Hondarribiko Jai Nagusiak ofizialki irailaren 6an hasiko badira ere, aurretik ere badute zer ospatua herrian. Asteburu honetatik hasita Gazte Egunarekin, eta irailaren 3tik aurrera hainbat ekitaldi programatu baitituzte. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azaldu duenez, 100ndik gora ekitaldi biltzen ditu egitarauak hondarribiarrek ospatzeko. Eta aparteko hitzordu gisa, Josu Zabala Erasun hil zutela 50 urte betetzen diren honetan, irailaren 5ean 12:00tan San Pedro kalean antolatu duten omenaldi ekitaldian egin nahi izan du azpimarra.
Jaietako egitaraua osatzerako garaian «elkarlana» nabarmendu du Alonsok, izan ere, 34 herri eragilerekin batera antolatutako programa da aurtengoa, eta zinegotziaren ustez, horrek erakusten du «herrian gai garela denontzat eta elkarrekin lan eginez jaiak antolatu eta ospatzeko». Udaleko arlo ezberdinen koordinazioa eta egindako lana goraipatu dute udal agintariek jaiak «irisgarri, seguru eta denok gozatzeko» izan daitezen, eta errespetuz jokatzeko eskatu diete herritarrei.
Alde horretatik, egitaraua hiru ardatz nagusitan oinarritzen dela dio Kultura ordezkariak: haur eta familiak, gazte nerabe eta helduentzako eskaintza, eta kontzertuen kartela. Haur eta familiei dagokienez, jai parte-hartzaileak izan daitezen azken urtetan egindako urratsak sendotzen doaz. Eta irailaren 6an «urtetik urtera gorpuzten doan Pregoilari Txikiaren ekitaldia» azpimarratu du Ortzi Alonsok. Gogoratu duenez, udan herriko neska-mutilei pregoilari izateko deialdia luzatu zieten, eta egun horretarako sortutako kantua eta Hondarribiko Txistulariekin batera, puzgarrien txupinazoa eta zezen-puzgarrien entzierroa errepikatuko dute jaiak iragartzeko.
Era berean, jaien irekiera ofizialaren suziria irailaren 7an egingo dute Arma Plaza eraikinetik. Agintaldi honetan Paradoreko terrazatik egin beharrean «herritarrekin une goxo bat partekatzeko» helburuarekin lekuz aldatu zuten, eta hau bere horretan mantenduko dute.
Amute auzo elkarteak antolatzen duen irailaren 7ko Haur Danborrada ere txikienentzat garrantzitsua dela oroitarazi du zinegotziak, eta herriko Erraldoi eta Buruhandiek familia asko elkartzen duten bezala (irailaren (an izan ezik egunero izango dira), puzgarriak aurten Gernikako Arbolan instalatuko dituztela iragarri du ere, itzala bermatzeko. Euria egingo balu, aldiz, Jostaldi pilotalekura lekuz aldatuko lukete.
Nerabeei dagokienez, eskaintza aberasten saiatzen ari da udala. Horretarako, Kasino Zaharrean Gazte Kanttua izango da irailak 6, 9 eta 10ean. Eta Gazte Bazkaria irailaren 10ean, Arrantzale Egunean.
Kontzertu eskaintzaren kasuan, «anitza» delakoan dago Ortzi Alonso. Espazio ezberdinduetan adin eta gustu guztiak asetzeko modukoa. Bentan, Arma plazan eta Kasino Zaharrean, «herriko taldeak, Euskal Herrikoak, estatu mailakoak zein nazioartekoak» daudela gogoratuz.
Jaiak borobiltzeko, aldiz, Baserritar Eguna Zumardian egingo da, eta iaz nekazal-makinariarekin azoka indartzeko hartutako erabakiari segida emateaz gain, herri kirolak, bertsolariak, erromeria eta ohiko pilota jaialdiarekin itxiko dituzte jaiak.
