Irailaren 30ean Hondarribiko Udal Osoko Bilkuran aho batez onartu zuen Hondarribiko Udalak Higertoki S.L. eta Zaldunborda Berri enpresek aurkeztutako 13,8 milioi euroko kalte-ordainen erreklamazioaren aurrean, auzitegian demanda zibilaz defendatzeaz gain, bi enpresa hauen kontrako kereila penala aurkeztea. Igor Enparan Araneta alkateak gaur Udal Korporazioaren izenean egindako agerraldian esan du, Hondarribiko Udalak ez duela inor erruduntzat jo oraindik. «Inplikatutako enpresen eta pertsonen errugabetasun presuntzioa errespetatzen dugu, baina ia 14 milioi euroko erreklamazio baten aurrean, zalantza larriak aurkitu baditugu, ezin dugu beste alde batera begiratu», argitu du.
Alde horretatik, udalak aurkeztu duen kereila penalaren bidez, inplikatutako bi enpresen partetik bi delitu posible eman ote diren argitu nahi dute. Merkataritza dokumentuen faltsutzea batetik, eta hori hala izango balitz, iruzur prozesala. Hau da, 13,8 milioi euroko kalte-ordainen erreklamazioa eskatzeko aurkeztutako demanda bera iruzurra litzakeelako.
Alkateak azaldu duenez, ez dute bide penala «arinkeriaz» hartzea erabaki. Udalak joan den urtarrilean iragarri zuen bezala, demandaren aurrean
auditoretza independentea enkargatu baitu, eta abokatu penalista aditu baten eskutik aztertu ondoren, orain epaile bati eskatu diote ikerketa egitea. «Udalak ez ditu eskumen eta baliabide nahikorik hori aztertzeko, eta justiziak aztertu eta erabakiko du», azpimarratu du Enparanek.
Hartara, demanda zibilari aurre egingo dio Hondarribiko Udalak enpresa horiei kopururen bat ordaindu behar ote dien argitzeko. «Demanda zibilaren aurrean defendatzen ari gara, eta argi dugu ez dugula kalte-ordainik ordaindu beharko», azpimarratu du alkateak, «baina arazoa ez da soilik ordaindu beharko dugun ala ez, eta zenbat diru erreklamatzen dioten udalari, baizik eta aurkeztu dituzten agiriak egiazkoak ote diren ala ez».
Huts egindako makro-outlet proiektuaren ondorioa
Egungo eszenatoki juridikoa ulertzeko atzera begiratu beharra dago. Izan ere, Hondarribia Lantzenek (desagertutako udal sozietate publikoa) Gaintxurizketako Zaldunbordako Gaina lurzoruaren salmentarako lehiaketa publikoa deitu zuen 2017an, eta Higertoki enpresari esleitu zitzaizkion lurrak bi milioi euroren truke. Bertan, The Village Outlet mega-proiektua eraiki nahi zuten. 40.000 metro koadroko azalera, 100 saltoki, 1.000 ibilgailuentzako aparkalekua, eta urtean 5 milioi bisitari aurreikusten zituen Zaldunbordan egin nahi zuten The Village Outlet megaproiektuak. Ezer ezean geratu zen gero, enpresa, administrazio, alderdi politiko, merkataritza plataforma eta talde ekologisten interes eta legearen araberako korapilatsu baten ondotik.
Zaldunborda Gelditu! plataforma proiektua geldiarazteko 2019an sortu bazen ere, hainbat talde ekologistaz osatutako Bidasoaldeko Lagunak elkarteak ere, gogor borrokatu zuen helburu berbera 2017an epaileek HAPOa (Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra) baliogabetu zuen arte. Horrekin batera, Zaldunbordako Plan Partziala ere bertan behera geratu baitzen. Egitasmoak
Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoa kaltetzen zuela salatzen zuten ekologistek, Zaldunborda bien artean baitago, Gaintxurizketan. Proiektuaren sustatzaileak petrolioaren sektoreko enpresak zirela ere azpimarratu zuten ere,
Petronor eta
Avia kasu.
Alabaina, orduko Hondarribiko alkatea, Txomin Sagarzazu presidente zuen Hondarribia Lantzen sozietate publikoak Higertoki enpresari esleitu zizkion Zaldunbordako lur horiek, EAJren aldeko botoekin baino ez. Esleipena «korrika eta presaka» egin zela, eta enpresa bakarra aurkeztu zela salatu zuten ekologistek. Eta lur horien jabetza lortzeko espreski sortutako enpresa zela gaineratzeaz gain, lurren birkalifikazioari lotuta irregulartasunak ere salatu zituzten. Eremua jardun ekonomikoetarako lur izendatzearen aurka agertu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordea.
