Auzoko argazki zaharren erakusketa estreinatuko dute Mendelu Enean urriaren 23an

Antxeta Irratia

Ostiralean 17:30ean Mendelu auzoko argazki zaharren erakusketa aurkeztu eta hitzalditxo bat antolatu dute AuzoEkin programaren Kafe Tertulietatik abiatuta. Artxibategiko irudiekin eta bizilagunei eskatutako argazki zaharren bidez auzoaren historiari eta oroitzapenei erreparatu nahi izan diote, denboran zehar izan duen bilakaera eta jasan dituen aldaketak gogoratzeko.

Hondarribian auzoz-auzo komunitatea osatzen lagungarria bilakatzen ari da AuzoEkin programa. Desiratu gabeko adinekoen bakardadea saihestu eta zaintza komunitarioa sustatzea helburu badu ere, joan den urteaz geroztik hainbat auzoetan martxan jarritako Kafe Tertulia eta bestelako ekintzetatik auzoen nortasuna eta oroitzapenak biltzeko parada ematen ari dira.

Ildo horretatik, joan den uztailean Arkolla-Zimizarga auzoan Santiagotxoko jaietan egin zuten bezala, oraingoan Mendelu auzoan ere Argazki Zaharren erakusketa bat antolatu dute. AuzoEkin programa kudeatzen duen Zabalduz Kooperatibaren laguntzarekin, argazki zaharren bidez auzoaren historiari eta oroitzapenei erreparatu, eta Mendelu auzoak denboran zehar izan duen bilakaera eta jasan dituen aldaketak gogoratzeko erakusketa prestatu dute.

Arkolla auzoaren kasuan, Ballestanea jatetxean antolatzen dituzten kafe tertulietatik abiatu zen ideia, eta Hondarribiko Udal Artxibategira jotazeaz gain, bizilagunei eskatuta 30 bat argazki zahar bildu zituzten. Mendelun, aldiz, Mendelu Enean AuzoEkin programaren baitan egiten dituzten auzo bileretan. Hondarribiko Udalak aditzera eman duenez, urriaren 23an 17:30ean aurkeztuko dute erakusketa Mendelu Enean, eta mokadutxo bat eta solasaldi txiki bat egingo dute.