Hala ere, Minatera kalean ezarriko dituzten "barraka" edo zaldiko maldikoak irailaren 3tik 14ra martxan egongo dira. Lehen eta azken eguna prezio merkeagoa izango dutela adierazi dute udal ordezkariek, eta Gizarte Kohesiorako zinegotzi Josu Peñak argitu duenez, behar bereziak dituzten erabiltzaileentzat musikarik gabeko ordutegia 17:00etatik 19:00etara izango da egunero.
Jai osasungarri eta seguruak
Jaiak herritar guztiek gozatu ditzaten helburu du Hondarribiko Udalak. Zentzu horretan, jaietako ekitaldi jendetsuenak ere irisgarriak egin behar direla uste du Hondarribiko Udalak, eta azken bi urteetan egokitutako
MUG espazioak egokituko dituzte irailaren 7an (udal ordezkarien Aurreskuan), irailaren 8an alardea ikusteko eta Bentako kontzertuetan. Josu Peñak aldaketa txiki bat iragarri du irailaren 8an arratsaldez. Izan ere, Damarri plazan eta Bretxan goiz eta arratsaldeko eremuak bere horretan atxikitzen dituzten bitartean, iaz Martxoak 8 plaza txiki geratu zela ikusita, Sabino Arana kaleko autobus geltokian egokituko dute aurtengo eremua.
Oroitarazi dutenez, mugikortasun urria duten herritarrek aldez aurretik jakinarazi behar diote udalari espazio horiek erabili nahi dituztela. Horretarako azken eguna abuztuaren 31 izango da, BAZ bulegoan edota
udalaren webgunearen bidez.
Bestalde, Hondarribian indarkeria matxistarik ez dutela onartuko argi adierazi nahi izan du Josu Peñak. Baina erasoak gerta daitezkeela kontuan hartuta, informazio kanpainarekin batera, arreta Puntu Morea ere eskainiko dute Itsas Etxean jai egun nagusietan. Iragarri dutenez, Gazte Egunean aktibatuko dute telefono morea (688 718 xxx) 23:00etatik 8:00etara. Eta irailaren 3tik aurrera telefono zerbitzuaz gain, Emagin elkarteko profesionalek kudeatzen duten San Pedro kaleko informazio puntua eta Itsas Etxeko Puntu Morea ere izango dira martxan.
Prebentzio kanpainak kaleetan, tabernetan eta txosnetan ere egingo dituztela nabarmendu dute udal ordezkariek. Alde horretatik, Lupe Queiruga Prebentzio Komunitarioa eta Gazteriako zinegotziak azaldu duenez, txosnetan antisorgailuak (preserbatiboak) banatuko dituzte jaietan sexu-harreman osasuntsuak sustatzeko.
Era berean, "Hondarribian Ondo pasa baina ez pasa" kanpaina martxan jarri dute urtero bezala. «Alkoholaren eta bestelakoen kontsumoaren arriskuak prebenitzeko informazioa eta tresnak herritarren esku jarri nahi ditugu jai osasuntsu eta arduratsuak ospa ditzaten», azpimarratu du Queirugak.
Hain justu, gaueko jaia amaitu eta etxeratzea segurua bermatzeko ere neurriak hartu dituzte mugikortasunaren arloan. Lupe Queirugak azaldu duenez, joan den otsailean martxan jarritako
hiribus lineak aparteko zerbitzuak emango ditu jaietan, kontratua egiterakoan horretarako lanordu poltsa adostu baitzuten. Orain Lurraldebusekin elkarlanean, eta honek eskainiko dituen aparteko zerbitzuekin loturak eginez, irailaren 4an, 5ean, 6an, 8an eta 10ean hiribusak herri barreneko zerbitzua emango du gauerditik 06:00etara ordu erdioro (puntuetan eta erdietan), San Juan de Dioseko biribilgunetik abiatuta eta ohiko ibilbidea eginez. Haatik, zinegotziak gaineratu duenez, emakumeek eta 18 urtetik beherakoek eskaripeko geldialdiak egin ahal izango dituzte, gaueko mugikortasuna seguruagoa izan dadin.