Udaltzain batek buruko nahasmenduak zituen gizon bat hil zuen Hondarribian ertzain bat babestu nahian pasaden irailaren 28an. Gertaerak aste borobila bete du gaurko egunez, urriaren 5ean, eta jada bi manifestaldi jendetsuk hartu dituzte Hondarribiko kaleak, gizarte mindu eta etsitu baten adierazle.
Urriaren 3an, arratsaldeko 17:00etarako jendea hurbiltzen hasia zen Martxoak 8 plazara. «Denok gara Babacar, krimen gehiagorik ez» leloa zeraman pankarta zabaldu zuten, Senegalgo banderarekin batera. Bai euskaraz, baita woloferaz ere justizia eskatu zuen berriz ere Senegaldar komunitateak. Babacarren hurbilekoen hitzartze ugarik gertaerekiko ezinegona islatu zuten. Bartzelonatik Babacarren senideak hurbildu ziren, Babacar beti gogoan edukiko zutela adieraziz, eta salatuz «hiru tiro jasotzea gehiegizkoa» izan zela.

Babacarren argazkiak zeramatzaten manifestariak. 47 urteko gizonaren irudia arratsalde osoan zehar oroitu zuten horrela. «Justizia Babacarrentzat» izan zen gehien errepikatu zen aldarria, «Inor ez da ilegala» edo «polizia hiltzailea» oihuekin batera. Mankosengal elkarteko idazkaria den Binta Sarrek adierazpenak eskaini zituen senegaldar komunitatearen izenean:
«Hemen gaude justizia eskatzeko. Herri honetan ez genuen sekula indarkeria poliziala ikusi nahi. Berdin du senegaldarra, afrikarra edo zuria izan, herri eder honek ez zuen hau merezi. Soilik justizia eskatu nahi dugu Babacarrentzat, denok genekielako bera ez zegoela ongi. Bere tokia ez zen kalea, zentro batean egon behar zuen».
Euskal Herriko txoko ezberdinetako jendetza hurbildu zen mobilizaziora. Bilbotik Quinddy aktibista antirrazista eta Afrokolektiba hedabideko fundatzaileetako bat gerturatu zen. Salatu zuen «egiturazko arrazismoak eta pertsona migranteekiko marko kriminalizatzaileek jokaera polizialetan eragina daukatela, baita, gerora, gizarteak epaitzeko dituen moduetan. Birbiktimizazio egoera bat ematen da eta ematen du guztia Babacarren erruz gertatu zela, ez da polizaren jokabidearen inguruan hausnarketa bat ematen»