Hortaz gain,
Higertoki enpresa eta EAJren arteko lotura zuten izenak mahai gaineratu zituen EH Bilduk, tartean Hondarribiko alkate ohia Aitor Kerejetarena. Abotsanitz herri batzarra izan zen (orduan oposizioan) gaia mahai gainean jarri zuen lehena, «udal gobernuaren aldebakarreko jarrera eta erabaki itsu eta okerrengatik» kezkatuta. Eta Zaldunborda urte luzeetan hondakindegi ilegal gisa erabilia izan zela salatu ondoren, megaproiektu komertzialari bide emateko, zuhaizti bat baimenik gabe suntsitu izana ere salatu zuen. Are gehiago, 2021ean
lan horiek eragindako luiziak Zokueta erreka kutsatu egin zuen, eta hura zuzentzeko agindu zuen Ura Agentziak.
Bestalde, Irungo Udaletik ere jo zuten proiektuaren aurka, arrazoi ekologikoengatik eta tokiko komertzioarengan izan zezakeen ondorioengatik. Izan ere, Irungo udalbatzak Si Se Puede Irun alderdiaren mozioa onartu zuen 2017an, Hondarribiko Udalari proiektua geratu zezala eskatuz.
Kalte-ordainak eta zalantzazko fakturak
Haatik, lurrak bi milioi euroren truke esleitu zizkioten Higertoki S.L. enpresari. Baina, esan bezala, 2020an Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak HAPOa baliogabetu egin zuen. Eta 2021ean Auzitegi Gorenak erabakia berretsi egin zuenez, lur horiek berriro nekazal erabilerakoak izatera pasa ziren.
Lau urte geroago, 2025eko irailean Higertoki eta Zaldunborda Berri enpresek 13,8M€ erreklamatzeko demanda zibila aurkeztu zuten. Orduz geroztik, Hondarribiko Udalak enpresek auzitegian aurkeztutako dokumentuak banan-banan aztertzeko lana hartu duela aditzera eman du Igor Enparanek. Eta aipatutako auditoretza egindakoan, alkateak dioenez galdera bat izan da: «zer gastu egin dituzte, eta benetan egiaztatuta al daude?».
Gaurko agerraldian argitu duenez, udalak enkargatutako auditoretza independenteak ondorioztatu du «datu deigarriak» daudela. Izan ere, 6,1 milioi euroko gastuak justifikatzeko 39 dokumentu aurkeztu dituzte enpresek auzitegian, eta horietatik 5,5 inguru (guztiaren %90) «elkarren artean lotura duten enpresen arteko gastuei dagokie, elkarri fakturatzen dioten enpresen sare batetik», hau da, harreman ekonomikoa edo administratiboa dutenak. «Hainbat enpresek harremanak edukitzea edo prezio altua kobratzea ez da delitua, baina kontraesanak daudenean, ezin dugu beste alde batera begiratu», aitortu du alkateak.
Eta begiratuz gero, topatu dituzten kontraesanen adibideak jarri ditu. 2019an Zaldunborda Berri enpresak 5 milioi euro ordaindu zizkion Busa enpresari «aurrekari gisa». Baina fakturak ondoko hilabeteetan jaulki zituztela dio Enparanek, eta ondoren diru hori kobratu zuen enpresa beraren administratzaileak 2024ko uztailean sinatutako ziurtagiri batekin justifikatu dute.
Era berean, lurrak lortzeagatik 2019an Durruty XXI enpresak 600.000€ + BEZa ordaindu zizkion Higertokiri. «Baina lursail hori 2017an esleitua zegoen aipatutako lehiaketa publikoaren bidez, eta erosketa urte berean sinatuta dago notariotza aurrean, beraz, lurren erosketa egina zegoen ordurako», azpimarratu du Enparanek. Ildo beretik, lurren zigilatze lanengatiko 690.000€ko faktura bat aipatu du alkateak.
«Kasu bakoitzak bere azalpena izan dezake agian, baina denak batera hartuta ezin dugu beste alde batera begiratu», dio alkateak, gainera «auditoretzak ondorioztatu du, dokumentazioarekin erreklamatutako fakturak Ogasunean aitortuak izan ote diren ez dagoela argi». Hain justu, hau guztia argitzeko aurkeztu dute kereila penala. Bi enpresa hauek aurkeztutako dokumentazioa egiazkoa ote den argitzeko eskatu diote epaileari. Eta alkateak argitu baitu Hondarribiko Udalak ezin duela ez ikusiarena egin. «Udalak bere erantzukizunarekin bete behar du arduraz, eta herritarrena den dirua babesteko, herri osoaren interesak defendatzeko», dio, erabakia udalbatzak ahobatez onartu duela azpimarratuz.