Ibilgailurik Gabeko Nazioarteko Eguna irailaren 22a da. Eta Irungo Udalak, urtero egin ohi duen bezala, Colon pasealekua bizikleta eta garraio publikoarentzat erreserbatuko du. Iragarri dutenez, gainerako ibilgailuen zirkulazioa debekatuta egongo da bihar 10:00etatik 19:00etara.
Hala ere, Mugikortasun Astearen baitan antolatutako ekimen garrantzitsuenak igande honetan ospatu dituzte, hala Irunen, nola Hondarribian ere. Bizikleta Martxa bana antolatu zuten Balazta elkartearen laguntzarekin. Eta Irunen, Txinzerrekin batera Zabaltza plazan antolatutako Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten merkatuarekin borobildu zuten bitartean, Hondarribikoaren kasuan, Mendeluko errepide itxi eta auzo-festa batekin ospatu zuten.
Bidenabar, Balazta elkarteak 10 urte betetzen ditu aurten. Eta hamarkada baten ondotik, oraindik ere aldarrikapen bertsuak egin beharretan segitzen dutela dio Gorka Obesok. Bizikletaren aldeko elkarteko presidenteak «duela hamar urte bezala, Mendelun, Irun eta Hondarribia lotuko dituen 600 metroko bidegorri zatia» eskatzen du. Dioenez, «horrek ahalbidetuko luke, eskualde mailan bizikletaz mugitu ahal izatea, Hondarribiko Kai Berritik Hendaiako Dunbarrietaraino, Mendeluko lotura falta zaigu». Balazta elkarteko kideek argi dute «txirrinda dela hirian mugitzeko alternatiba egokiena eskaini dezakeen tresna», eta horren alde lanean jarraitzen dute.
Alde horretatik, erakunde publiko ezberdinen eskumenak direla eta, nahi baino gehiago luzatzen ari den aldarrikapena dela aitortzen du, baina azken urteetan Hondarribiko Udalarekin eta Mendelu Auzo Elkartearekin elkarlanean urratsak egin dituztenez, «badirudi azkenean proiektu bat egingo dutela».
Haatik, egin bitartean, Hondarribiko Udalak duela bi urte bezala, aurtengoan ere Gipuzkoako Foru Aldundiari Mendeluko errepide goiz batez itxi eta Bizikleta Martxa eta auzo-festa egiteko baimena lortu du. Atzo Gernikako Arbolatik abiatu eta Mendeluraino familien martxa eta puzgarri, musika eta jolasekin okupatu zuten, autoak nagusi izan ohi diren espazioa.
1,5 milioi euroko proiektua
Irun-Hondarribia lotzen dituen egungo errepide nagusia auzo-bide bilakatzeko proiektua idazteko kontratua esleitu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak 43.347,93 euroko aurrekontuarekin, eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak aurreikusi du lanak 2027an hasi ahal izango direla. Egunero 13.000 ibilgailuk zeharkatzen duten errepidea estutu, trafikoa mantsotu eta espaloi zabalagoak eta bidegorria egingo dute bi udalerrien arteko oinezko eta bizikleta mugikortasuna hobetzeko asmoz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats berri bat eman du Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralean. Planak 50 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du, eta horietatik 12 milioi euro Hondarribiko errepide-sarea hobetzeko bideratuko dituzte. Hondarribiko esku-hartzeen plangintza joan den maiatzean aurkeztu zuten, eta besteak beste, Mendelu auzoan mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko proiektu bat egiteko asmoa aurreratu zuen Eider Mendoza diputatu nagusiak Amutaldeko errepidean.
Mendozak azaldu duenez, bidegorria eta oinezkoentzako espaloi egokiak egingo dituzte, eta ibilgailuentzat bideak estuagoak izango dira abiadura mantsotzeko eta eremuari itxura eta bizimodu urbanoagoa emanez. Izan ere, Irun-Hondarribia arteko Mendeluko errepidea auzo-bidea bilaka dadin asmo dute, merkataritza-jarduera, eta bi udalerrien arteko oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari lehentasuna emanez.
Mendelu auzoa Amute eta Zubimuxuko biribilguneen artean zeharkatzen duen errepidea «bulebarizatzeko» proiektuak 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua beharko duela argitu du Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak. Eta proiektu horren barruan bidegorri berri bat eraikiko dute. Jarduketa 550 metrotan zehar egingo da, Amutalde eta Mendelu kaleetatik doan eta Hondarribia eta Irun arteko komunikazio-bide nagusi gisa funtzionatzen duen errepidearen zatian. Horrela, bi udalerrien arteko trafikoan eta oinezkoen zein bizikleten joan-etorrien arteko bizikidetza hobetu nahi dute, eta aldi berean, errepidea auzoan bertan integratzea indartuko dute.
Argitu dutenez, espaloiak zabalera nahikoa izango du errepidearen bi ertzetan, eta bidegorri berri bat Irungo noranzkoan. Bizikleta-ibilbide hori auzoaren bi muturretan dauden tarteekin lotuko dute, bidegorrien tokiko sareari jarraipena emanez. Alde batetik, gaur egun Letxunborroko biribilguneraino iristen den bidegorriarekin lotuko da, eta, beste aldetik, Amute auzotik Hondarribiarekin lotuko den bidegorriari jarraipena emango dio, eta Aldundiak laster lizitatuko ditu haren obrak