Hondarribiko EAJ-PNVk 2027ko udal aurrekontuak osatzeko landu dituen proposamenak aurkeztu ditu gaur Batzokian egindako agerraldian. Udal Gobernuari helarazi dizkio dagoeneko. Baina Maria Serrano bozeramaile jeltzalea kexu da Hondarribian «aurrekontuen prozesua aldrebes» egiten delako. «Ez da mundua alderantziz, baina oso arraroa egiten da Hondarribian azken urteetan nola bideratzen den», azaldu du, «ezagutzen ditugun erakunde guztietan gobernuak aurrekontu proiektua aurkezten du, eta oposizioak zenbait aste ditu horren gainean lan egin eta zer falta den ikusita osatzeko proposamenak egin ahal izateko». Agintaldi honetan, aldiz, gobernuak proposamenak galdetzen dizkie aurretik, eta dioenez «bakarrik Hondarribian Abotsanitzekin ematen da horrelako prozedura».
Serranok aitortu duenez, agintaldi honetan ez dute aurrekontuetan horrela parte hartu ez zutelako ulertzen hala egin behar zenik, «baina ikusita gure proposamenak ez zirela gero sartzen, aurten proposamenak eskatu bezala aurkeztu ditugu, eta espero dugu negoziatzeko aukera izan eta zorte pixka batekin udal aurrekontuetan gure ekarpenak islatuak ikusi ditugula», esan du.
Proiektu zehatzetarako diru partidak
Abotsanitz-EH Bildu udal gobernuaren aurrekontu zirriborroa ezagutu gabe bada ere, EAJ-PNVk beste udal aurrekontu batzuk egingo zituela azpimarratu du ordezkari jeltzaleak. Nolanahi ere, «proiektu zehatzak eta garrantzitsuak diren proiektuetarako partida konkretuak» aurkeztu dituztela nabarmendu du. Zehaztu duenez, batik bat etxebizitzari garrantzia emanez, eta mugikortasuna edota eguneroko bizitza hobetzeko.
Etxebizitzari dagokionez, bolo-bolo dabilen gaia den honetan, Jostaldi eta Muliate artean (Eskifaia abesbatzaren egoitzaren alboan) dagoen lursailean etxebizitza publikoak eraiki daitezkeen aztertzeko proiektua garatu nahi du EAJ-PNVk. «Oraingo gobernua aparkaleku bat egiteko lanean ari da hor, baina lehentasuna etxebizitza behar du, eta 150.000 euroko partida proposatzen dugu», argitu du Serranok.
Era berean, beste 100.000 euro bideratu nahi dituzte udal etxebizitza sail bat sortzeko. 2023ko udal hauteskunde kanpainan jeltzaleek Etxebizitzaren Udal Bulegoa eratzea proposatu zuen, eta ildo beretik, onartuko den HAPOak ahalbidetuko dituen etxebizitza publikoen kopurua kontuan hartuta, «udalak kudeatu beharko dituen baimenak eta izango duen lan-kargari erantzuteko kontratazioak beharko dira, eta Udal Etxebizitza Saila sortu beharko da», aditzera eman du ordezkari jeltzaleak, jarraitu beharreko eredua zehaztu gabe. Izan, Irungo Udalak sortu zuen Irunvi bezalako sozietate publikoa, izan Hirigintza arloaz aparteko berezko saila, izan udal bulego bat.
Mugikortasuna da jeltzaleek landu dituzten proposamenen beste ardatz nagusietako bat. Maria Serranok azaldu duenez, 200.000 euro bideratu nahi dituzte urte hasieratik (behin-behineko autobusarekin eta irailetik behin betikoarekin elektrikoarekin) martxan dabilen hiribusaren geralekuak sortu edota egokitzeko. Beste 200.000 euro proposatu dituzte bidegorri-sarean lloturak egin, eta Balazta elkartearekin adostuta bide berriak garatzeko.
Aparkaleku gabezia arintzeko, berriz, Jabier Ugarteko lurpeko aparkalekuaren proiektua aztertzeko 150.000 euroko partida aurkeztu dute berriro. «Ez gara proiektu faraoniko batez ari, Alde Zaharreko bizilagunei eta Portura erosketak egitera doazenei zerbitzu emango dien lur azpiko solairu bakarreko edo bi solairuko aparkaleku batez baizik», argitu du.
Gainerakoan, eguneroko bizimodua hobetu ditzaketen proiektuak zerrendatu ditu Maria Serranok aurkeztutako ekarpenetan. Batetik, udal ludoteka edota Haur Txoko bat sortzeko bideragarritasun azterketa egiteko 30.000 euro. «Asteburuetan eta arratsaldetan zerbitzu eman dezake, eta haurrak dituzten familia gazte asko dagoenez», aldameneko udalerrietan (Irungo bost Haur Txokoak adibidez) arrakasta izan duten ereduak jarraitzea proposatu du.
Era berean Hondartza kiroldegiari dagokionez, adibidez, itsasertzaren gaineko eskumenen egoera berriak inbertsioak egiteko aukera ematen duela gogoratu du. Eta beraz, belar artifizialeko futbol zelaian ikusleentzako aterpe bat (40.000 euro) eta kiroldegia berritzeko plana osatzeko egungo egoera orokorraren auditoretza (30.000 euro) egitea eskatzen dute.
Bestalde, azken urteetan kezka eta azterketa ugari ekarri dituen Mendeluko uholdegarritasun arazoari begira, udal gobernuak proposatzen duen lezoiaren proiektua beharrean, uholdeak saihestuko dituen konporta-sistema bat ezartzeko azterketa egiteko 50.000 euroko partida aurkeztu du EAJ-PNVk.
Horrez gain, jeltzaleek tokiko merkataritza babesteko Kofradia proiektua eta Kale Biziak programa barneratu nahi ditu udal aurrekontuetan, hutsik dauden lokaletan negozio berriak irekitzea sustatzeko.