Etxebizitza Gune Tenkatuaren izendapen prozesua bizkortu dezala eskatu dio Hondarribiko Udalak Eusko Jaurlaritzari

Koldo Nausia

Joan den apirilean onartu zuten udalbatzan Etxebizitza Ekintza Plana, eta maiatzean eskatu zuten prozedura abiatzea. Orduz geroztik, ebazpenaren zain daudela argitu du Igor Enparan alkateak. Hondarribiko Udalak gutun bidez eskatu dio Denis Itxaso Etxebizitza sailburuari ebazpena "lehenbailehen" eman dezan, herrian etxebizitza galtzeko arriskuan dauden herritarrak babestu eta etxebizitza larrialdiaren aurrean neurriak hartu ahal izateko.

2026ko urriaren 20an Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak Hondarribiko Presa I eremuko babes ofizialeko etxebizitzen obrara bisita aprobetxatu zuen Igor Enparan alkateak, Hondarribia Etxebizitza Gune Tenkatua izendatzeko lehen lan-bilera egiteko. Ondoko hilabeteetan GISLANek egindako diagnostikoak ondorioztatu zuen Hondarribiak izendapena jasotzeko hiru irizpideetatik bi betetzen dituela. Eta prozedura abiatzea erabaki ondoren, Udal Osoko Bilkurak apirilean onartu zuen Hondarribia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko Ekintza Plana, eta dokumentazio osoa Eusko Jaurlaritzari helarazi zion maiatzean.

Ordutik, Hondarribiko Udalak ebazpenaren zain jarraitzen duela aditzera eman du Igor Enparan Araneta alkateak. Bizitegi-merkatu tenkatuko eremu izendatzea “tresna garrantzitsua” dela azpimarratu du alkateak "herritarren etxebizitza-eskubidea babesteko, baita etorkizuneko etxebizitza-galerak eta etxegabetze egoerak prebenitzeko ere".

Horregatik, Hondarribiko Udalak gutun bidez eskatu dio Denis Itxaso Etxebizitza sailburuari ebazpena "lehenbailehen" eman dezala, herrian etxebizitza galtzeko arriskuan dauden egoerei aurrea hartu eta beharrezko babes-neurriak garaiz aktibatu ahal izateko. Izan ere, Enparanek ohartarazi du Hondarribian ere badirela etxebizitza galtzeko arriskuan dauden bizilagunak.

Hain justu, etxebizitzaren krisia eta etxegabetzeen arriskua eztabaida publikoaren erdigunean dauden honetan, Igor Enparanek dioenez, "etxebizitza galtzeko arriskua ez da urruneko errealitate bat, eta beharrezkoa da prebentzioz jardutea eta administrazio publikoek eskura dituzten tresnak aktibatzea”. 

Alde horretatik, gune tenkatuaren izendapena lehenbailehen formalizatu nahi du udal gobernuak, etxebizitza merkatuan esku hartzeko. Muturreko egoeran dauden familia zaurgarriak babesteko ez ezik, etxebizitza eskubidea orohar bermatzeko neurriak aplikatu ahal izateko ere.

Etxebizitzaren diagnostikoa herrian

Gogoan hartu behar baita, GISLANek egindako diagnostikoaren arabera, gazteen emantzipazio-tasa %26,3koa dela Hondarribian, Gipuzkoako batez bestekoa (%33,3) eta EAEkoa (%32,3) baino nabarmen txikiagoa. Herrian 8.878 etxebizitza daude, baina horietatik %21,6 ez dira urte osoko bizilekuak. Bestalde, 16.872 biztanleen artean, 1.552 eskaera daude Etxebiden aktibo, horietatik %73,2 alokairu sozial baten esperoan.

Aipatutako diagnostikoak azken urteetako prezioen bilakaera eta garapen demografikoa kontuan hartu du, egungo egoeraren argazki zehatza emateko. 2018 eta 2023 urteen artean alokairuaren batez besteko prezioa %19,7 igo da, KPIaren metatutako igoera (%16,5) baino 3,2 puntu gehiago. Etxebizitzen salerosketari dagokionez, 2019 eta 2024 artean prezioak %25,5 garestitu diren bitartean, KPIaren igoera %19,4koa izan da.

Alde horretatik, etxebizitza erostea bereziki garestia da Hondarribian. 2025ean, etxebizitzen batez besteko prezioa 465.188 eurokoa da, Gipuzkoako batez bestekoa (303.900 €) baino %53 handiagoa. Eta alokairu librean ere antzeko joera dago: 2024an batez besteko errenta 835,4 eurokoa izanik.

Ekintza plana

Diagnostikoarekin batera hiru urtez garatzeko Etxebizitza Ekintza Plana aurreikusten du udalak. Estrategia integrala dela nabarmendu dute, eta lau ardatz estrategiko jorratuko lituzke. Batetik, alokairu etxebizitza gehiago eskura jartzea. Zentzu horretan, Hondarribian babes publikoko etxebizitzak sustatu eta alokairu erregimena lehenestea aurreikusten da, bai sustapen berrietan bai dagoen etxebizitza parkean. Epe laburrean aktiba daitezkeen proiektu nagusiak Presa (66 etxebizitza alokairu babestuan), Labreder/Madalen Kuboa (33), Biteri (34) eta Montañenea (28) dira. Guztira, datozen hiru urteetan 161 babes publikoko etxebizitza.

Era berean, lankidetza estrategikoa aurreikusten du VISESArekin, babes publikoko sustapenak bideragarriago egiteko eta alokairu sozialaren eskaintza handitzeko. Beste neurri batzuk ere aztertuko dira, gazte eta adinekoentzako etxebizitza eredu berriak. 

Bestalde, etxebizitza parkea hobetzea eta zaharkitutako eraikinen birgaitzea. Horretarako, birgaitze energetikoa eta irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntzak, udal-tasen hobariak eta auzo pilotuak aurreikusten dira. Bereziki, Mendelu eta Eskapatxulo auzoetan egingo den berroneratze proiektu pilotuak eraikinen egoera hobetzeaz gain, espazio publikoa eta bizigarritasun baldintzak ere lantzea bilatzen du. 

Hirugarren ardatzak etxebizitza eskuratzeko laguntza publikoak eta arreta sistemak indartzea planteatzen du. Horren arabera, herritar askok laguntza programak erabiltzen dituzte etxebizitza ordaindu ahal izateko, eta koordinazio handiagoa beharrezkoa dela deritzo udal gobernua. Neurri nagusien artean daude Gaztelagun eta Emantzipa programak indartzea gazteen emantzipazioa errazteko, informazio eta orientazio sistema zentralizatua sortzea, eta larrialdi etxebizitza estrategia bat garatzea eskualde mailako ikuspegiarekin. 

Azkenik, etxebizitza politikaren gobernantza eta tresna juridikoak indartzea du helburu. Izan ere, Gune Tenkatuaren izendapenak aukera emango luke edukitzaile handien etxebizitzetan alokairu prezioak erreferentzia indizeen arabera mugatzeko, etxebizitza turistiko berrien hedapena mugatzeko eta merkatuan neurri eraginkorrak aplikatzeko. Diagnostikoan argitu denez, Hondarribian 35 jabe handi daude eta 307 etxebizitza daude haien esku.