Udaltzaingoaren eredua aldatzeko eskaera onartu zuen atzo Hondarribiko udalbatzak. Duela bi aste Abotsanitzek aurkeztutako mozioari EH Bilduk egindako zenbait ekarpenekin bozkatu zuten udal osoko bilkuran. Gobernukideek diotenez, herri segurtasuna komunitate baten bizikidetzaren eta ongizatearen oinarrizko zutabea dela ulertuta, «nahitaezkoa da funtzionario langile hauek Hondarribiko errealitatea sakonki ulertzea». Haatik, Aitzol Arroyok, Abotsanitzeko zinegotziaren arabera, azken urteetako esperientziak dio «Arkautetik bideratutako udaltzainen formakuntza zentralizatuegia dagoela». Eta haien ustetan, udaltzain agenteek ez dute segurtasunaren ikuspegi komunitariorik.
Abotsanitzek udaltzainen lana hurbilekoa behar duela izan defendatzen du, eta udaltzaingoaren oposizio prozesua amaierako fasean dagoela kontuan hartuta, udaltzain zerbitzu hurbilagoa lortzeko Euskadiko Polizia Legearen berrikusketa bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Alde horretatik, esku-hartze komunitarioa eta tokiko poliziaren antolaketan udal autonomia gehiago nahi du Hondarribiko Udalak. Mozioan argitu dute, arreta osoa eta herri segurtasunaren kontzeptu komunitarioa aintzat hartuko duen, eta udal bakoitzari bere baliabideez hornitzeko aukera izango duen eredua beharrezkoa dela herriko benetako beharrei erantzuteko.
Hartara, Euskadiko Polizia Legearen berrikusketa egiteko eskaera luzatuko diote Segurtasun Sailari eta Eusko Legebiltzarrari. «Udal autonomia defendatzea, tokiko polizia antolatzeko, zuzentzeko eta kudeatzeko, eta lehentasunak zehazteko ere, hautaketa prozesuak Hondarribitik bertatik bideratzearen garrantzia onartzea» eskatu du udalbatzak.
Era berean, Segurtasun Sailari EAEko lurralde bakoitzean formakuntza zentro ezberdinak sortzea eskatzen du Hondarribiko Udalak «Arkauterekiko mendekotasuna murrizteko». Eta formakuntza horretan ikuspegi komunitario txertatu nahiko lukete, arreta berezia jarriaz emakumeak indarkeria matxisten aurrean defendatzean, haur eta nerabeen babesean, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei arreta ematean, eta auzo eta espazio publikoetako bizikidetza hobetzean. Onartutako mozioaren eskaera Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari, Eusko Legebiltzarrari eta Udaltzaingoari zein Udal Langile Batzordeari komunikatuko diote.
Oposizioko udal talde nagusiak, berriz, EAJ-PNVk herritarren beharrei egokitutako udaltzaingoa beharrezkoa denik ez du ukatu. Are gehiago, Maria Serrano bozeramaileak «herritarrengandik hurbil egoteko beharra partekatu» egiten duela nabarmendu du. Hala ere, ez du Udaltzaingoaren eredua aldatu beharra dagoenik ulertzen. Esku-hartze komunitarioa eta zerbitzu hurbilagoa bermatzeko beste baliabide batzuk daudelakoan baitago jeltzalea. Aditzera eman duenez, EAJ udal agintean izandako urteetan «agente zibikoen bidez eta beste baliabide batzuekin egin izan da lan hori, eta udaltzainak polizia agenteak direla» gogoratu du.
Inorri ez zaio oharkabean pasatzen, pasa den irailaren 28an Hondarribian udaltzain batek Babacar Welle tiroz erail ondoren sortutako eztabaidak ekarri duela, hein batean, herri segurtasunaren antolaketa eta ereduaren gaineko gogoeta hau. Igor Enparan alkateak aitortu zuen «gizarte bezala hausnarketara eraman behar gaituen gertakari batzuen aurrean» geundela. Izan ere, «gertatutakoa ekidin zitekeen zerbaiten aurrean gaudenaren sentsazioa» zuela aitortu zuen alkateak.