Hondarribiko Udala saharar auziarekin sentibera dela erakutsi du hainbatetan. Urtero herriko harrera familiei esker udan etortzen diren
Oporrak Bakean programako haurrei harrera egiten diete udaletxean, Irunen ez bezala. Eta neguan elikagaien Euskal Karabana laguntzeko diru partida ere bideratzen du urtero urtero, Tadamun Txingudiko Sahararren Lagunen elkartearekin lankidetzan.
Oraingoan, aldiz, elkartasun keinuetatik harago, alde instituzional eta politikotik ere urratsa egin du. Igor Enparan alkateak harrera egin baitio Mojtar Labuehi Emboiric, Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkari berriari. Honek orain arte ordezkari zen Mohamed Fadel Ehniaren lekukoa hartu zuen joan den otsailean. Udaletxean harekin egindako bileran, Saharako Errepublika Demokratiko Arabiarraren (RASD) egoera politikoa, eta saharar herriaren egoeraz mintzatu dira, eta Hondarribiko Udalaren eta saharar herriarekin harremanez hitz egin dute. Besteak beste, “Oporrak Bakean” udako programa izan dute hizpide, eta etorkizunera begira sor daitezkeen elkarlan programa eta aliantza berriak aztertu dituzte.