Hondarribiko Jai Nagusietan indarkeria matxisten aurkako prebentzio eta arreta zerbitzuak indartuko ditu Hondarribiko Udalak. Azken urteetan bezala, arreta eskaintzeko telefono-zerbitzua ez ezik, jaietako egun jendetsuenetan informazio eta arreta zerbitzuak antolatuko dituzte. Josu Peña, Gizarte Kohesiorako zinegotziak argitu du Hondarribian indarkeria matxistarik ez dutela onartuko, baina «halakoak gerta daitezkeela jabetuta gaudenez, prebentzioa egiteaz gain, edozein gertakariren aurrean erantzun azkar eta eraginkorra bermatzeko biktimak lehen momentutik artatzeko prest» egongo dira jaietan.
Alde horretatik, indarkeria matxista egoerak artatzeko eta salaketak bideratzeko telefono-zerbitzua erabilgarri egongo da. Harremanetarako telefono zenbakia ohikoa izango da: 688 718 797. Hain justu, joan den larunbatean ospatutako Gazte Egunarekin bat eginez, Hondarribiko Udalak telefonoa aktibatu egin zuen gaueko 23:00etatik goizeko 08:00etara Mugiri elkartearekin koordinatuz. Eta irailaren 3tik aurrera telefono zerbitzuaz gain, Emagin elkarteko profesionalek kudeatzen duten San Pedro kaleko informazio puntua eta Itsas Etxeko Arreta Gunea ere izango dira martxan.
Zehazki, irailaren 3an Puntu Morearen informazio gunea izango da San Pedro kalean 20:00etatik 23:00etara. Eta zinegotziak azpimarratu duenez, Arreta Gunea indartu egin dute aurten Emagin elkarteko profesionalen eskutik. Izan ere, irailaren 4an, 5ean, 6an, 8an, 9an eta 10ean Puntu Moreaz gain, Itsas Etxean Arreta Gunea ere izango da. Gogoan hartuta, iaz irailaren 9an ez zela zerbitzu hau eskaini.
Hondarribiko Udalak berretsi egiten du indarkeria matxistarik gabeko espazio seguruak eraikitzeko duen konpromisoa, eta herritarrei dei egiten die emakumeen askatasuna, osotasuna edo segurtasuna urratzen duen edozein jokabide edo egoera antzeman, gaitzetsi eta jakinaraz dezaten. Laguntza eskatzeko edota gertakarien abisuak emateko ondoko telefonoak eskuragarri egongo dira jaietan:
- SOS Deiak: 112
- SATEVI: 900 840 111
- Hariberria, sexu indarkeria: 900 840 188
- Udaltzaingoa: 943 11 13 13
MUG guneak eta hiribus zerbitzua
Bestalde, gaueko jaia amaitu eta etxeratze segurua bermatzeko ere neurriak hartu dituzte mugikortasunaren arloan. Udalak argitu duenez, joan den otsailean martxan jarritako hiribus lineak aparteko zerbitzuak emango ditu jaietan, kontratua egiterakoan horretarako lanordu poltsa adostu baitzuten. Orain Lurraldebusekin elkarlanean, eta honek eskainiko dituen aparteko zerbitzuekin loturak eginez, irailaren 4an, 5ean, 6an, 8an eta 10ean hiribusak herri barreneko zerbitzua emango du gauerditik 06:00etara ordu erdioro (puntuetan eta erdietan), San Juan de Dioseko biribilgunetik abiatuta eta ohiko ibilbidea eginez. Haatik, zinegotziak gaineratu duenez, emakumeek eta 18 urtetik beherakoek eskaripeko geldialdiak egin ahal izango dituzte, gaueko mugikortasuna seguruagoa izan dadin
Era berean, jaiak herritar guztiek gozatu ditzaten helburu du Hondarribiko Udalak. Zentzu horretan, jaietako ekitaldi jendetsuenak ere irisgarriak egin behar direla uste du Hondarribiko Udalak, eta azken bi urteetan egokitutako MUG espazioak egokituko dituzte irailaren 7an (udal ordezkarien Aurreskuan), irailaren 8an alardea ikusteko eta Bentako kontzertuetan. Josu Peñak aldaketa txiki bat iragarri du irailaren 8an arratsaldez. Izan ere, Damarri plazan eta Bretxan goiz eta arratsaldeko eremuak bere horretan atxikitzen dituzten bitartean, iaz Martxoak 8 plaza txiki geratu zela ikusita, Sabino Arana kaleko autobus geltokian egokituko dute aurtengo eremua.
Oroitarazi dutenez, mugikortasun urria duten herritarrek aldez aurretik jakinarazi behar diote udalari espazio horiek erabili nahi dituztela. Horretarako azken eguna abuztuaren 31 izango da, BAZ bulegoan edota udalaren webgunearen bidez.