazal auzo honetan galarazi dituzten harremanak berreskuratu nahian dabiltza.
Udaberri honetan Arkolla eta Zimizarga auzoek indarrak batu eta auzo elkarte berri bat eratu ondoren, aurrerantzean eramango duten elkarlanaren abiapuntu bilaka daitezke auzoko jaiak. Santiagotxoko Festak bueltan baitaude, eta aurtengoa programa xumea izanagatik ere, datozen urteetan jarraipena ukan dezala espero dute antolatzaileek, «jende gehiago eta auzoko gazteak parte hartzera animatu daitezela».
Atzerabegirakoa, aurrera egiteko
Hasteko, auzo nortasuna eta historiari begirako bat emanez hasiko dituzte jaiak. Izan ere, auzoko argazki zaharren erakusketa eta solasaldia antolatu dute. Hondarribiko Udal Artxibategira jo dute horretarako, eta Arrozpidek kontatu digunez, orotara 30 bat argazki zahar bildu dituzte. «Gehienak auzoko baserrienak dira, Luis Mari Elosegik 1965ean egindako Arkolla eta Zimizargako Baserriak argazki bildumakoak, baina badira garai bateko auzoko jaietakoak ere». Horretarako, auzoko jendeari etxean zituen argazki zaharrak eskatu dizkiete, eta badira Iñaki Perurena gazte zela harria jasotzen ikusten den bat adibidez, edota auzoko bizilagunak aizkoran.
Gurutze, desagertutako Cartonajes lantegia eta egungo Labrederreko eremua izan zena (1965 urtean).
Alde horretatik, Arkolla eta Zimizarga auzoetako nekazal eremua azken 60 bat urteetan noraino aldatu den ohartu dira argazki zaharrei begira. Izan ere, kanpoko begiekin ikusita beharbada, zelai berdeak, Done Jakue Bidearen bidegurutze den Santiagotxoko ermita edota elkartea bere horretan mantentzen badira ere, baserri batzuk desagertu egin dira dagoeneko; Argiñenea, Etxetxiki, Kasanobanea edota Zimizargan izen bereko auzune berriari leku emateko eraitsitako Muliate baserria, adibidez.
Muliate baserria 1965ean, egungo auzune berria eraikitzeko eraitsia izan zen.
Beste batzuk, berriz, eraldatuak izan dira, berrituak. Eta beste zenbaitzuk hutsik daude aspaldi, Tristaneneberri (Zimizarga) edota Tomonea eta Marikinea (Arkolla) baserriak bezala.
Baina argazkietan sumatu daitezkeen begi-bistako aldaketez harago, ikusten ez diren sakoneko aldaketak jasan ditu auzoko gizarteak. «Bereziki bizimodua, errealitatea aldatu da eta auzokideen arteko harremanak», dio Arrozpidek, «lehen baserria konpontzeko auzolanean edo fajina egiten zen, eta orain oso bizimodu bakartia dugu oro har, norbere etxean». Hain justu, errealitate sozial hori iraultzeko asmoz berreskuratu dituzte Santiagotxoko Festak. Auzoa biziberritzeko topagune izan daitezen.
Bordatxiki baserria (Infernu). Luis Mari Elosegik 1965ean egindako argazkia.
Hartara, uztailaren 24an argazkien erakusketarekin batera tertulia egingo dute. Ekimen hau Hondarribiko Udalak abian jarritako AuzoEkin programa kudeatzen duen Zabalduz Kooperatibaren laguntzarekin antolatu dute. Hain zuzen ere, haien eskutik hainbat hilabete baitaramatzate auzoko adinekoen bakardadea saihesteko Ballestanea jatetxean kafe tertuliak antolatzen.
Ondoren, 20:00tan, Papillon Zine Klubak Mendelun eta Amuten uda honetan antolatu duen Zinema Auzoetan zikloari segida emango diote. Eta Maite Alberdi zuzendari txiletarraren "El Agente Topo" filmaren euskarazko proiekzioa izango da Santiagotxo elkartean.
Santiago Eguna eta igandeko programa
Uztailaren 25ean, aldiz, Santiago Eguna ospatuko dute. Hondarribiar askorentzat egun handia da, arrantzaleentzat bereziki Kutxa Entrega ospatzen baita. «Baina konpetentzia egiteko asmorik gabe, Santiagotxon ere egun handia izan da beti, egun herrikoia, eta hori berreskuratu nahi dugu», dio Arkolla Bizilagunen Elkarteko kideak. Larunbatean 8:00etan alboradarekin esnatuko dute auzoa, eta 10:00etan urteroko meza emango dute Santiagotxoko ermitan. «Garai batean igandero egiten zen meza, baina gaur egun urtean behin, Santiago Egunean besterik ez da erabiltzen», dio Arrozpidek.
Horren ondotik, 10:45ean, garai batean egiten zen auzoko adinekoentzat eskaini ohi zuten salda eta txistorra emango zaie Santiagotxo elkartean. Trikitilariak izango dira, eta 11:30ean Bertso Trikipoteoa antolatu dute, elkartetik Ballestanea jatetxeraino. Bertan auzokoen bazkaria prestatu baitute (txartelak bertan daude eskuragai oraindik). Ekhiñe Zapiain eta Agin Laburu ariko dira bertsotan, eta Mattin, Lorea eta Irene animazioan. 12:30ean Toka Txapelketa ere proposatzen dute. Eta auzoko bazkaria amaitutakoan, 17:00etan, Irungo Musika Kontserbatorioko gazteek sortu berri duten Txintxarri txaranga izango da, eta 18:30etik aurrera salsa eta DJ musika.
Igandean borobilduko dituzte auzoko jaiak, haur eta gazteei begira, eta familiak erakartzeko moduko egitarauarekin. 10:30ean Baztango talde batek dinamizatutako herri kirolen erakustaldia egingo dute, eta probatu nahi duten gazteek eta helduek probatu ahal izango dute. Ordu berean gaztelu puzgarriak izango dira 13:30 arte, eta Jaitzubiko zalditegiaren pottokak egongo dira ibilaldiak egiteko, eta 12:30ean, Hondarribiko Pilota Eskolaren laguntzarekin Gazteen Eskupilota Txapelketa antolatu dute Santiagotxo Elkarteko frontoian.