Joan den urriaren 3an Batzokian egindako agerraldian, Hondarribiko EAJ-PNVk 2027 udal aurrekontuen proiektuan txertatu nahi lituzkeen 2,3 milioi euroko proposamenak aurkeztu zituen. Baina azkenean, landutakoen artean, 359.500 euroko proposamenak aurkeztuko ditu, zazpi proiektu gauzatzeko.
"Hondarribia Bizirik" lelopean, Hondarribiko EAJ-PNVren udal taldeak «kirolarekin, kulturarekin eta herriko gizarte-bizitzarekin» lotutako ekimenak aurkeztu ditu. Eta jeltzaleen udal taldeko bozeramaile Maria Serranok «herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena duten ekimenen aldeko apustua» egitearen garrantzia azpimarratu du.
Hartara, ludotekak eta Haur Txokoak martxan jartzeko bideragarritasun-azterketa egiteko 30.000 euro, erakusketa areto irisgarri bat alokatu eta egokitzeko 60.000 euro, Pump Truck zirkuitu bat eraikitzeko 150.000 euro, edota beste 35.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute Guadalupeko mahaiak eta bankuak berritzeko, herriko aire zabaleko topagune eta aisialdi-eremu garrantzitsuenetakoa hobetzeko.
Bestalde, udal kiroldegiaren beharren azterketa integrala egitea batetik, eta belar artifizialezko futbol zelaian ikusleentzako aterpe bat egiteko 40.000 euroko partida proposatu dute. Serranok aitortu du Espainiako Estatuko jabetza den eremua izanik, obrarako baimena beharrezkoa izan denez, aurrekoetan ezin izan dela halakorik egin, «baina orain Eusko Jaurlaritzarekin harremana ona dela, eta zenbait obra baimenak onartuak daudela, taldeei ikustera joaten diren familiek eskertuko duten proiektua izan daitekeela».
Beste proposamenetako bat 14.500 euroko programa bat martxan jartzea da, Hondarribiko elkarteen arteko harremanak eta dinamizazioa indartzeko. Programaren helburua da elkarteen arteko lankidetza, esperientzien trukea eta ekimen bateratuen antolaketa sustatzea.