Josu Peña, Hondarribiko Gizarte Kohesiorako zinegotziak azaldu digunez, bulego berrietan egindako inbertsioa beharrezkoa zen, azken urteetan zerbitzua handitu egin direlako. Izan ere, agintaldi honetan martxan jarri duten Auzoekin programaz gain, babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoen zerbitzuarekin 2008tik osatu gabe zegoen Udal Gizarte Zerbitzuen kartera osatu dute. Baina bulego berriek lan egiteko eta zerbitzu emateko forma ere eraldatuko du. «Garrantzitsuena da herritarrak bertara etortzen direnean eroso eta seguru sentitzea, eta ikustea gertuko zerbitzu bat dela, seinalatua ez sentitzea», dio zinegotziak, Gizarte Zerbitzuetara edozein arrazoia dela eta, laguntza eske joan behar izatea gauza goxoa ez dela jakitun baita. «Edozein premia dutela, haien anonimotasuna gordeaz hurbil daitezen nahi dugu, gure profesionaltasuna eta konfiantza daukatelako», nabarmentzen du.
Muliaten kokatutako bulego berriak horretarako pentsatuak daudela argitu du. Hain justu, proiektua nahi baino gehiago atzeratu bada, hein handi batean, hasierako proiektua irizpide edo kontzeptu hau betearazteko izan da. Berez, hasiera batean Presa I promozioan (Biteri parean) kokatzeko akordioa itxi zuen Hondarribiko Udalak VISESArekin. Baina etxe hauen eraikuntza atzeratzen joan zela ikusita, garaiko EAJ-PNVren udal gobernuak Muliaten kokatzea deliberatu zuen 2021ean. Baita 80.000 euroko diru partida onartu ere proiektua erredaktatzeko.
Geroago, udal gobernu berriak proiektua eraldatzea erabaki zuen 2024 urtean. Oposizioko talde nagusiak gogor kritikatu zuen, baina Josu Peñak aitortu zuenez, proiektuaren planoak jaso zituztenean ohartu ziren «arazo estetikoak baino, estrukturalak zituela, kontzeptukoak». 2025ean 881.000 euroko inbertsioa egin zuten eraikuntza lanak martxan jarri, altzariak eta instalazioa egokitzeko, eta 2026 honetan inbertsioa orotara ia milioi eurotara eraman duten hainbat lan gehigarri egin dituzte.
Josu Peñak dioenez, guztia bateratu nahi izan dute «langileen eguneroko lanari dagokionez atzetik bulego guztiak konektatuak daudelako, eta zentralizatuak egongo dira, orain artean zerbitzu guztiak herriko puntu ezberdinetan kokatuak zeuden bitartean». Kanpotik datorren herritarrak, berriz, hiru sarrera ezberdindu topatuko ditu bulego berrieetan. Izan ere, Gizarte Zerbitzuen bulegoek hiru sarrera indenpendente izango dituzte.
Alde horretatik, mementoz, Prebentzio Komunitarioko Zerbitzua (lehen Harresilandan) eta Auzoekin proiektuan lanean ari diren gizarte langileak bulegoak erabiltzen hasi dira, ezkerreko sarbidean. Baita babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoen arreta psikosozialeko zerbitzua ere, eskuin alboko ataritik sartuta. Eta Gizarte Zerbitzuen bulego orokorra, aldiz, harrera nagusia, erdikoa izango da. «Ilusio handiarekin gaude, pentsatzen dugu herritarrengan gizarte zerbitzuen gainean duten perspektiba aldatuko duela», uste du Josu Peñak.