2021ean "Haurtzaroaren Adixkidea" izendatu zuen UNICEF erakundeak Irungo hiria. Udaleko Gazteria arlotik urteak daramatzate haurrak eta gazteak sujeto aktibo gisa aintzat hartzen. Eta horren baitan, GazteArtean programaren baitan, Haur eta Nerabeen Plana abian jarri dute haurren foroa eratuz, agintariek udal politika egiterako garaian haien iritziak eta proposamenak aintzat hartzeko helburuarekin lanean ari dena.
Aurten "Adi! Entzun Gaitzazu" lelopean ospatuko dute hilaren 20ko Haurraren Eskubideen Nazioarteko Eguna. Azaroaren 19an ospatuko dute Irunen Igande Sasoiaren testuinguruan, Zabaltza plazan. Joan den urtean haurrek jolasteko duten eskubide unibertsala izan zuten aldarri. Aurten, aldiz, haien eskubideen hitzarmenaren 12. artikuloa ardatz hartuta, haurren iritzia errespetatzeko aldarrikatuko dute. "Asko ikasten da haurrengandik, eta entzun egin behar zaie", dio Nuria Alzaga Gazteria arloko zinegotziak.
10 urtez gorakoentzat programa
Antolatutako egitaraua 10 urte arteko haurrei eta haien familiei zuzenduta badago ere, irundar orori luzatu diote deialdia bertan parte hartzeko. Azken batean, "haurren ongizatea, babesa, haien garapena eta heziketa denon ardura da", dio udal ordezkariak. Hala, azaroaren 19an goizeko 11:00etatik 13:00 arte, Irungo hainbat eragileren parte hartzearekin programa aberatsa prestatu dute.
Txiribueltak eraikuntza piezak zein, klera jokoa edota psikomotrizitate tailerrak proposatuko dituen bitartean, Parean berdintasun elkarteak irakurketa saioak eskainiko ditu. Bestalde, emozioen adierazpena lantzeko antzerki tailerra egingo du Rythm Antzerki Musikalak, eta Larreaundiko Marte Laborategiak emozioak margotzeko aukera emango die haurrei. Goiza borobiltzeko, aldiz, Erre Produkzioak-en eskutik "Grimm anaien parkea" antzezlana taularatuko dute 13:00ean. Txikis del Bidasoa, Kilimar Elkartza eta Espacio Emhan ere parte hartuko dute, eta Asier Burguetek animatuko du goiza.
Bestalde, udalak eskaintzen dituen Haurtxoko eta Gazteleku zerbitzuen parte hartzea ere bultzatuko du. Horretarako, Martindozenea gaztelekuan mural bat margotuko dute azaroaren 15ean eta 22an (17:00etatik 20:00etara) Maialen Arozena artista irundarraren laguntzarekin. Parte hartu nahi duten gazteek 690 706 471 telefonora idatzi behar da whatsapp mezua. Argitu dutenez, mural hori Zabaltza plazan ikusgai egongo da azaroaren 19an. Era berean, Haurtxokoetan ere haurren eskubideak landu dituzte egunotan.