1967an Oargui elkarte katolikoan Irunen gau eskola sortu, eta 1977tik aurrera euskaltegiak ibilian-ibilian egindako ibilbidearen ondotik 1980. urtean Irungo AEK Euskaltegia bilakatu zenetik, urteotan guztiotan euskaldundutako hamaika bidasotar belaunaldi horiei deia luzatu zieten larunbatean, San Juan plazan talde argazki erraldoia egiteko. Euskaltegiaren ibilbideari errepasoa ematearekin batera, 23. Korrikak Bidasoaldean piztu duen ilusioa partekatu nahi izan dute.
“Gure akorduan betiko geldi dadin” elkarlanertako deia luzatu zuten, lehendabiziko Korrika Batzordea abenduaren 1ean 18:30tan egingo dutela iragarriz. Baina joaterik ez duen orori ere, euskaltegira lasai asko hurbiltzeko eta erronka handi hau auzolanean antolatzeko lanetan parte hartzera animatu dituzte irundarrak ez ezik, bidasotar guztiak ere. Ez dira gutxi Irunen lanerako. Biztanleen %40a baizik ez da euskalduna, eta eguneroko erabilera %9koa bada ere, 24.000 lagunek osatzen dute euskal komunitatea bertan, kopuruetan aintzat hartzekoa. "Harrotasun eta ilusio handiz" hartu dute irundarrek martxoaren 14ko Korrikaren abiatzea. Eta Irunen ere euskaraz bizi daitekeela aldarrikatu dute. Euskararen normalizazioaren liburuan idazteari utzi nahi diote Irunen. Eta euskaldunak sakabanatuak egonagatik ere, euskaldun asko dagoela aldarrikatu dute.
Entzun San Juan plazako talde argazkian parte hartutako zenbait herritarren eta AEK kideen hitzak ondoko audioan.