KIROLETIK

Gaur apurtuko du Real Unionek Errealarekin indarrean duen akordioa

Antxeta Irratia 2023ko aza. 20a, 11:05

Antxeta Irratiaren Kiroletik lantaldeak jakin ahal izan duenez, aurki publiko egingo duten Aston Villarekin hitzarmena negoziatzen ari diren bitartean, gaur apurtuko du Real Unionek Errealarekin orain arteko harremana. 

Irungo Real Unionek bere etorkizuneko proiektua indartu eta harrobi egitura sendotzeaz gain, lehen taldea profesionalizatzeko markatu duen helburuari begira, Ingalaterrako Aston Villaren magalera urratsa emango du. Duela bi aste iragarri genuen bezala, Birminghameko klubarekin harremanak estutu dituzte, Unai Emery hondarribitarra (Real Union klubaren akziodun nagusia) Aston Vilarren entrenatzailea den garaiotan. Eta oraindik ere izenpetu ez duten 4 urterako izango den lankidetza hitzarmena negoziatzen ari dira. Klubaren egitura guztiak hunkituko ditu, eta talde irundarraren altxortegiarentzat ere aurrerapauso garrantzitsu bat suposatuko duela iragarri dezakegu. Datuak oraindik ere ofizialdu ez badira ere. 

Bide horretan, orain arte Donostiako Errealaren klub konbenitua izan denez, bi talde gipuzkoarren arteko hitzarmena apurtzea deliberatu du Real Unionek unilateralki. Gaur ofizialduko du klub txuribeltzak Donostiako Errealarekin (urtean 250.000 euroen truke) orain artean zuen lankidetza hitzarmena bertan behera uzten duela. Birmingham-eko klubarekin, aldiz, 4 urteko lankidetza akordioa itxiko lukete, eta Irungo klubaren egitura guztiak hunkituko lituzke.  Datozen egunetan jakinaraziko dute gehiago modu ofizialean. 

Irudia: @photos_lasa