«Mingaina erabat lotua eduki dugu jakin genuenetik orain arte, guretzat sekulako poza da», dio Idoia Genua Alzurik oraindik ere martxoaren 14ari buruz gehiegi iragartzeko asmorik gabe, baina hitzordu honek duen garrantziaren jabe. «Edozein tokitan hasten dela ere, iruditzen zaigu AEK osoari egiten zaiola aitortza, baina egia da jaso ditugun mezuak aintzat hartuta, jendeak hartu duela Irungo herriari egindako aitortza modura. Pozik bizi dugu, espero dugu ahaztezina, kolosala izatea».
Aitortza, ibilbide luze eta oparo bati. Izan ere, 1967an pasiotarren Oargui elkarte katolikoan gau eskola sortu zenean hasi ziren Irunen hainbat militantek euskara irakasten. Eta gerora 1977an euskaltegiaren ibilbidea abiatuta, 1980. urtean Irungo AEK Euskaltegia izendatu berria zela murgildu zen Idoia Genua bete-betean gaur egun arte.
40. ikasturte du aurtengoa bertan irakasle lanetan. Batzuetan «hor segitzen dun, eh?» esaten diotela aitortzen du, «ba bai, baina ti-tau pasa da, eta ez naiz konturatu egin ere egia esan. Baina hor jubilatzeko asmoa dut». Hasierako urteetako irakasle guztiak ez dizkigu zerrendatu nahi izan, bidean batonbat utziko duelakoaren beldurrez. Baina gogoan ditu bere hasierak AEKn. «Oso goxo hartu ninduten, ikastolako kumeak ginen eta institutoan hasi nintzela, alfabetatze mailan hasi ginen» gogoratzen du. Iñaki Arizagarekin "Amutte" hasi zela dio, eta Artiako auzo elkartean klaseak ematen hasi zela, baina hurrengo ikasturtean AEKn mugildu egin zen bete-betean. Gerora Joxean Eloseguirekin EGA prestatu behar izan zuen. Eta garai haietakoak gogoan ditu Polen Mendizabal edo Begoña Arbelaiz ere. «Irakasle izan nintzen ikasle baino lehen, edo ikasle eta irakasle aldi batean», azpimarratzen du.
Irungo euskara eta euskaldun komunitatea
Horiek hala, lau hamarkada darama hamaika bidasotar belaunaldi euskalduntzen. Eta Irungo hiriaren eta haren garapen sozio-lingusitikoaren lekuko izan da aldi berean. Gaur egun irundarren %40a inguru euskalduna bada ere, %9ak baizik ez du egunerokoan erabiltzen. Hala eta guztiz ere, euskaldun hiztun komunitatea 24.000 herritarrek osatzen dute. «Ez zait iruditzen kopuru makala denik, eta askotan famatik ere asko dugu irundarrok», dio Irunen euskaldun gutxi dagoelako iruditeriaren aurka. «Hemen oso sakabanatuta bizi gara euskaldunak, baina izan bagara, eta gainera Irunen oso ondo hitz egiten da euskaraz, egiten duenak oso ondo egiten du», aldarrikatzen du.
Horiek hala, San Juan plazan joan den larunbatean egindako talde argazki ekitaldian nabarmendu zuten bezala, «normalizazioaren liburuan idazteari utzi» eta Harro Herri bat garela aldarrikatu eta ospatzeko unea dela pentsatzen du Idoiak ere. «Ni penatan ez naiz hasiko. Orduan zer egin behar dugu? Garenok aurrera egin, poliki, aitzina... honek ere sekulako bultzada emango digu gainera, eta orain ikasten ari diren guziak animatu behar ditugu gure mundu hau ezagutzera, oso polita delako».
Aurtengo Korrikara jende guztia bil dadin nahi du. Eta suposatzen duen erronka bezain egun handia iragarri du martxoaren 14koa: «Jendea erne ibil dadila! Eta zergatik ez? Lanean eska dezala egun hori jai egun, egoerak merezi duela uste dut». Eta aurretik ere, Korrika Batzordean parte hartzera animatu ditu «irundarrak ez ezik, bidasotar oro ere, bidasotarrak baikara». Abenduaren 1ean 18:30tan deitu dute lehendabiziko Korrika Batzordea Palmera-Monteron, baina hurbiltzerik ez duenak euskaltegiko ateak zabalik aurkituko ditu, «Korrika denon artean egin eta ospatzeko» prestaketa lanetan auzolana ere garrantzitsua izango baita. «Polikikako lasterketa bat da, nahiz eta gero Korrika bizi-bizi pasatzen den. Beraz, indarrak hartu eta denon artean egin dezagun Korrika mundiala».